Jagoba Salvador.
AIRETIK

Burbuila

2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Burbuila mota askori buruz hitz egiten da; burtsarena, eraikuntzarena, espekulazioarena, futbolarena, musika jaialdiena, kriptomonetena... eta podcastena. Begi bistakoa da arlo horretan egunez egun gero eta saio eta eduki berri gehiago agertzen ari direla. Puzten eta puzten ari den fenomenoa da, eta, hasiera batean, poztekoa da eskaintza zabala eta anitza edukitzea.

Egia esan, ez nuen halako hazkunde itzelik espero. Bururatu dakigukeen gai arraroenak ere izango du ziur asko hari zuzendutako saioren bat. Gaur egun edonork egin dezake podcast bat, edozeri buruzkoa, eta zentzu onenean diot, hori baita formatuaren xarma eta zabalkuntzaren gakoetako bat. Baliabide gutxirekin kalitatezko produktu erakargarri bat gure kabuz egiteko aukera ematen digula.

Hala ere, neurrigabeko gorakada horrek galderak ere sortzen dizkit. Ez al gara saturaziora iristen ari? Benetakoa al da loraldia? Edo ilusio bat besterik ez? Entzuleen gorakada ukaezina da, neurri handi batean pandemiak eragindakoa, baina zenbaterainokoa da entzuleria, eskaintzarekin alderatuta? Momentuko joera edo moda bat al da, edo gure gizartean egonkortuko da?

Oraindik ikusteko dago podcastek komunikazioaren munduan hartuko duten lekua eta pisua. Dena den, enpresa multinazional erraldoietan piztu duen arretak erakusten du ez garela txikikeria batez ari. Netflix, Amazon Prime, Spotify, Apple edo HBO bezalako plataformek formatu horren aldeko apustu argia egin dute. Horien helburua sektorea xurgatu eta harpidetza sistema egonkortzea da. Filmekin eta telesailekin lortu baldin badute, zergatik ez podcastekin? Ez nago edukiengatik ordaintzearen aurka, ezta gutxiagorik ere, baina horrek beste motatako edukietan sortzen den bidegurutzera garamatza. Edo hor zaude, edo ez zara existitzen.

Askok pentsa dezakete bide horrek profesionalismoaren alde egiten duela, eduki onenen aldeko nolabaiteko hautaketa natural bat ezartzen duela. Baina jakina da plataforma horien harpidetzatik sortzailearengana iristen den etekina ez dela orekatua. Zoritxarrez, erosotasunak eta inertziak gurpilaren parte izatera eramaten gaitu, sortzaileok barne.

Burbuila izan ala ez, eztanda egin ala ez, gure ikus-entzunezko edukien kontsumo eredua ezbaian jartzeko momentua iritsi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.