Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Katalunian katalanez

2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Unionismoaren aurpegi gozoa. Ser Kateak Katalunian katalanez goiz magazina emitituko du urriaren 15etik aurrera, Josep Cuni esatariak zuzenduta. Goiz partean, hortaz, Katalunian ser-zaleek eskaintza bikoitza izango dute: Madriletik aritzen diren Pepa Bueno eta Toni Garridoren Hoy por hoy saioa, ala Aquí, amb Josep Cuní. Audientzien merkatuan zabaltzeko gogoa azaldu dute irratitik. Interes enpresarial hutsaren ikuspegitik jokaldiak badauka funtsa, jakinda katalanez emititzen diren Rac1 eta Catalunya Radio direla gehien adituak han. Baina ezin ekidin bigarren arrazoia, nagusia agian: estatu osoan, Ser Kateak bere sorterri den Katalunian dauka predikamendurik txikiena. Goiz-ahotsa den Pepa Bueno esataria unionistegia egiten zaie katalan askori. Eskarmentu eta errespetu handiko Josep Cunirengana jo dute, azken urteetan urrundu zaizkien Kataluniako sektore katalanista moderatuak erakartzeko.

Etorkizunean. Ez harritu honezkero Ser-eko buruzagiak gauetarako katalanezko bigarren irratsaioa jarri nahian ibiltzea, Hora 25-ren alternatiba gisa. Ulertzekoa baita Kataluniako entzule mordo batentzat irentsi ezina izatea katalana den esatari bat —Angeles Barcelo— Espainia osorako emititzen den irratsaio bateko zuzendari izatea, eta hango aniztasuna islatzen saiatu beharrean, kontrakoa egitea, hots, bere tertuliak Kataluniako gizartearen erdia —unionista— baizik ez ordezkatzea eta bera ere tertuliakide unionista bilakatzea.

Bat, basamortuan. Uhin eta sare sozialetan zabaltzen diren zenbait mezuren inguruan zigorrak beti alde batera bideratzen dituen Espainiako justiziarekin gaude ohituta, eta horrexegatik, harrigarria egin zaigu albistea: Merkatuen eta Lehiaren Nazio Batzordea erakundeak Jimenez Losantos esRadio-ko esatariari 17.000 euroko isuna ezarri dio. 2018ko apirilean, gorrotoa sustatu dezaketen alemaniarren aurkako mezu xenofoboak airatu omen zituen, hango justiziak Puigdemont aske utzi zuenean. Losantosek, Alemaniak erabakitakoa barkaezina zela-eta, zenbait «gaiztakeria» iradoki zituen mendekua hartzeko: Balear Uharteetan dauden alemaniarrak bahitu, Bavieran garagardotegiak lehertu... Isuna ezarri baino gehiago, saria emango nioke nik, umore patetiko dibertigarria egiteagatik, edota espainiar ugariren barru-erraietako gogoak publikoki adieraztera ausartzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.