Aviñak sare sozialetan izan duen portaera ikertuko du Uriartek

Futbol zuzendari izateko aurkeztu eta gutxira, duela 10 urte hark idatzitako txio homofobo eta sexista batzuk zabaldu dira sareetan

Jon Uriarte hautagaia bere kirol proiektua aurkezten, atzo. MIGUEL TOÑA / EFE.
ainara arratibel gascon
2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Jon Uriartek aurkeztu du bere kirol proiektua, Athleticeko presidente hautatzen badute ezarriko duena. Bertan espero zen jakinaraztea nor izango zen haren apustua gizonezkoen lehen taldearen aulkirako. Baina ez zen hala izan: «Oraindik ez dugu izena emango. Kirol proiektuaren mezua indartu nahi izan dugu; bestela, arreta beste leku batera joango zen. Datozen 24-48 orduetan jakinaraziko dugu, kanpainaren dinamiken arabera. Baina argi dugu bat etorriko dela gure filosofiarekin eta San Mameseko zaleek gustuko duten joko motarekin: intentsitate handikoa eta zuzena», adierazi zuen Uriartek.

Hiru izen aurkeztu zituen: Carlos Aviña izango litzateke futboleko zuzendaria, Sergio Navarro Lezamako zuzendaria, eta Xabier Arrieta emakumezkoen kirol zuzendaria. Baina, handik gutxira, Aviñak duela hamar urte idatzitako hainbat txio homofobo eta matxista zabaldu ziren, eta Uriarteren hautagaitzak horiek ikertuko ditu.«Egiazkoak diren jakin nahi dugu, eta Aviñarekin berarekin ere hitz egingo dugu. Hori eginda, erabaki bat hartuko dugu, eta Athleticeko zaleei jakinarazi». Hautagaitzarentzat, «onartezinak» dira txioak. «Talka egiten dute hautagaitza osatzen dugun pertsonen printzipioekin eta balioekin».

Profesionalizazioa, exijentzia eta errendimendua izango dira Uriarteren proiektuaren zutarriak. «Anbiziotsuak izan nahi dugu, kluba helburu handiengatik borroka dadila, eta hemengo futboleko hegemonia berreskuratu».

'Big data' oinarri

Aviña mexikarra da, 31 urte ditu, eta Amerika Mexikon eta Circulo Brujasen egin du lan. Futbolari lotutako datuen analisian aditua da. «Teknologiak ez ditu pertsonak ordezkatuko. Baina, horien eta datuen analisiaren bidez, ahalik eta errendimendurik onena lortu nahi dugu jokalari bakoitzarengandik». Teknologiaren erabilera hori harrobitik hasiko da, arlo fisiko, tekniko eta psikologikoan jokalari bakoitzak hobekuntza izan dezan. Uriarteren kirol proiektuaren oinarrian jokalaria egongo da, modu indibidual batean. Horrekin batera, jokalariak ere balioetan oinarrituta hezi nahi dituzte.

Navarrok, berriz, Vila-realen, Levanten eta Rubin Kazanen egin du lan, eta, Aviñaren antzera, big data-n aditua da. Arrietak azken hamabost urteetan Bizkerren egin du lan, eta argi du Bizkaiko harrobian eragin behar dela, eta klubekin elkarlanean aritu proiektua garatzen segitzeko.

Kirol alorreko organigramaren barruan errendimenduko arduradun bat izango da, eta utzitako jokalarien azterketa egingo duen beste bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.