Baionako bestak

Baionako besten iturria berriz ireki da

Baionako bestek erresalbuak egiteko ere balio dute: ELB sindikatua eta Baionako zein Miarritzeko hiru ikastolendako latzak izan dira Baionako bestarik gabeko hondar bi urteak.

Laborarien Xokoan 300 laguntzailek baino gehiagok tokiko kalitate handiko mozkinak zerbitzatzen dituzte, ELB laborarien sindikatuaren alde. Baionako bestak sindikatuaren diru iturri nagusi dira. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Baiona
2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna sindikatuarendako, Miarritzeko eta Baionako hiru ikastolendako, Baionako bestek aitzinkontuaren %70 eta %80 artean ekarri ohi diete. Pandemiak bi urteko etena eragin duenez, euskalgintzako elkarte horiek ahal bezala aritu dira zulo ekonomiko handirik ez sortzeko. Bide berriak ikertu dituzte batzuek, gastuak errotik murriztu ere bertzeek. Aurtengo bestetarat, beraz, egarriturik heldu dira, eta diru iturritik gogotik edanen dute.

Peio Lambert da Baionako bi ikastolak juntatzen dituen BIL elkarteko lehendakaria da. BIL elkarteak Jacques janari eta edari guzien ardura hartzen du Portes plazako Karrikaldian, eta gero Baionako bi ikastolei isurtzen: «Bada zulo handia, lan asko egin dugu bi urteotan; alta, ez da Baionako bestetan sartu ohi den diru kopuru bera sartu. Baionako bestak ekintza handia dira, ezin dugu horiek gabe iraun. Bi ikastolen artean berrehun bat familia gara; beraz, badira gastu asko, eta zaila da. Bada, gainera, haur gehiago urtez urte».

Irakurketa gazi-gozoa da, beraz: batetik, haur gero eta haboro baitago Baionako Poloko ikastolan eta Oihana ikastolan; baina, bestetik, osagarri krisiaren kolpeak durduzatu dizkie kontuak. Hamaika alternatiba pentsatu badituzte ere, Baionako bestek ez dute parekorik, usaian aitzinkontuaren %80 kausitzen baitute bertan; alta, bi urte hauetan, ezin izan dute %30-40 baizik kausitu.

Irudimena martxan jarri, eta hauexek izan dira urte pareotan burutu dituzten ekintza sosa ekarleak: Aviron Bayonnais-en Baionako errugbi partida guzietan taloak saldu —orotara 24 aldiz—; Herrixka euskarazko aktibitateen foroa, zeina berriz antolatuko baitute heldu den irailaren 17an; Atalante zinema aretoan eta zezen plazan iaz izan zen kontzertu batean talo salmenta; bai eta arno, txokolate, fruitu salmentak, eta etxeetara banatu dituzten apairuak ere.

Lambertek aitortu du sekulako lana egin dutela eta usu jende bera aritu dela: «Lan handia da, eta gure ikastolan guraso berri anitz deskubritzen ari da ikastolaren funtzionamendua. Guraso zahar batzuek erran digute ongi zela hola egitea, baina, halaber, atzeman behar genuela molde bat dirua sartzeko ukaldi batez. Bi urte hauetan barreiatu baikara sobera. Egia da zaila dela urte osoan hainbeste aldiz gurasoak mobilizatzea usu berak baitira gainera: hobe da Baionako bestetako ekintza nagusian guraso guziak mobilizatzea, baina behin bakarrik».

Diru sartzeak bilatzeaz gain, aitzinetik baztertua zuten dirutik tira egin du BIL elkarteak, bi ikastolen laguntzeko. «Zuloa» sortzearekin aski ez eta, behar batzuei uko egin behar izan die: materialaren berriztea: «Dirua berriz sarrarazi behar dugu zuloa tapatu eta bi ikastolei emateko, bai ere materiala berritzeko: gure plantxak biziki zaharrak baitira, guraso baten kamioia ere bai...».

Lur agorra ureztatu beharra

Baionako bestetan euskal laborantza iraunkor eta herrikoi baten alde jan eta edan nahi duenak, badaki norat jo: Xaho kaian dagoen Laborarien Xokorat. Bertan edirenen ditu filosofiaren aldeko hirurehun pasa laborari, ekoizle eta laguntzaile. Oro ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna sindikatuak antolaturik.

Beñat Etxeto ELBko bulegoko kidea da. Sindikatuak gastuak ahal bezainbat apaldu baditu ere, bazterturiko sosetik edan du bi urte hauetan funtzionamendu gastuak estaltzeko, hala nola lau langileren soldatak: «Beharrik aitzineko urteetan diru sartze aski onak izan baikenituen eta bereizi baikenuen sekula zerbait pasatzen bazen. Baina aurten behar beharrezkoa zen Baionako bestak izatea, gure funtzionamenduaren %70a hortik heldu baita. Beharrik aurtengo bestetarako Baionako Herriko Etxeak berritu digula akomodazioa, bestenaz bi urte hauek ez baikenituen pasatzen ahalko».

Izan ere, Baionako bestetakoez gain, sindikatuko kideen kotizazioak dituzte diru sartze bakar, ez baitute neholako diru laguntzarik eskuratzen.

Alta, haien gastuei aitzin egin ez ezik, kausitzen zuten bertze elkarte batzuk ere laguntzea. Bistan denez, pandemiak elkartasun jestu hori ere deuseztatu die. Etxetok xehatu du: «Aitzineko urteetan biltzen genuen diru soberakinak beste elkarte batzuk laguntzeko baliatzen genuen; hori ezin izan dugu egin. Gainera, auzi fresa batzuk izan dira ahateei buruz, eta horregatik galdegin dugu laguntza nahi zuenari. Hola moldatu gara. Espero dugu pandemia aitzineko jende eta diru kopuru berera helduko garela».

Sindikatuaren ekonomia osagarri onean mantentzea baino harago doa Laborarien Xokoaren xedea, baitu helburu pedagogikoa ere: hiriaren eta baserrien arteko lotura egitea, eta, besta giroan ere «beste zerbait» proposatzea, «ez zernahi»; baizik eta tokikoak eta sustut kalitatezkoak: «ELBko kideek ekoiztutako mozkinak dira, eta entseatzen gara denbora hartzea horren azaltzeko; nondik datozen eta nola eginak diren. Beti ari gara lanean horretan, batzuetan iruditzen zaigu bi mundutan bizi garela; alta, ez gara biziki urrun bata bestearengandik, ez dugu haustura hori utzi behar sobera handitzen. Urte guziko lana da hori, Baionako bestetakoa erakusleihoa baizik ez da».

Horiek hola, besten denboran egunez zabalik den guneak ematen du ere parada elkar gurutzatzeko. Bestetako lan txandak eskualdeka banatu dituzte: asteazkenean zuberotarrak aritu ziren lanean, ortzegunean Iholdi-Oztibarre eskualdekoak, atzo Garazi-Baigorrikoak, egun Amikuzekoak, eta bihar, kostakoak.

Itsasargiak gidaturik

Baionako ikastolak bezala, Miarritzeko Itsasargi ikastola ere ez da geldirik egon. Are, irudi du ediren duela Baionako bestek segurtatzen zioten ordezko diru iturria, hots, aitzinkontuaren %70: joan den asteko Miarritzeko Beaurivage auzoko bestetan parte hartu baitu Ohako haurtzaindegiarekin batera, taloak salduz. Gainera, Biarritz Olympique errugbi taldearen partidu batean ere gauza bera egin dute, eta etxeetara eraman dituzte apairuak bizpahiru aldiz. Horri guziari gehituz gastuak azkar apaldu behar izan dituztela: material pedagogikoa erosi gabe eta Uda Leku elkartetik jinarazten zuten hiru animatzaileetarik bi bakarrik atxikiz. Gehitu behar zaio haur kopurua den mendren bat apalduko zaiola heldu den ikasturterako; horiek hola, beraz, gastuak ere ttipituko dira.

Franck Cerramon Itsasargi ikastolako lehendakaria da, egoera ez du beltzez deskribatu: «Zailena pasatu dugu, aterabideak atzeman baititugu. Normalki aurten dena normalizatuko da eta dirua sartuko. Ongi gara, xantza ukan dugu aterabidea atzeman baititugu. Beaurivageko besten sartzea kontatu eta ikusiko dugu: berdin, Baionako bestak gutiago beharko ditugu». Zergen bidez ere badute diru sartzerik, oraino kalkulatzekoa.

Usaian, Baionako bestetan txipiroi broxetak saltzen zituzten, ezagunak ziren horretako, San Andres plazatik zinez hurbil, trinketaren sarreran berean. Alta, aurten eraikina obretan denez, ezin izan dute betikoa eskaini, baizik eta axoa eta ogitarteko hotza. «Aurten hola da, heldu den urteko ageriko, lokalak berri berriak izanen baitira ez dakit haizu izanen dugun txipiroien berotzea», erran du Cerramonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.