Eukalipto sailen hedapena

Monolaborantzaren sustraiak

Portugalek eta Galiziak indarrean jarri dituzte eukalipto eremuak gutxitzeko neurriak. Egitasmoek, baina, enpresen eta oposizioaren kritikak eragin dituzte.

Eukalipto baso bat, Portugalen. 2017an, 66 pertsona hil ziren Pedrogao Granden sute baten ondorioz. CARLOS GARCIA / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Badira lau urte Portugalen milioi bat hektarea baso erre eta 121 pertsona hil zirela. Suteak herrialdearen erdialdean eta iparraldean zabaldu ziren batez ere, non eukaliptoaren monolaborantza zen nagusi. Ordurako, Marcelo Rebelo de Sousa presidentearen gobernuak agertua zuen eukaliptoaren inguruko kezka, eta, suteen ostean, haren laborantza mugatzeko neurriak hartu zituen. 2017tik aurrez eukaliptoa dagoen eremuetan soilik landatu daitezke zuhaitz berriak, eta monolaborantza inguruak kostaldeko eremu euritsuagoetara mugatu dituzte. Zuhaiztietarako Estrategia Nazionalean jasotakoaren arabera, eukaliptorik ez da landatuko 2030era arte, eta tarte berean %10 handituko dituzte pinudiak, %35 artelatz eremuak, eta %40 hariztiak. Planak PCP Portugalgo Alderdi Komunistaren eta BE Ezkerreko Blokearen babesa izan zuen.

Gobernuaren erabakia, baina, ez zen izan denen gustukoa. Lege berria indarrean sartu zenerako, oso zabaldua zegoen eukaliptoa. Nekazari txiki askok haren aldeko apustua egina zuten, beste espezie batzuk baino azkarrago hazten delako —hamar urte soilik behar ditu— eta, ondorioz, irabaziak lehenago ematen dituelako. Portugalen, non paperaren industriak pisu handia duen, eukaliptoa lehengai garrantzitsu bilakatua zen, eta espezie horretakoak ziren zuhaitzen %26 inguru. Horregatik, legea indarrean sartu eta urtebetera, enpresari, nekazaritza elkarte eta hainbat goi kargudun ohik idatzi bat publiko egin zuten eukaliptoaren alde.

Ehun sinaduratik gora bildu dituen idatzi horrek dio eukaliptoa ez dela suteen eragilea. Bazterketarik gabeko zuhaiztia izeneko dokumentuaren arabera, «okerrak eta zehaztugabeak» dira hainbat komunikabidek eukaliptoei buruz zabaldu dituzten baieztapenak: «Eukaliptoa suteen erantzule eginez, ezinezko bilakatzen da horien atzean dagoen benetako arrazoia desagerraraztea. Azken urteetan ugaritu diren suteen atzean daude gehiegizko biomasa, basoen kudeaketa txarra eta sasiak kontrolik gabe zabaldu izana». Besteak beste, Antonio Serrano, Bagao Feix, Mira Amaral eta Daniel Bessa ministro ohiek UGT sindikatuko idazkari nagusi izandako Joao Proençak eta Portugalgo Nekazarien Konfederazioak sinatutako oharrak kritikatzen du Portugalgo barnealdea lehortuz joan dela azken urteetan, nekazaritzaren eta abeltzaintzaren desagertzearekin batera: «Horiek zaintzen zituzten zuhaiztiak, eta, hala, suteak saihesten ziren». Sinatzaileek egozten diote gobernuari eukaliptoaren aurka jotzea «inolako arrazoirik gabe», beste espezie inbaditzaile batzuk «kalte handiagoa» eragiten duten arren, «besteak beste, akaziak».

Dokumentuak aitortzen du, hala ere, beharrezkoa dela basoak kudeatzeko neurriak hartzea, baina ohartarazten du eukaliptoaren aurka jotzea «karbono dioxido gehien xurgatzen duen espeziearen kontra» egitea dela.

Papergintza enpresak, baina, ez dira mugatu idatzia sinatu eta protesta egitera. Legea indarrean sartu eta hilabete gutxira, hainbat enpresak iragarri zuten asmoa zutela Galizian lur eremuak alokatu eta han eukaliptoak landatzeko. Horietako bat da The Navigator Company, zeinak 2018an iragarri zuen hutsik zeuden lur eremu pribatuak eta aurrez eukaliptoaren laborantzara bideratutakoak alokatuko zituela. Kontua da, baina, Portugalgo arazo bera dutela Galizian ere. 2017ko suteek bietan eragin zuten sarraskia. Urte hartako urriaren 13an, 146 sute zenbatu zituzten Galizian. Aurreko urteak ez ziren hobeak izan: 2001 eta 2014 artean, 87.000 hektareatik gora erre ziren eskualde hartan. Hori izan da Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Xuntako presidenteak eukaliptoaren laborantza mugatzeko neurriak hartu izanaren arrazoi nagusia. Neurriok, ordea, oposizioaren kritika gogorrak eragin dituzte.

Hutsune asko

Aurtengo ekainean sartuko da indarrean eukaliptoaren laborantza behin-behinean etengo duen legea, eta 2026ra arte izango da indarrean. Tarte horretan eukaliptoa landatu ahal izango da, baina soilik lehendik espezie hori zegoen eremuetan. Legeak badu, ordea, letra txikirik ere. BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak eta sozialistek salatu dute hala nahi duenak ekainera arteko tartea izango duela bere lurretan eukalipto eremuak jartzeko, eta, hala, uda hasieran legea indarrean sartzen denean monolaborantzarekin jarraitu ahalko dutela.

BNGko diputatu Maria Gonzalez Albertek salatu du Alderdi Popularrak onartu duen basoen kudeaketarako plana eguneratu gabeko datuetan oinarritzen dela, eta ez duela jasotzen kontrol neurririk. Aurten onartutako basoen kudeaketarako egitasmoak 1992tik indarrean dagoena ordezkatuko du. Azken horrek aurreikusten zuen 2030. urterako Galizian 245.000 hektarea eukalipto egongo zirela. Baina 2018rako 420.000 ziren, aurreikusitakoa ia halako bi. Hala Martin Seco diputatu sozialistak egotzi dio Xuntariingurumenarekin «salerosketan» aritzea: «Moratoria bat onartuz, legea bete ez dutenak saritzen ari dira, eta hura errespetatu dutenak zigortzen». Gonzalez Albertek ere gogor jo du Alderdi Popularrekoen aurka, eta leporatu die urteetan eukaliptoaren aurkako neurriak eskatzen zituztenei entzungor egitea: «Orain behin-behineko etenaldi bat saldu nahi digute, baina non egon dira orain arte? Zergatik ez dute halako zerbait indarrean jarri lehenago?».

Aspaldikoa da eukalipto laborantza murrizteko eskaria Portugalen eta Galizian, ekologisten aldarri nagusietako bat bilakatzeraino. Espezie horrek, baina, sustrai sakonak ditu bi lurralde horietan. Galizian, esaterako, BPG barne produktu gordinaren %4 dator laborantza horretatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.