Jagoba Salvador.
AIRETIK

Disko apurtua

2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Betidanik gustatu izan zazkit musikariei egindako elkarrizketak. Sortzaileen testuingurua, ikuspuntua, prozesua, eraginak, helburuak, iritziak, azken finean, gorabeherak, haien ahotik ezagutzeak haien lanak hobeto ulertzen laguntzen dit. Entzunaldia aberastu eta biribildu dezake, nolabait. Garai batean, aldizkarietan bakarrik aurkitu zitezkeen horrelakoak. Gogoan dut goitik behera irakurtzen nituela, azken hitzeraino, ezagutzen ez nituen taldeei buruzko edukiak barne. Egia esan, gehienetan galdera-erantzun errepikakor eta topikoz josita egoten ziren solasaldi haiek, sakontasun falta eta promozio kutsua non-nahi, baina apenas zegoen artistaren eta entzulearen arteko bestelako zubirik, eta beti topatzen nuen interesa pizten zidan zer edo zer han eta hemen.

Hura sekulakoa iruditzen bazitzaidan, pentsa zenbat gozatzen dudan gaur egun eskura dugun elkarrizketa eta edukien kopuruaz, aniztasunaz eta kalitateaz. Ez nuen inoiz imajinatu ere egingo, adibidez, Broken Record irratsaioa existitzea ere. Rick Rubin ekoizle eta figura erraldoia garai eta klase guztietako musikariekin solasean. Ezagutzen ez duenak bilatu ditzala gizon horrek landutako diskoak; ur handiak, dudarik gabe.

Tamalez edo zorionez, kazetariaren figurak gero eta indar gutxiago dauka egun, eta gero eta gehiago dira sortzaileek beraiek gidatutako podcastak. Bereziak eta ezberdinak izaten dira hizketaldi horiek, aparteko aura bat dute. Zerk egiten du elkarrizketa bat interesgarri? Giroak, konfiantzak, konplizitateak, enpatiak... Eta kazetari batek nekez lor dezake musikarien artean gertatzen den lotura eta ulermen hori. Ez, behintzat, modu berdinean.

Esaterako, joan den irailean, Charlie Watts The Rolling Stones taldeko bateria jotzailea hil zen egunean, Rubin Ringo Starrekin aritu zen solasean. Hori eta beste hainbat altxor daude entzungai: Black Flageko Henry Rollinsen gogoetak; System of a Down taldeko Serj Tankian, aktibismoaz; Weezerreko Rivers Cuomo,znorabide berriez; Pharrell Williamsen bitxikeriak; Wilco taldeko Jeff Tweedy konposizio prozesuaz; Brian Eno mitoaren ikuspuntuak... eta beste hamaika.

Poztekoa da benetan izarrak gero eta gertuago sentitzea. Horrelako irratsaio gehiago egin daitezela, mesedez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.