Lourdes Imaz. Irakasle ohia eta antzerki zuzendaria

«Ikastolak aurrera atera ziren guztiek norabide berean lan egin genuelako»

Transmisioa da Imazen ibilbideko ardatza, izan ikasgelan, izan inguruko herrietako antzoki eta aretoetan. Frankismo garaian bizitakoak eta «eskolan irakasten ez direnak» antzezlan bihurtu ditu. Historia azaltzeko baliabide oso egokitzat du.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Segura
2017ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Ikastolen sorrera garaian hasi zen irakasle Lourdes Imaz (Segura, Gipuzkoa, 1952), jaioterritik gertu, Idiazabalen. Erretiroa hartuta dagoen arren, lanerako gogoa eta jakin-mina ez zaizkio erretiratu. Udako etenaldiaren ondoren, berak idatzi eta zuzenduriko bigarren antzezlana herriz herri eramaten jarraituko dute: Iragana, lahar eta larrosa.

Erretiroa hartuta, aspertzeko tarterik bai?

Erretiroa hartzeak badauzka bere alderdi onak; orain arte egin ezin izan dituzun gauzak egiteko denbora gehiago daukazu. Lanean gabiltzanean, seme-alabak direla, gurasoak ere adinean aurrera doazela eta laguntza behar dutela... Okupatuta egoten zara. Orain, denbora gehiago daukazu seme-alaben umeak zaintzeko, eta nahi dituzunak egiteko. Nire kasuan, antzerki munduan; hortxe ibiltzen naiz lanean.

Txikitatik izan duzu gustuko?

Bai, eta txikitan ere aritu nintzen antzerkian. Seguran antzerki asko egiten zen, zaletasun handia zegoen, eta nik 9 urte neuzkanean edo, antzerki bat egin zen herrian. Itsu papera egin nuen. Gero, irakaskuntzan, aukerako gai bezala jarri zuten antzerkia; irakasleoi prestatzeko aukera eman ziguten, eta eskolan gai hori ematen nuen. Eta, 2006an, 750 urte izan ziren Segura sortu zela; orduan taldetxo bat elkartu ginen antzezlan bat egiteko. Gustatu zitzaigun antzerki lana, eta gehiago ere egin ditugu geroztik, beti ere gure historian gertatuko gauzekin, historiari buruzko gaiekin. Antzerkia oso baliabide egokia da historia transmititzeko. Dokumentu eta liburu asko daude, baina horretara jarri egin behar zara. Antzerkian, berriz, ikusten ari zarela, modu errazean, zureganatzen dituzu hainbat gauza.

Gidoilari eta zuzendari animatu zinen gero. Polita izan behar du antzerkiaren bidez herritarrak elkartzea.

Ez dira aspaldiko kontuak obran, adibidez, 32 lagun ginen. Ez dakizu zer-nolako lana den 32 laguneko antzerki bat moldatzea, bakar-bakarrik entseguak egiteko. Denok hain presaka bizi gara, horrenbeste okupaziotan sartuta... Gainera, 11-12 urte eta 80 urte arteko herritarrak bildu ginen. Interes oso ezberdinak dira umeenak eta helduenak. Hor asko ikasi genuen; batzuetan sufritu ere bai pixka bat, baina denok asko ikasi behar izan genuen bata bestearekin egokitzeko.

Zuk idatzitako lehen obra izan zen Ez dira aspaldiko kontuak. Frankismo garaia, ikastolak...Zuk bizitakoak daude hor.

Orduko egoera soziala landu genuen, eskolak nolakoak ziren, apaizen rola... Eta ikastolen sorrera.Ni sorreretan lan egin zuenetako bat naiz, eta orduan hainbat gauzak inpaktatu ninduten. Badirudi duela ehun urteko kontuak direla, baina ez.

Irakasle bokazioa betidanik izan duzu?

Gogoratzen naiz hemen egon zen bikarioak bultzatu gintuela taldetxo bat irakasle ikasketak egitera. Donostiara joan ginen. Garai hartan, ikastolak sortzen hasita zeuden, legalizatu gabe, eta legalizatzeko jende tituluduna eskatzen zuten. Irakasletza egiten ari ginela, etorri zitzaizkigun mesedez bukatutakoan hiru lagun joateko Zegamara, Segurara eta Idiazabalera, zain zeudela legalizatu ahal izateko. Euskal kontzientzia hartzen has ita geunden gu, eta sartu ginen hortxe, 20 urterekin.

Zu Idiazabalera joan zinen. Nola gogoratzen duzu zure lehen irakasle esperientzia?

Gaztea nintzen, idealismo handiarekin, ordu asko libre... Lan egin genuen gau eta egun. Pentsa errealitatea zein zen: euskaraz ikastea ez zegoen onartuta —eskola guztietan gaztelania egiten zen—, ikastolak legez kontrakoak ziren... Gogoan daukat gurasoek eta irakasleek nola bat egiten genuen, zenbat lan egin genuen... Ikastolak aurrera atera ziren indar guztiek norabide berean lan egin genuelako, bestela ez da posible.

Gurasoen ahalegina bereziki duzu gogoan, ezta?

Gurasoek ikusten zuten gure hizkuntza bazihoala umeak txikitatik erdaraz ari baziren. Guraso haiek egin zuten apustua... Gaurko egunean ezin dugu entenditu hori, baina jende askok ez zuen pentsatzen euskararekin zerbait egin zitekeenik; ikusten zuten euskara izan zitekeela etxeko hizkuntza bat, baina ez zuela balio gai batzuetarako edo eskola horrekin ikasteko. Gurasoek hantxe bidali zituzten umeak, agian legalizatu gabeko eskola batzuetara...

Antzerki obran, hain justu, gurasoen bilera bat sartu zenuen.

Beasainen biltzen ginen inguruko herrietako jendea. Eszena batean agertzen ziren Segura, Idiazabal, Zegama, Lazkao, Ataun eta Beasaingo ordezkariak, eta orduko lagun berberak izan ziren antzezlanean agertu zirenak. Horrek balio handia eman zion eszenari; oso berezia izan zen.

Zein hizketagai izaten zenituzten bilera haietan?

Oztopo asko zeuden: diruarenak, lokalak eta irakasleak bilatzea... Ikastolak legeztatzea ere kosta egiten zen: ume kopuru batzuk bete behar ziren, lokalen baldintzak... Pedagogian ere zerbait berria egin nahi zen; zaharkitutako metodoak erabiltzen ziren orduko eskola ofizial askotan. Negu eta uda ikastaroak egiten genituen, beti esperientzia berriak ikasten... Izugarrizko lana izan zen. Oso garai interesgarriak.

Soldata jasotzeko arazoak zenituzten?

Herriak dena eman zuen. Gazte gehienak bazkide egiten ziren ikastolak aurrera ateratzeko. Pentsa zenbat diru iturri bilatu behar izan ziren, zenbat ekintza: antzerkiak, tonbolak... Kilometroak ere orduantxe sortu ziren. Horietatik sortutako dirua zen; bestela, ez zegoen ezer. Kooperatiba batzuek ere asko lagundu zuten. Eusko Jaurlaritza hasi zenean dirua ematen, aldatu zen egoera, baina ordura arte soldata xume-xumearekin, ordu asko sartzen...

Inspektoreek egiten zituzten bisitak ere jaso zenituen antzezlanean. Nola bizitzen zenituen?

Inspekzio batzuetan izugarrizko egurra sartzen zuten. Urtean behin etortzen ziren, eta ikastola batetik bestera abisatzen ibiltzen ginen inguruan bazebiltzan. Nik lan egiten nuen eskola ilegalizatuta zegoen. Guregana etortzen zen emakume bat oso kontra zegoena, eta etorri aurretik, guk umeak prestatu behar izaten genituen hari erantzuteko. Galderak ziren: «Zein kolore ditu zure banderak?» —Espainiakoaz—. «Idatzi ezazu zerbait» —ikusteko ea b-ak eta v-ak ematen genituen—. Guk aurretik esaten genien umeei: «Zuei galdetzen badizuete zenbat probintzia dauzkan Euskal Herriak, esan hiru». Eta haurrek: «Nola hiru? Zazpi dauzka eta, gure etxean zazpi esaten dute». Gu esanez hiru esateko, hari horrela gustatzen zitzaiolako...

Ondoriorik jasan zenuen?

Niri esan zidan maisu-maistra gorputzetik kanporatua izango nintzela, espedientea irekiko zidala. Ez zitzaidan halakorik iritsi. Hala ere, halakoxeko indarra hartu zuen ikastolen mugimenduak, jendeak bat eginda, ezinezkoa izan zitzaiela hori dena gelditzea.

Nola aldatu da irakaskuntza ordutik hona?

Hasieran lanketa mota asko egin genuen; inplikazio izugarria zen irakasleena. Eta oso inportantea zen gurasoek sinistu egiten zutela gugan. Orduan ere ikasleak denetarikoak zeuden: batzuek gaitasun gehiago zituzten, arazo gehiago... Baina gurasoek zuk esandakoarekin bat egiten zuten, eta elkarrekin gauza asko egiten genituen. Gizartea aldatu egin da, eta zailagoa da lan egitea. Asko eskatzen zaio eskolari, irakasleari... Badirudi umeen gabezia guztiak eta gizarteak eskaintzen ez dituen horiek eskolak eskaini behar dituela, eta hori ezinezkoa da. Eskolak bere paper inportanteak baditu, baina ezin ditu konpondu gizarte honen hutsune guztiak. Hor beste gogoeta batzuk egin behar dira, eta gauza askotan gehiago bat egin behar da.

Ikastolako lanak bukatuta, bigarren antzezlanarekin hasi zinen. Gogoz geratu zen jendea?

Taldean harreman oso onak sortzen dira, eta jendea bazebilen esanez beste bat ez ote genuen egin behar. Araman [Gipuzkoa], Gure Esku Dago-k ekintza bat egin zuen, azalduz nola 1931n euskal errepublika aldarrikatu zen hainbat herritan. Ikusten egon ginen, eta esan genuen: «Zein gauza polita litzatekeen etapa hori antzerki baten bidez adieraztea». Dokumentatzen hasi nintzen, eta gidoitxo bat idatzi nuen. Asko landutako antzerkia izan da. Taldea mantendu da, eta horrek esan nahi du jendeari zenbat gustatu zaion antzerkian lan egitea, eta baloratzen dugu egiten ari garen transmisioa. Zarautzen [Gipuzkoa] izango da hurrena, irailaren 7an; eta, Tolosan [Gipuzkoa], irailaren 22an.

Nolakoa zen giroa II. Errepublika inguruko urteetan?

Guk hiru etapa kontatzen ditugu, hiru eszenatan. Oso garai gogorra izan zen. Primo de Riverak orduko oinarri guztia desegin nahi zuen, eta militarrak jarri. Garai hartarako hasiak zeuden euskal kontzientzia pizteko ekimenak, batzokiak sortzen... Dena desagertu egin zen. Sindikatuak debekatu zituen, alderdiak, euskal ikurrak... 1928 ingururako, oposizio handia zegoen, eta dimisioa eman zuen. Hauteskundeak deitu, eta errepublika aldarrikatu zen gero. Horrek poza eta itxaropena ekarri zituen Euskal Herrira. Jose Antonio Agirrek eta hainbat alkate bizkaitarrek euskal errepublika aldarrikatu zuten, eta idatzi batzuk bidali zituzten herrietara, gauza bera egin zezaten. Alkateen mugimendu handia egon zen, bat egin zuten hemengo hainbat indar politikok, eta mugimendu kultural indartsu bat hasi zen. Geroko gerrak hori dena zapuztu zuen.

Nola egin duzue ikusleak garai hartara eramateko?

Ez da erraza jendea garai hartan kokatzea; nola bizi ziren, zein ohitura zeuden... Hori entenditzeko hiru proiekzio ere egin ditugu. Horrez gain, garaiko tresneria mordoa utzi digute; adibidez, Antonio Iparragirrek garaiko Argia original bat zeukan etxean, eta hori erabiltzen dugu. Karlos Jimenezen musikak ere asko laguntzen du; musika propio konposatu digu eszena bakoitzerako. Garai hartan gertatu zena eskoletan ez digute irakatsi; beti irabazleen historia kontatzen da. Antzerkia adibide polit bat da konturatzeko gaur egun ere jende xehearen nahietatik hasi, indarrak bildu, jende ezberdinaren partaidetza aprobetxatu eta guztion artean gauza asko lor ditzakegula.

Hain zuzen, Goierrin abiatu zen Gure Esku Dago, erabakitze eskubidea ardatz. Galderaren batzordeko kideetako bat izan zinen heinean, nola ikusten duzu mugimendua?

Lotura bat badauka ordukoak oraingoarekin. Gure Esku Dago dinamika bat da garrantzi handia daukana, jende guztiaren nahiak azaltzen ari dira, eta garai hartan bezalaxe, orain ere erabakitzeko eskubide bat aldarrikatzen dugu. Orduko euskaldunek ere nahi zuten egoera aprobetxatu euren eskubideak lortzeko.

Eta etorkizuna?

Mugimendu hauek ez dira errazak, eta gaurko egunean batzuek pentsatuko dute: «Zertarako galdeketak egin, ez badute inongo balio ofizialik?». Hala ere, geroz eta indar gehiago dauka, eta sinbolo bat da: bat egitea denok, zertarako eta giza eskubide bat aldarrikatzeko, gure oinarrizko eskubide bat. Mundu guztiarentzako lekua dauka, eta aurreko garai haren isla bat ikusten dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.