Martxel Toledo. Palista ohia eta ESAITeko kide ohia

«Kirola, Euskal Herria eta ofizialtasuna; hiru gai horiekin, amaierara arte»

Martxel Toledo pilotaren mundutik igaro zen euskal selekzioen ofizialtasunaren alde engaiatzera. Egun, lehen lerrotik aldenduta dago, baina aldarrikapenari eusten dietenak sostengatzen segitzen du oiartzuarrak: «Behar banaute, prest izango naiz».

JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
Oiartzun
2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Kirola bizitzako zehar lerro izan du Martxel Toledok (Oiartzun, Gipuzkoa, 1951). Gaztetan piztu zitzaion kirolari sena, eta mundu mailan lehian aritu izanak eraman zuen, gero, euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko supiztaile izatera. Bi alderdi horiei tinko eusten die oraindik ere.

Kirolaz ari zinen oraintsu, telefonoz ere. Baduzu zaletasuna.

Beti izan naiz zalea. 16-18 urterekin mendian hasi ginen: ibiltzen, eskalatzen, iraupen eskian lehiatzen... Ia-ia ez nuen pilotarik ukitu 28 urte egin arte. Asteburuetan Errenteriako [Gipuzkoa] Urdaburu mendi elkartearekin irteerak egiten genituen, zeharkaldiak ere bai: Euskal Herritik abiatuta, Pirinio guztia zeharkatu genuen, eta Katalunian amaitu, 25 kiloko motxilarekin. Mundu horretan ibili ginen, 28-30 urtera arte.

Gero ekin zenion palari?

Eskuz hasi nintzen, baina, eskuko minarengatik, palan hasi nintzen gero, pixkanaka. Txapelketa batzuetan parte hartuz, besteak irabaziz, maila ona lortu genuen. Horrek eman zigun 1982an Munduko Txapelketak jokatzeko aukera. Mexikon izan zen, Espainiako Selekzioarekin. Handik lau urtera, Gasteizen jokatu genuen, berriz ere Espainiarekin. Kuban jokatu ziren 1990ekoak.

Hura ezberdina izan zen.

Ni beti saltsetan sartzen nintzen, eta Gipuzkoako Pilota Federazioan egon nintzen, eta gero, Euskal Herrikoan. Kiko Caballeroren garaian izan zen. Orduan, federazioak lortu zuen Kuban egotea, Espainiakoarekin negoziatu ondoren. Erakustaldi modura.

Txapelketak ezin zenituzten jokatu, euskal selekzioa ez zelako ofiziala, ezta?

Hori da. Aurrekoetan, Joko Garbian aritzen ziren erakustaldi modura; Espainia-Frantzia izaten zen, hegoaldeko eta iparraldeko kirolariekin. Kubarako, proposatu genuen bai erremontean eta bai palan erakustaldiak egitea. Euskal delegazio gisa joan ginen, gure jantziekin, gure federazioak ordainduta eta Jaurlaritzaren babesarekin. Hara iritsitakoan sortu ziren lehen arazoak.

Zer arazo?

Esan ziguten gu Espainiaren izenean joan ginela, eta desfilean haien izenean hartzeko parte. Ezetz esan genien; federaziotik joan ginela eta, hala joan ginen heinean, gure jantziekin aterako ginela. Ezetz eta baietz aritu ginen. Hori konpontzearren edo, federazioak lortu zuen ez joatea Espainiako arropekin, baina ezta gureekin ere. Txandalaren beheko zatia gurea zen, baina kamiseta zuri bat zen, izenik gabekoa. Han erosi genituen. Gureekin uzten ez zigutenez, aldarrikapen bat egitea otu zitzaigun.

Zer egin zenuten?

Esan ziguten espainiarren atzetik joan behar genuela, haiekin, eta frantziarrak zirela ondoren. Ez dakit nori otu zitzaion, baina desfilean norabidea aldatu genuen. Ni gure delegatua nintzen, eta aurretik nindoan. Espainiarrak alde batetik joan ziren, eta gu bestetik. Nahasmen pixka bat sortu zen, jendeak ez zekielako zer egin. Jarraitu ziguten, eta kokatu ginen:espainiarrak aurrena, tartean gu, Euskal Herrikoak, eta frantsesak gero. Argazki ikaragarria izan zen: ABC egunkarian atera zuten.

Lau urte geroago, Euskal Herrian jokatu zen Munduko Txapelketa. Miarritzen izan zen urte hartan.

Pentsatzen genuen Kuban lagunartekoa jokatzen utzi baziguten, etxean arituta, Miarritzen, lau urte genituela negoziatzeko. Aurrera egin beharrean, atzera egin zen, ordea. Esan zuten Kubako esperientzia txarra izan zela, espainiarrentzat batik bat, eta ez genuela lagunartekorik ere jokatuko. Uste dut Joko Garbikoak bai, errespetatu zirela. Orduan hasi ginen aldarrikapenen saltsan. Gure lehen kamisetan Euskadi Gabe Mundialik Ez jartzen zuen. Gero, plataforma bat sortu zen, Miarritzeko txapelketan selekzioa egon zedin indarra egiteko.

Hura izan al zen ESAITen ernamuina?

Bai. Txinparta han piztu zen; jende nahiko ezaguna sartu zen: futbolean, [Jesus Mari] Zamora eta haiek; pilotan ere izan ziren... Babesa eman zieten, sinaduren bidez eta. Gero, kalean aldarrikapena mantentzeko, guk heldu genion zezenari adarretatik,kamisetak salduz eta. Miarritzekoaren jiran izan zen hori. 1995ean, aurrera egin behar genuela erabaki genuen.

Egitura baten beharra zegoen?

Gogoratzen naiz lehen bilera Oiartzunen egin genuela, Girizia elkartean. Gero, beste bilerak heldu ziren, kirol eta jende ezberdinekin, selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko. Koldo Alduntzin kazetaria ere tartean zen, eta hitz egiten genuen, taldeari nola deitu. Hortik etorri zen Iritzi Taldearena [Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldea zen ESAIT].

Alduntzinen ideia izan zen?

Uste dut hark bota zuela; behintzat beti esaten zuen ez ginela kluben mailan gauzak antolatzeko sortuak. Lehen hitzaldia Anoetan egin genuen, euskal kirol kazetarien arduradunekin. Bost edo sei hedabide egon ziren: han zeuden Iñaki Elortza Txapas eta beste batzuk. Hasieran hala egin genuen aurrera, baina gero, kontua zen: nola lortu autofinantzatzea? Kamisetak-eta egin genituen.

Elastiko zuri, berde eta gorri haiek.

Sekulako arrakasta izan zuten. Aldarrikapena nahiko light-a zen, baina mundu guztiak egiten zuen bat: senideentzat erosiz, eta abar. Behin, Oñatin [Gipuzkoa], 5.000 saldu genituen. Eromena zen, eta gure diru iturria zen. Ikastolen aldeko jaietara, derbietara eta halakoetara joaten ginen.

Kirolarien artean ere babesa izan al zenuten?

Bai, ikusten zen aldekoak zirela. Beti esaten genuen, ordea: hitzetatik ekintzetara pasatu beharra zegoen. Ofizialtasunaren eske nazioarteko erakundeetara joatea federazioen lana zen. Argi ikusten genuen: eskatuta ez zuten ematen, eta eskatu gabe ezinezkoa zen. Jose Ramon Garaik [pilotako] federazioa hartu zuenean, Mexikoko 2002ko Munduko Txapelketan aritzeko eskaera egin zuen, eta ez zioten onartu. Oraindik ere txapelketa horren barruan selekzio modura jokatu ezinik daude, zertan eta pilotan.

Marka da gero, euskal pilotako mundialean euskal selekzioak aritu ezina.

Beti erabiltzen dituzten bi aitzakiak bi gezur handi dira: selekzio propioa izateko estatua izan behar duzula, eta liga propioak eduki behar direla.

ESAITek kontrakoa esaten al zuen?

Guk 2001ean esan genuen ofizialtasuna eskatu behar zela. Bagenekien Espainiak ez zuela onartuko. Pilotako federazioak, onarpen eza arrazoi gisa erabilita, alde egin zuen Espainiako federaziotik. Espainiakoek esaten zuten jada nazioartean onartuak ginela, federazio horren barruan geundelako. Bozketa bat egin genuen Abadiñon, eta erraz irabazi zuen alde egiteko aukerak. Orain ere Espainiako federaziotik kanpo segitzen du euskal federazioak.

Garai hartan ESAITek defendatzen zituen tesiak bere egin al dituzte erakundeek? Abenduan Euskal Futbol Federazioak UEFAn eta FIFAn sartzeko eskaera ofiziala egin zuen, Jaurlaritza lagun.

Zorionez, bai. Agian, berandu. Gu 1998an sortu ginen, eta 2001erako lehenbailehen eskatzeko esaten genuen. Espainiako Federazioak ez digu sekula oniritzirik emango, goitik daudenek ez dutelako baietzik esango. Garai hartan, ordea, euskal federazioak oraingo pausoa eman balu, lortuko luke gaia Kirol Arbitraje Auzitegira eramatea, Gibraltarrek egin zuen moduan. Gibraltarri arrazoia eman zion, [Erresuma Batuko] estatua eta FIFA aurka jarri aurretik eskaera egina zegoelako. Horrek esan nahi du guk ere 2001 aurretik egin izan bagenu jan egin beharko zuketela.

Futbol federazioak egin du urratsa. Zer espero duzu?

Urrats bat da. Guk hori eskatu dugu, eta ezin dugu esan garrantzitsua ez denik. Beti aurrera egin behar da. Eta lagunartekoak jokatzen direnean, txapelketa moduan egin behar da, oraintxe emakumezko futbolariek egin moduan. Agian ez du FIFAren iritzia aldatuko, baina gauzak nola egiten diren erakusteko balioko du.

Zuek nolako harremana zenuten erakundeekin?

Jaurlaritzarekin eta federazioarekin, hasieran ona. Azken batean, ESAIT bidelagun zuten. Harremanak onak ziren, ez genielako gehiegi estutzen. Hatza ez genien begian sartzen. Gero, hasi ginenean hedabideetan borondaterik eza kritikatzen, Gabonetako partidena aldatu behar zela esaten... Orduan, distantzia hartu zuten.

Badira zenbait selekzio ofizialak direnak. Sokatirakoa, adibidez.

Herri Kirolen kasuan, gure aldekoa izan da Espainiakorik ez dagoela. Eta begira zer kontraesan: haiena egon gabe, hemengoak behartzen zituzten Espainiaren izenean joatera. Nola ordezkatuko duzu federazio bat, ez bada existitzen? Lortu dute Euskal Herriaren izenean aritzea. Federazioa, bikain, baina tiratzaileena izugarria izan da: asko borrokatu dira, eta, lehiatzeari uko egin behar izan badiote, prest egon dira.

Egun, nola ikusten duzu ofizialtasunaren gaia gizartean?

Uste dut asko galdu dela. Behin baino gehiagotan galdetu didate: «Zergatik utzi zenuten?».

Zergatik utzi zenuten, 2015ean?

Penarik ez dut. Gero, bi talde txiki eratu dira, Jauzia eta Gu Ere Bai, jende gaztearekin. Guk hausnarketa egin genuenean, esan genuen: «Beti ESAIT, beti jende bera, pixka bat aldatu beharra dago». Atzetik heldu da jendea, eta aldarrikapena jada sortua zegoen. Guk 18 urte egin genituen; lehen helburua, sortzea, lortu da. Baina beti dago kezka aldarrikapenak segituko ote duen .

Merezi izan al du?

Dudarik gabe. Behar banaute, beti prest izango naiz. Kirola, Euskal Herria eta ofizialtasuna; hiru gai horiekin lotu naute, eta ni, horiekin, amaierara arte. Sentimendua dagoenean, lanik ez da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.