Koronabirusa

Hego Euskal Herriko biztanleen %70ek hartua dute txertoren bat

Txertoak ematen hasi dira berriro Bilboko Casillan eta Barakaldoko BECen, asteburuko etenaren ondotik. Beste 773 COVID-19 kasu atzeman dira

Txertaketa gunea Barakaldoko (Bizkaia) BECen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko abuztuaren 10a
00:00
Entzun

Beste langa bat gainditu du Hegoaldeko txertaketa kanpainak. Espainiako Osasun Ministerioak ematen du Hegoaldeko probintzietako prozesuen abiadaren xehetasunen berri, eta, haren arabera, Hego Euskal Herriko 2.024.735 pertsonak hartua dute txertoaren lehenbiziko dosia. Biztanleen %70 da hori. Halaber, herritarren %63k osatua dute txertaketa pauta; 1.832.723k, alegia.

 

Ari dira mugarriak erdiesten. Halere, birusari zizta bidez kontra egiteko bidea ez da laua izaten ari; izan da estropezurik, iragan asteburuan kasurako. Osakidetzak COVID-19aren kontrako txertoaren dosi askirik izan ez, eta Bilboko Casillan eta Barakaldoko BECen (Bizkaia) kokaturiko txertaketa guneak itxiak izan ziren asteburuko hainbat orduz. Atzo goizean jarri zen martxan berriz.

Dena dela, ohi baino abiada motelagoan berrekin zioten txertatzeari. Joan diren asteotako datuekin konparatuta, atzo aski pertsona gutxiagok izan zuten txertatzeko ordua. Esaterako, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zehaztu duenez, Bilboko Casillan Janssenen txertoak baizik ez ziren eman. Zehazki, soilik 275 pertsona zeuden astelehenean txertoa hartzera deituta. Orain arte, eguneko 3.000 txerto inguru ematen ziren txertaketa gune horretan.

Txertaketa erritmoa guztiz lotua dago erabilgarri den dosi kopuruarekin, eta, hain justu, atzo txertoaren dosi sorta gehiago ailegatu ziren Forondako aireportura (Araba). Pfizerren eta Modernaren 180.000 bat dosi jaso zituzten; ohi baino 60.000 gehiago.

Hilabeteko kopuru apalena

Ziztak ematen segitu bitartean, birusaren transmisioari buruzko datuak kezkarako zio dira oraindik ere Hegoaldean. Azken datuei so, ordea, bada aipagarririk: igandean 773 positibo zenbatu ziren Hegoaldean. Ohi denez, astegunetan baino test gutxiago egin ziren, eta horrek zuzenean baldintzatzen du atzemandako kasu kopurua. Hori hala izanik ere, uztailaren 9tik izandako kopururik apalena izan zen. Are, ordutik, kopurua lehen aldiz izan da milatik beherakoa. 6.756 proba egin ziren, eta, beraz, %11,4 izan zen positiboen ehunekoa.

Lurraldeka, Bizkaian 313 kasu atzeman ziren; Nafarroan, 191; Gipuzkoan, 172; eta Araban, 78.

Erietxeei so, Osakidetzak eta Osasunbideak gaitza zuten 34 gaixo ospitaleratu zituzten herenegun. Horiek kontuan izanik, guztira 459 lagun daude Hegoaldeko zentroetan. Horietako 86 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dira.

Halaber, Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi du Zizurkilgo zaharren egoitzako erabiltzaile bat hil dela birusak jota.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.