Geroa Baik eta EAJk Aierdiren ibilbidea goraipatu dute

joxerra senar
2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Manu Aierdik parte hartu izan duen bi erakunde politikoek, EAJk eta Geroa Bai koalizioak, haren zintzotasuna azpimarratu dute, eta haren ibilbidea goraipatu. Geroa Bairen irudiko, «Nafarroak Garapen Ekonomikoko kontseilari handi bat galdu du». Unai Hualde EAJren Napar Buru Batzarreko presidentearen irudiko, «Aierdik, bere ibilbide politiko osoan egin izan duen moduan, etika, zintzotasuna eta gardentasuna lehenetsi ditu beste gauza guztien gainetik».

Hualderen, ustez, UPNk «jazarpen erdeinagarria» zuzendu du Aierdiren aurka. Hualderen arabera, kereila alderdi baten «salaketa politikoa» da. Iragan legealdian, Nafarroako Parlamentuan egin zen ikerketa batzordean ez zen egiaztatu irregulartasunik egon zela, eta Kontuen Ganberak ondorio hori berretsi zuen. «Auzitegien bidez lortu nahi dute ikerketa batzordearen bidez lortu ez zena».

«Konfiantza osoa»

Hualde erabat ziur azaldu da ikerketa batzordearen ondorio berera helduko direla epaitegiak. «Konfiantza osoa daukagu denborak arrazoia emango digula eta bakoitza dagokion tokian jarriko duela». Hualderen arabera, ez litzateke lehen aldia izango helburu politikoekin egindako auzi bat «ezerezean» amaitzen dela. «Manu Aierdiren jokaera akasgabea izan da. Ez dakigu besteek gauza bera esan ahal izango duten, baina erabaki ohoragarria izan da, herri kargudun baita».

Hualdek eskerrak eman dizkio eta, halaber, «konfiantza osoa» adierazi dio bere ordezkoari, Mikel Irujori. Gauza bera egin du Geroa Baik. Ziur azaldu da Aierdik hasitako bidetik jarraituko duela. Izan ere, koalizioak kontseilari ohiaren ibilbidea azpimarratu du. «Oso une zailean hartu zuen departamenduaren lidergoa, eta lurraldearentzat hobekuntza funtsezkoak lortu ditu». Geroa Baik gogora ekarri zuen UPNren garaietan «inprobisazioa eta inertzia» nagusitu zirela jardun ekonomikoan.

LABen ustez, auziak agerian uzten du Sodena «hertsiki» kontrolatu behar dela, langileentzat «tresna eraginkor eta gardena» izan dadin. Sindikatuaren arabera, Sodenak lagundutako enpresetan langileei eskubideak murrizten zaizkie, eta enpresaburuei betebeharrik ez zaie eskatzen. «Sodenako maileguak lortzeko, langileek galdu egiten dute, eta enpresaburuek irabazi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.