HILBERRIA. Maite Etxemendi-Axiari

Kulturaren aldeko ekintzailea

BERRIA.
amaia igartua aristondo
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Lapurdiko kulturgintzak eta feminismoak kide behinenetariko bat galdu zuten herenegun: Maite Etxemendi-Axiari. Ekintzaile ezpeletarra 72 urterekin hil zen, gaixotasun luze baten ondoren. Kultur arloari dagokionez, Ezkandrai elkarteko lehendakaria izan zen, eta, horrenbestez, Itsasun (Lapurdi) antolatzen den Errobiko Festibalaren eta Baionako Etiopikoak egitasmoaren antolatzaileetako bat ere bai; Gerezien denbora pastoralean ere esku hartu zuen.

1968ko maiatzaz geroztik, feminismoari atxiki zitzaion, eta, kultura arloan nola, ekintzaile feminista gisa ere aztarna utzi zuen Iparraldean. Bi bideak batu ahal izan zituen, esaterako, Buhamiak koruan: soilik emakumezkoek osatutako abesbatza bat da hori, eta Etxemendi-Axiari hamabost urtez izan zen horko kide.

Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariak doluminak eman zizkien Etxemendi-Axiariren senideei sare sozialetan, eta kulturgilearen jarduna goraipatzeko ere aprobetxatu zuen mezua. Adierazi zuen Etxemendi-Axiariren heriotza «galera handia» zela euskal kulturarentzat, eta nabarmendu euskal «adierazpen artistikoen berrikuntzaren aldeko ekintzaile amorratua» izan zela, haren senar Beñat Axiarirekin batera.

Buhamiak abesbatzako zuzendari Pantxika Urrutik ere gomutan izan du hainbeste urtetako kidea. Etxemendi-Axiariren «indarra» azpimarratu du: «Beti ekinean zen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.