Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Mara eta marra

2018ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Kazetaria ala langilea. Kazetariak noraino behar du izan aktualitatearen eta hedabideen kontsumitzaileon arteko bitartekari hutsa, eta noraino aktualitateko protagonista... Ogibidean dezentziaren marra gainditzea zer den, Mara Torres kazetariak erakutsi zigun ostegunean, gauerditik aurrerako La2 Noticias telealbistegia azken aldiz aurkeztera zihoala eta. Ordu erdi eskaseko albistegian, azken bost minutuetan, guztioi agur esan, eta lankideei eman zien bidea; horiek, aparteko muntaketa eskaini ziguten, bazihoanari buruzko erreportaje pertsonalista eta goratzailea osatuz. Enfin... Izan zaitezke albisterik alternatiboenaren aurkezlea, komunikatzaile bikaina, ahoskera goxoaren jabea, fotogenikoa... Baina ezeren aurretik, komunikazioaren arloko langilea zara. Sekula ahantzi ezineko printzipioa, tentaldi elitistak uxatzeko. Bestela ere, Torresek ez luke zertan izan autobonboaren beharrik; urrun ikusiko du langabeziaren arriskua, La Sextako ateak irekita edukiko baititu. Ez dirudi itzuliko denik SER katera; Hablar por hablar saio mitikoan gautxorien ahots kontsolatzailea izan zen urtetan, baina aspalditxotik Macarena Berlin bikain ari da betetzen funtzio hori.

Iratzargailu berria. Ostiral goizaldean, esatari berria sentitu genuen Prime Time saioan, Radio Vitoria-Radio Euskadiren udaldiko iratzargailu gisa. Pedro Fernandez de Retanaren kadentzia leunera ohitzen hasi ginelarik, derrepentean, Unai Ugarte azaldu zaigu. Egun on esan bai, baina ez zigun aipatu nor ordezkatzera zetorren, noiz arte, zergatik... Justu-justu bera nor den, eta bihar itzuliko zaigula, lankideak utzitako tartea betetzera datorren kazetari anonimoaren plantak eginez bezala. Foku eta kameren artean izartsu sentitzen den Mara Torres kazetariarengandik urrun. Urte osoan asteburu goizetan Lur Bizi irratsaioarekin nekazaritza eta ingurugiroa jorratu ohi dituen Ugartek jada aurreneko irratsaioari itsatsi zion arrasto pertsonala. Besteak beste, prentsa-kioskoan euskarari ere presentzia eman zion, aurrekoak ez bezala. Honetaz aurrera, udako programazioan euskara normalizatuago sumatuko dugu, bai prentsako titularretan eta bai iritzien laburpenetan ondorengo Boulevard informativo-aren eskutik ere. Kontua da uda amaituta, esatari titularrak itzulita, orduantxe izango dituela komeriak euskarak, iraganean bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.