Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Satira eta kritika, batera

Surrealismotik jo du berriro Jose Luis Cuerdak 'Tiempo después' lanean. Sail Ofizialeko emanaldi berezietan eman dute bere filma, lehiaz kanpo

Jose Luis Cuerda zinemagilea, atzo, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Erredakzioa
Donostia
2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Jose Luis Cuerdak 1989an filmatu zuen Amanece que no es poco, bere lanik esanguratsuenetako bat. Zinemaldira lan haren ondorengotzat jotako filma ekarriko zuela zegoen iragarrita, eta harrera ona egin zion atzo publikoak. Ikusleen erantzuna zein izango zen, baina, ez zegoen Cuerdaren kezken artean. «Jolas dibertigarri bat sortzen da hor, eta badakit horrela dela, nik neuk ikusi dudalako jendeak nola egiten duen barre nire filmak ikustean. Hori zerbaitegatik izango da. Nik ez dut bilatzen, baina hori aurkitzen dut».

Zinemaldiaren Sail Ofizialaren emanaldi berezien artean, lehiaz kanpo eman zuten Cuerdaren filma. 9177. urtean girotu du filma zinemagileak. Basamortuaren erdian dagoen eraikin bat eta aldirietako etxolak bakarrik geratzen dira munduan, eta han hartu dute aterpe bizirik iraun duten gizaki bakanek. Txiroak dira, baina filosofiatik eta poesiatik edaten jarraitzen dute. Argumentu horren bidez, eta ohikoa duen umore surrealista eta garratza baliatuta, egungo errealitate sozial eta politikoari kritika egiten dio zinemagileak. «Nik ahal dudana egiten dut, eta ateratzen dena ateratzen da, eta, gero, ikusten den moduan ikusten da», adierazi zuen atzo, emanaldiaren ostean, filmeko aktore talde zabalak eta ekoizleek lagunduta egin zuen agerraldian.

«Gauzei begiratzen zaien ikuspuntua ez da aldatzen», jarraitu zuen gogoetarekin, eta aldatu beharko litzatekeela gehitu zuen. «Aldatu, eta kontuan eduki beste gizaki kideei begiratzeak ematen dizkigun datuak, ondorioztatzeko ez garela gauzak ondo egiten ari». Eta aurrean zituen kazetariei galdetu zien jarraian: «Eta zuek? Ongi egiten ari zarete?».

Filmak kritikatzen dituen gauzen artean denetarik dagoela iritzi zion Felix Tusell ekoizleak: «Guztiari eta guztiei banatzen die egurra, ez da batere manikeoa: monarkiari, erlijioari, iraultzari, botereari... eta baita artaldeari ere». Arturo Valls filmeko aktore eta ekoizlearen hitzetan, satira da hori guztia errazago digeritzeko baliatzen duen tresna.

Aktoreek bota zizkioten loreen aurrean, «guru» bat dela ukatu egin zuen Cuerdak, etazera esan zuen agur moduan: «Pelikula hau ona da. Barre egiten baduzue, egizue barre, baina jakinda zergatik egiten duzuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.