KRITIKA. Zinema

Agindu eta ez eman

Gontzal Agote.
2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun

'Jojo Rabbit'



Zuzendaria: Taika Waititi. Herrialdea: Txekiar Errepublika-Zeelanda Berria-AEB. Iraupena: 108 minutu.

Estetikoki, Wes Andersonen zinemarekin zerikusi handia du Taika Waititiren azken filmak. Planoen geometria, apaingarrien zein pertsonaia askoren pop ukitua, istorioari darion naif kutsua... Andersonen mundu berezira garamatzaten osagaiak dira, bereziki Moonrise Kingdom-ekora.

Kontua da ematen duela Jojo Rabbit-ek harago jo nahi duela, eta abiapuntu bihurri batetik abiatuko duela istorioa: nazi etsigaitza den ume baten begietatik, Bigarren Mundu Gerrako garaiko Alemanian. Horiek horrela, filmaren hasiera harrigarria gertatuko da, lehen minutu horietan Waititik gai horren inguruan ezarrita dauden konbentzio guztiak irauli nahi dituela baitirudi. Ausart agertuko da zuzendaria bera, Hitler erretxin batena egiten.

Zoritxarrez, probokazioa horretara mugatuko da. Filmaren onena den lehen atal hori pasatuta, istorioak biguntzera joko du, eta eztiaren eremu arriskutsuetara hurbilduko da. Era horretan, Jojo Rabbit-ek hasieran erakutsitako giharra galduta, umorearen freskotasuna zimelduko da, eta konbentzionaltasunaren autobide eroso eta segurutik eginen du aurrera.

Lehen amodioaren gaia nagusituko da orduan, ikusleok atseginez eta sinpatiaz ikusiko dugu pantailak eskainiko diguna, umore kolpe batzuk ez dira faltako, Sam Rockwell eta Scarlett Johansson bikain arituko dira... baina ordurako horrek ezin gaitu asebete. Izan ere, filmaren hasieran agindu digutena aienatu da, eta eraikitako diskurtso onbera hankaz gora jarri behar zuen film hura lausotu. Eta, beste behin ere, coitus interruptus, komertzialtasunaren eta zuzentasunaren arauak gailenduko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.