Sistema kontrolatu nahiak areagotu egin du AEBren eta Txinaren arteko lehia

Washingtonek eragotzi egin nahi dio Huaweiri agintea hartzea 5G-aren hedatzean. Hegemonia teknologikoa eta ekonomikoa daude jokoan

Huaweiren logoa Hong Kongeko nazioarteko azoka teknologiko batean, maiatzean. JEROME FAVRE / EFE.
aitor biain
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren arteko merkataritza gerrak hainbat arrazoi eta interes ditu. Telefonia belaunaldi berriaren kontrola ez da lehia horren sorburua; adar bat besterik ez da, baina uste baino zeresan handiago du. Izan ere, telekomunikazioa beste presio bide bat bilakatu da mendebaldearen eta ekialdearen artean. Norgehiagoka horren atzean baitaude interes ekonomikoak nahiz teknologikoak, eta estatuen zibersegurtasuna, besteak beste.

5G-aren kontrola geopolitika kontu bat bilakatu da, telefonia berriek ekarriko dituzten aukera berriek eta etorkizunean sarearekin izango den dependentziak baldintzatuta, batez ere. Washingtonek kosta ahala kosta saihestu nahi du telekomunikazioen Txinako erraldoiek mundu osoko sareen agintea hartzea. Oraintxe bertan Huawei baita 5G sare berriaren instalazioen gidaritza duena, eta hortik dator Trumpen administrazioaren betoa, beste hainbat arrazoien artean.

Izan ere, AEBek uste dute Huaweik mundu mailako sareen osaketan parte hartzeak ateak zabaltzen dizkiela Txinako Gobernuari sareez jabetzeko eta, ondorioz, espioitzarako erabiltzeko. Washingtonek ez du froga bakar bat ere aurkeztu, halere, akusazioa sinesgarri egiteko. Aldiz, Edward Snowdenek argitaratutako dokumentuek frogatu zuten AEBekHuawei zelatatu zutela Bush eta Obamaren agintaldietan.

Gerra hotzaren ondorioak

Edonola ere, 5G sarearen kontrola bi ekonomia nagusien arteko gerra hotz bilakatu da. «Telekomunikazio sistemak kontrolatzen dituenak dauka boterea gaur egun, eta hori da garrantzitsuena auzi honetan. Sareak kontrolatzea mundua kontrolatzea da, orokorki esanda. Dena dago konektatuta», azpimarratu du Zaloa Campillok.

Huaweiri ezarritako zigorrak bi urtez atzeratu lezake 5G-a Europan hedatzea. Oraingoz Hego Euskal Herriko operadoreak horri nola aurre egin aztertzen ari dira. Zigorra hilabete batzuk atzeratzea erabaki zuen Trumpek; abuztuaren 19an erabakiko da behin betikoa izango den ala ez.

Inork ez du zalantzan jartzen telekomunikazioen Txinako erraldoiak duela lidergoa telefonia belaunaldi berrian. Bada,AEBren betoak min handia eman liezaioke. Paradoxikoa da, halere, Vodafonek Huaweiren teknologia baliatu duela sarea hedatzen hasteko. Orangek ere teknologia bera erabiltzen du; Telefonicak, aldiz, Nokia eta Ericsson konpainia europarrekin ditu hitzartuta 5G-aren kontratuak.

«5G-ak komunikazio erraztasun asko ekarriko ditu, eta min handia eman daiteke. Milioiak galdu daitezke oraintxe GPS-ak ez badu funtzionatzen, adibidez. Eta horrek segurtasunean ere badu eragina, ondorioz», azaldu du Campillok. Bada, oraingoz Europako Batasuna ez da Huaweiren aurkako zigorraren alde lerratu, baina iragarri du, etorkizunean izango den sarearekiko dependentziak arduratuta, hornitzaileen zerrenda beltz bat sortuko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.