Iazko Aste Nagusiko bigarren larunbatean, sute bat piztu zen Epaltzaren Alargunaren kaleko eraikin bateko teilatuan, Zazpikaleetan. Su festen ondoren izan zen, eta, hortaz, auzokideek diote ikuskizun horren ondorioz piztu zela, eta hala iradoki zuten bertaratutako suhiltzaileek hasieran. Zenbait hilabete geroago, ordea, txosten batean ondorioztatu zuten eraikinean bertan sortu zela, sabaiko koadro elektriko batean. Auzibidea zabalik dago oraindik. Bien bitartean, kaltetutako auzokideek suziriak beste leku batetik jaurtitzeko eskatu zioten udalari —Arartekoak haien alde egin zuen—. Udalak aztertu izan ditu beste kokapen batzuk, hala nola Artxanda eta Miraflores, baina, azkenean, erabaki dute leku beretik jaurtiko direla aurten ere: Etxebarria parketik, hain justu.
Dena den, udalak segurtasun neurri berri batzuk hartu ditu. Lehergailuen karkasek 125 milimetroko kalibrea eduki ahalko dute gehienez —aurreko urteetan, erabili izan dira 150 milimetrokoak, baita 175ekoak ere, tarteka—. Jaurtiketa eremua urrunago kokatuko dute, belar artifizialeko Mallona futbol zelaian, eta eremua hesitu egingo da. Halaber, aireko kontrol zerbitzu bat egongo da: droneak erabiliko dituzte puntu beroak eta balizko suteak detektatzeko, suak jaurti bitartean eta horiek bukatu ondoren, gutxienez 30 minutu igaro arte; bideoan grabatuko dira behaketok. Eta suhiltzaileen kamioia lekuz aldatuko da, Itxaropena eta Epaltzaren Alargunaren kaleen ingurura.
Neurriok ez dituzte auzokideak gogobete. Hedabideetara bidalitako ohar baten bidez, adierazi dute protestan jarraituko dutela harik eta Zazpikaleen gaineko «urteroko bonbardaketa» gelditu arte, ondare arkitektonikoa «arriskuan» jartzen baitu —Zazpikaleetako eraikinek berrehun urte inguru dituzte, nabarmendu dutenez—. Gaineratu dutenez, legea urratzen dute: Euskal Kultura-Ondareari buruzko Legearen eta EAEko Ikuskizunen 2013ko dekretuaren artikulu bana, hain zuzen.
Gaur izango da aurreneko su festa, Oviedoko (Espainia) Pirotecnia Devitaren eskutik, 22:30etik aurrera. Hurrengo egunetan, Portugalgo, Valentziako, Espainiako, Frantziako eta Erresuma Batuko su etxeek parte hartuko dute lehian, eta, bigarren larunbatean, Arabako Valeceak eskainiko du azken ikuskizuna, lehiaketatik kanpo.
Bilboko Aste Nagusia
Su festa, betiko tokitik
Suak Etxebarria parketik jaurtiko dira, baina segurtasun neurri berriekin. Zazpikaleetako ondarea «arriskuan» jartzen dutela diote auzokideek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu