Autogintza. Javier Bagues. Gipuzkoako Automozio Elkarteko presidentea

«Laguntzek ez dute erakarri bezerorik»

Auto saltzaileen elkarteek azpimarratu dutenez, bezeroen ohiturak eta beharrak asko aldatzen ari dira: alokairuko autoak, auto partekatuak... Baguesek dio sektorea «aldaketa handi baten atarian» dagoela.

BERRIA.
jokin sagarzazu
2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Aurreko bi urte txarren ostean, kezkaz begiratzen dio urte berriari Javier Baguesek, Gipuzkoako Automozio Enpresen Elkarteko presidenteak. Azpimarratu du aldaketa handien atarian dagoela autogintzaren sektorea, eta, beraz, baita saltzaileena ere.

Emaitza hauekin zer aurreikuspen egiten duzue sektorean?

Oso latza da gure egoera. 2020an, COVID-19a etorri zenean bagenekien urte txarra izango genuela, baina nahiko ondo salbatu genuen, aldi baterako enplegu erregulazioekin. Gurean, langileena da gastu nagusia, baina 2021ean ezin izan dugu egin erregulaziorik. 2022a ere oso txarra izatea espero dugu. Hiru urte txar asko dira sektore batentzat. Laguntzak beti izaten dira erosleentzat eta ekoizleentzat; bada garaia banatzaileak ere babesteko.

Lehen aldiz, motor alternatibokoak gehiago saldu dira dieselekoak baino. Zergatik?

Hori ez da gertatu bezeroek auto horiek nahiago dituztelako, baizik eta fabrikatzaileak nagusiki halako autoak egitera behartuta daudelako: auto horien produkzioa handitu behar dute; bestela, isunak jartzen dizkiete.

Auto berriak erosteko gobernuek eginiko planek zer eragin izan dute salmentetan?

Orokorrean, ez dituzte erakarri bezero berriak, eta autoen parkea berritzeko helburua ere ez da bete. Hainbat arrazoi daude: gasolinako auto gutxiago egin dira, lehen aipatutakoagatik eta, bereziki, produkzioan egon diren arazoengatik: lehengaien garestitzeagatik eta hornidura arazoengatik. Horrek guztiak eragin du bezeroak auto berria jasotzeko 5-6 hilabete itxaron behar izatea, eta horrek atzera bota ditu erosle asko, edo bigarren eskukoetara jo dute; alegia, auto zaharretara.

Eta hibridoen eta elektrikoen erosketan ez dute lagundu?

Diru laguntza horiek ez dute bultzatzen jendea halako autoak erostera. Halako auto bat nahi duenak egoera hori aprobetxatzen du. Agian hibridoetan izan dezakete eragina, baina ez gaitezen engaina: gehien saltzen denak (Toyota) %95 konbustioko bultzada dauka. Elektrikoak, berriz, oso-oso gutxi saltzen dira.

Zergatik?

Arrazoi asko daude. Kargatzeko azpiegiturak ez daude prest, ez kalekoak, ez etxeetakoak; Euskal Herrian auto gehienek kalean lo egiten dute, gainera. Gaur egungo auto elektrikoak hirietan ibiltzeko eginda daude, eta hemengo herritarrek, oro har, beste behar batzuk dituzte.

Baina fabrikatzaileak eta instituzioak horrekin dabiltza gora eta behera.

Elektrikoa iritsiko da? Bai. Iraungo du? Bai. Baina, gure ustez, ez da izango teknologia nagusia. Beste teknologia bat agertuko da segur aski, eta elektrikoarekin batera jarraituko du.

Eta zer gertatzen ari da dieselarekin?

Bazegoen joera bat diesela erosteko horren beharrik ez zutenen artean, eta trantsizio natural bat egon da dieseletik gasolinara. Benetan behar duten autoa erosten dute orain bezeroek.

Prezioak igo izanak eragin al du salmentetan?

Prezioak zertxobait garestitu dira, bai, baina produkzio kostuak handitu egin direlako. 2022an ere nabarituko da beste igoera txiki bat. Matrikulazio zerga berriak indarrean sartuko dira, eta markek hiru urteko bermea eskaini beharko dute derrigor; horrek guztiak ere garestituko du produktua. Horrekin batera, eta auto berrien eskaintza txikiagoa denez, jendeak bigarren eskukoetara joko du, gutxiago egongo dira, eta, beraz, horiek ere garestitu egingo dira.

Autoaren erabilerari eta jabetzari buruzko eztabaida zabaltzen ari da. Zer hausnarketa egiten duzue saltzaileok?

Sektorea goitik behera aldatzen ari da, teknologia aldetik eta distribuzio aldetik. Denak ari gara egokitzen, saioak egiten. Fabrikatzaile askok esan dute agentzien moduko harremana izango dutela bezeroekin. Ez dakigu oraindik guk zer toki izango dugun hor. Auto partekatuak eta halako formulak ere sartzen ari dira, baina hiri handietan bereziki; beste leku batzuetan gehiago kostatuko zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.