Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Terrorezko filma

2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Egunotan, Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeak izan dira protagonista uhinetan. Asteazken goizean, irratia piztu, eta nire harridurarako, Donald Trumpek bere burua garailetzat jo zuen, oraindik boto guztiak zenbatu gabe zeudenean. Lehenengo plot twist-a, ikuskizuna ziurtatua. (Dis)topikoa.

Euskadi Irratiko Faktoria albistegiak zein Radio Euskadiko Boulevard-ek girotu ziguten goiza elkarrizketa, analisi eta iritzi andanarekin. Saio bietan, «tentsioa, emozioa eta ziurgabetasuna» azpimarratu zuten, behin eta berriro, AEBetako irudia islatzeko ahaleginean. Hauteskunde gau adierazgarri horretan, hirien atmosfera «fantasmagorikoa» zela esan zuen Azara Palomeque Princetongo Unibertsitateko doktoreak Boulevard-en; kaleak hutsik «gau amerikarrean». Terrorezko pelikula baten hitzaurrea zatekeen: zerbaitek eztanda egingo duen esperoan bageunde bezala, zer datorren ez dakigula.

AEBetako bozak izan zituzten hizpide SER kateko Hoy por hoy irratsaioan ere. Astelehenenean, Edurne Portelarekin eta Mikel Reparazekin izan zen Angels Barcelo saioko gidaria. Atsegina izan zen hiruren arteko solasaldia, herrialdearen argi-ilunak aztertuz. Besteak beste, Arbizukoak argiro azaldu zuen egoera: «Bi herrialde daude une honetan; bi film ezberdin ikusten ari dira bi aretotan sartuta». Indar handiko irudia.

Las grietas de América kazetariaren liburu berriaz ere mintzatu ziren. Berak azaldu moduan, «arrakalak denboran luzatu dira: arrazaren gatazka, desoreka, pobrezia... eta horiek nabarmenagoak dira Trump presidentea denetik». Amesgaiztotik gehiago ametsetik baino.

Beldurraz mintzo ziren Radio Euskadiko Graffiti saioan, astelehenean. Zehatz-mehatz, pelikula batean baliatzen den musikak daukan pisua aztertu zuen Nerea Alberdi konpositoreak. Terrorezko eta misteriozko filmetako soinu-banda eredu izanik, perkusiozko musika tresna batzuk azaldu ez ezik, tresna horietako baten barruan murgildu ere egin gintuen. Xilofonoa, bibrafonoa, krotaloa... eta bitartean dardarka ote entzuleak? Izuak izu, esperientzia dibertigarria izan zen, eta irakaspenez josia. Halaber, bereziki laket izan zitzaidan musikagileak esandakoa: «Edozein irudiren esanahia alda dezakezu halako musika bat jartzen badiozu». Eta AEBetako hauteskundeei, zer soinu banda darie?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.