Mugaldeko harremanak: errealitate eta erronka

Mugaz gaindiko harremanez jardun dute EHUren udako ikastaroetan, Baionan. Egon badirela baina indartu behar direla ondorioztatu zuten hitza hartzera gonbidatutako adituek.

Aranguren, Leizaola eta Larrandaburu, atzo. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Mugaz gaindiko harremanez jardun zuten atzo Baionako Arteen Hirian, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetan, Baiona-Donostia eurohiriak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Hirigune Elkargoak antolatutako jardunaldietan. Arratsaldean, mahai ingurua egin zuten Iban Larrandaburu zuzenbidean doktoregaiak, Aitzpea Leizaola Egaña antropologo eta EHUko irakasleak, eta Gaizka Aranguren Labrit Patrimonioko zuzendariak. 1990eko hamarkadatik aitzina Europako Batasunaren barneko mugak ireki zituztenetik Euskal Herrian mugaz bi aldeetako harremanak nolakoak izan diren aztertu zuten.

Euskal Herrikoa «muga fosila» dela erran zuen Leizaolak, definitu zenetik ez baita aldatu, eta zehaztu zuen historian zehar pisu handia izan duela: «Izan dira tradizio oso markatuak: mugaz bi aldeetako familiak, negozioa bi aldeetara egiten zutena, modu legalean edo ilegalean... harreman instituzionalen aurretik, beharrak hala bultzatuta, aterabideak aurkitu zituzten bi aldeetako herritarrek». Herrien artean hainbat zerbitzu kudeatzeko egindako hitzarmenak ere aipatu zituen.

Ildo beretik, herrien arteko senidetzeak ere aipatu zituen Larrandaburuk, eta ondorio bera eman: «Praktika agertu da zuzenbidea aitzin; mugaz gaindiko zuzenbideak beranta du beti». Hala ere, zehaztu zuen muga irekitzea ez dela muga ezabatzea. «Estatuek dute Europa osatzen, ez da Europa federal bat», azaldu zuen. «Mugak irekitzearen helburua ekonomikoa zen, oztopoak kentzea, merkatu bakarra ezartzeko. Shengen espazioak kontrolak kendu zituen zirkulazioa errazteko; zirkulazio librea bermatzeko merkantzientzat, pertsonentzat, zerbitzuentzat eta kapitalarentzat». Baina «urgentzia» baten aurrean ez dute erreparorik erakutsi berriz ixteko.

Erabaki politikoak

Desberdintasunak erakusten dituen heinean, historikoki mugak harremanak ahalbidetu izan dituela esplikatu zuen Arangurenek. Lege, zerga, zerbitzu eta prezio ezberdintasuna aipatu zituen. «Ekonomia ahalbidetzen zuen, kontrabandoa, bai eta iheslarien mugimendua ere». Gaur egun, «partekatzen ditugun erreferentzia komunen» bila goazela erran zuen, eta horretarako askotan kultura, politika eta identitate arloetara jotzen dugula. «Berdintasun horiek oso gutxi dira, gero eta gutxiago. Gertatzen zaiguna da administrazio konkretu batzuek egonkortutako eremu komunikatiboen araberako erreferentziak jasotzen ditugula». Pantailen garrantzia azpimarratu zuen, horietara elementu komunak eramateko beharra azpimarratuta. EITB litzateke horretarako tresnarik aproposena, haren ustez. «Osotasuna barneratua dutenak jarri behar dira gidaritza lanean». Horretarako «erabaki politikoak» behar direla erran zuen.

Oraindik «muga kultura bat» dagoela erran zuen Leizaolak, eta mugaz gaindiko ondarearen kudeaketa aipatu zuen Larrandaburuk. Baina Arangurenen hitzetan, pertsonen arteko harremanek sortzen dute etorkizunerako oinarri sendoa. Hainbat iniziatiba posible aipatu zituen, hala nolaeremu batean arrakasta duten enpresei erraztasunak ematea mugaren bi aldeetara lan egiteko erraztasunak ematea. Beste ideia bat ere eman zuen, 10 eta 13 urteko nerabe euskaldunak ikasketa urte bat pasatzea mugaren beste aldean. Mahai inguruaren ondotik, mugaz gaindiko esperientziak partekatu zituzten parte hartzaileek, tailer batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.