Albistea entzun

URRE BERDEA, HORIAREN PREZIOAN

Oliba olioa sekula baino garestiago dago. OCU elkarteak dio espekulazioen ondorio dela garestitzea. Sektoreko eragileen arabera, iaz oliba uzta txarra izan zen eta eskaria eskaintza baino handiagoa zelako igo dira prezioak. 2016an jaisten hasiko direlakoan daude, uzta hobea espero baitute aurten.
Olibondoak Arroitzen (Nafarroa).
Olibondoak Arroitzen (Nafarroa). LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS

Arnaitz Lasarte -

2015eko urriak 25

Oliba olioa luxuzko produktu bilakatu da azkenaldian. Sekula baino garestiago dago saltokietan. Prezioek nabarmen egin dute gora, eta kontsumitzaileari buruko min bat baino gehiago eragin dio horrek. Salneurriei begiratzeak beldurra ematen du azkenaldian; ia miraria da 3,80 euro baino gutxiago ordainduta oliba-olio litroa erostea. Zenbateko hori handitu egiten da, gainera, oliba olio hori birjina bada; eta, zer esanik ez, birjina estra baldin bada: bost eurotik gora. Urre berdea deitzen zaio oliba olioari, baina prezioan horiaren antza hartu du.

OCU Espainiako kontsumitzaile elkartearen arabera, oliba olio findua —gehien erosten dena— %50 garestitu da iazko maiatzaz geroztik; azken sei hilabeteetan, %20, eta irailean bakarrik, %5,7. Birjina estra ere nabarmen garestitu da 2012. urtetik (%51). Kontsumitzaile elkarteak hogei oliba-olio marka baino gehiagoren prezioak aztertu ditu: «Batzuei kontuak ateratzeko, kontsumitzaileak gehiago ordaindu behar du», ondorioztatu du OCUk. Baina zergatik egin dute gora oliba olioaren prezioek? «Espekulazioengatik», OCUren ustez.

Sektoreko hainbat elkartek berehala egin dute OCUren salaketaren kontra. Izan ere, ez dute uste prezioen igoera espekulazioaren ondorio denik. Espainiako Oliba Olioaren Kooperatibaren ustez, esaterako, OCUk egindako kritikek erakusten dute sektorearen gainean elkarteak duen «ezjakintasuna»: «Oliba olioaren prezioa urte bakoitzean izandako ekoizpenak baldintzatzen du. Eta iazko sasoia oso txarra izan zen».

Urzante olio enpresako Jesus Marin ere haserre mintzatu da OCUren salaketaren inguruan: «Espekulazioa dei diezaiokete nahi badute, baina merkatuaren legea da. Eta merkatuaren legea ez dugu guk asmatu. Azken hilabeteetan prezioak igo dira eskaria eskaintza baina handiagoa izan delako». Urzante Tuterako enpresa da, eta bertako buruetako bat da Marin, bi anai-arrebarekin batera. Oliba olioaren komertzializazioan lan egiten duen enpresa handienetakoa da Urzante. Espainian ekoizten den olioaren %15-20 ontziratzen du Tuterako enpresak, eta 50 herrialde baino gehiagotan saldu. Ontziratzeaz gain, ekoitzi ere egiten dute olioa, baina gutxi, saltzen duen kopuruarekin alderatuta.

Iazko uzta, «penagarria»

Marinen esanetan, iazko oliba uzta «penagarria» izan zen. Beste fruitu zuhaitz askok bezala, olibondoek bi urtean behin fruitu gehiago ematen dute. Hala ere, ureztatze sistemak hobetuz doazen heinean, faktore horrek gero eta eragin txikiagoa du azken emaitzan. Iaz beste arazo bat izan zuten, ordea. Olibondo askori zomorro batek eraso zion, eta horrek kantitatean ez ezik, kalitatean ere eragin zuen. «Espainian zein Nafarroan oliba gutxiago bildu ziren; aurreko urteetakoak baino txarragoak, gainera».

Oliba olioaren «inoizko preziorik altuenak» uzta txar horren ondorio direla dio Marinek. Espainia alde handiarekin da oliba olioaren ekoizle nagusia, mundu osoan ekoitzitako erdia inguru ekoitzita. Hori dela eta, hango uztak «ezinbestean» eragiten du prezioetan: «Aurreko uztan bildutakoaren erdia baino gutxiago bildu zen 2014-2015 sasoian. Oso uzta txarra izan zen. Kontsumoan eta esportazioetan, berriz, ez zen ia aldaketarik izan».

Oliba Olioaren Nazioarteko Kontseiluaren datuen arabera, 2013-2014 sasoian Espainian 1.775,8 milioi tona olio ekoitzi ziren —mundu osoko ekoizpenaren %55—. 2014-2015 sasoian, berriz, erdia baino gehiago murriztu zen kopuru hori: 825,7 milioi tonaraino, (%35,6). Tunisian eta Grezian ekoizpena hazi arren, mundu osoko ekoizpena nabarmen jaitsi zen, orokorrean; 3.200 milioi tonatik, 2.320 milioi tonara (-%27). «Hasieran prezioei eusten ahalegindu ginen. Baina, ekoizpena txikiagoa izanik, eta kontsumoa antzekoa, ikusi genuen ez ginela iristen denboraldiaren amaierara». Urritik urrira artekoa da sektorearen denboraldia.

2015. urte hasierara arte egonkor samar eutsi zieten prezioei, produktuaren kontsumoak izan zezakeen bilakaeraren zain. Hilabeteak pasatu ahala, ordea, ikusi zuten kontsumoaren erritmoa ez zela txikitzen, eta arriskua zegoela sasoi amaiera baino lehen oliorik gabe gelditzeko: «Sinetsi min egiten duela, baina prezioak igo ziren gutxiago kontsumitzeko».

«Egoera muturrera iritsi aurretik» neurri hori hartu izana «zentzuzkotzat» jo du Marinek: «Okerragoa izango zen prezioei eutsi eta hilabete batzuk geroago olioa bukatzear zelako are gehiago garestitzea. 8 edo 10 eurora igo beharko zen oliba olioa, agian. Hobea izango al zen hori?». Ezezkoan dago Marin. Oliorik gabe geldituz gero zer gerta zitekeen, berriz, ez du pentsatu ere egin nahi Urzanteko buruak: «Berrogei urteko olibondo bat bi minutuan moztea erraza da, baina gutxienez beste berrogei urte behar izaten dira beste bat landatu, eta olibondo hori lehengoa adinakoa izateko». Prezioak igotzeari «beldurrez» begiratzen diote sektoreko eragileek, kontsumitzaileak ohiturak aldatu eta oliba olioa ez erostea eragin dezakeelakoan. Marinen esanetan, ordea, «are larriagoa» izango zen oliba oliorik gabe gelditzea.

Hilabete gutxi barru «urak bere arrastora» itzultzea espero du. Sasoi honetarako iaz baino aurreikuspen hobeak dituzte. Hori dela eta, urte hasierarako prezioak jaitsiko direlakoan dago. Espainian 1.200 milioi tona inguru ekoiztea espero dute: «Duela bi urteko ekoizpenera ez gara iritsiko, baina aurreko sasoikoaren aldean uzta ona dator». Marinek badaezpada ez du baikorregia izan nahi, hala ere: «Oraindik ez gara hasi olibak biltzen, eta tentuz hitz egin behar da. Egoera egun batetik bestera alda daiteke».

Urzantek, adibidez, aste honetan sartuko ditu makinak olibadietara: «Ez du merezi olibak biltzen lehenago hastea. Fruitua heltzen utzi behar da». Marinek azaldu duenez, lehenago biltzeak kalitatean zein kantitatean eragiten du: «Ehun kilo olibatik hogei kilo oliba olio inguru ateratzen dira; azkarregi bilduz gero, berriz, hamar bakarrik atera daitezke. Pazientzia izan behar da». Aste honetan hasi, eta datozen hiru-lau hilabeteetan bilduko dituzte olibak.

OCUrekin, haserre

Marinek azaldu duenez, kontsumitzaile elkartearen salaketak ez dira berriak sektorearentzat. «Ez dakit zein interesekin, baina etengabe dabiltza Espainiako oliba olioari min egin nahian». Kontsumitzaile elkarteak duela hiru urte ateratako zerrenda bat du gogoan Marinek. Zerrenda hartan, Espainiako 11 markari egozten zien oliba olio birjina zena birjina estra moduan saltzea. Iruzur egitea egotzita, marka horiek ez erostera deitu zuen. Beste bi marka ere seinalatu zituen OCUk, osasunarentzat «guztiz kaltegarriak» zirelakoan.

Urzante ez zegoen marka horien artean, baina haien lana ere zaildu du: «Zenbait herrialdetara olioa saltzera joan garenean zerrenda erakutsi digute. Italiak Espainiari izena kentzeko erabili du». «Kanpaina» horren barruan ulertu du prezioen gaineko salaketa ere: «Egia da ez dela inoiz hain garesti egon olioa, baina uzta eskasarengatik izan da. Laster prezioak jaistea espero dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Metala epeldu dute 2026ra arte

Imanol Magro Eizmendi

Bizkaiko metalgintzako sindikatuen gehiengoak eta FVEMek lan itun berria sinatu dute. Lan Sailak akordiora batzeko esan dio ELAri. LABek eskatu du grebalarien aurkako salaketak indargabetzeko
Bittor San Millan Ondarroako Antiguako Ama Itsas Arrantzale Eskolako zuzendaria. ©Jon Urbe / Foku

«Itsasoko lan gogorra gogoko duten gazteak topatzea da erronka»

Ibai Maruri Bilbao - Bizkaiko Hitza

Ondarroako Antiguako Ama itsas arrantzako eskolak egoitza berria du. Erdi mailako gradu berri bat eskaintzeko aukera eman die horrek, eta simulatzaileak erabiltzen hasi dira, Bittor San Millanek azaldu duenez.

Luiz Inacio da Silva <em>Lula</em> Brasilgo presidentea eta Alberto Fernandez Argentinako presidentea Buenos Airesen. ©EFE

'Sur': diru komun berria Hego Amerikan

Iñaut Matauko Rada

Brasilek eta Argentinak, Hego Amerikako ekonomiarik indartsuenek, diru komun berri bat sortzeko bidea hasi dute aurten. Nahiz eta nazioarteko merkataritzan bakarrik erabiliko litzatekeen, galdera asko sortzen hasi dira gaiaren inguruan, Argentinaren egoera ekonomiko eta finantzario makalagatik batez ere.
Adegiko ordezkariak, gaurko prentsaurrekoan. ©FOKU

Lehengaien eta energiaren prezio handiak dira Gipuzkoako enpresen kezka nagusi

Iñaut Matauko Rada

2023an Gipuzkoako ekonomia %0,5 eta %2 artean handituko dela aurreikusten du Adegik. Enpleguaren inguruko datuak pandemiaren aurrekoak baino hobeak direla gehitu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...