Iluntasunez betetako festa

Igandean hasi eta abenduaren 18ra bitarte jokatuko da 2022ko Munduko Kopa, Qatarren. Ustelkeriak eta giza eskubideen urraketek zipriztindutako txapelketa bat izango da. Paretsu daude indarrak hautagaien artean, eta Frantzia, Argentina, Brasil eta Ingalaterra dira faborito.

Iluntasunez betetako festa.
enaut agirrebengoa
2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun

Futbolaren festa izaten da Munduko Kopa. Lau urtean behin, planetako selekziorik onenak nor baino nor gehiago aritzen dira, jokalari eta zaleentzat parekorik ez daukan txapelketa horretan. Harmailetan 32 herrialdetako banderen koloreak nahasten dira, eta zelaian dir-dir egiten dute izar nagusiek, soilik futbolari gutxi batzuek lortzen duten sariaren bila. Qatarren, ordea, ilunpetan egingo da festa. Ezin da koloretsua izan, giza eskubideak urratzen dituen estatu batean jokatuko baita. Itzala besterik ez dago: Emirerriak diruz erosi du aurtengo Munduko Kopa, eta langileen zapalkuntzaren gainean eraiki. LGTBI kolektiboaren eta emakumeen aurkako eskubide urraketak ere etengabeak dira han, gainera.

 

Eta, hala ere, bira egingo du baloiak. Oso txapelketa parekatua dator. Frantziak bigarren garaipena kateatu lezake, eta Argentinak, Brasilek eta Ingalaterrak aspaldiko lehortea eten nahi dute. Bestalde, azken hamarkada luzean mundua bere oinetara izan duten jokalarien azken Munduko Kopa izango da. Haien gainetik nabarmentzen saiatuko dira izar gazteak.

 

TXAPELDUNAREN GAITZA

Frantzia da txapelketa irabazteko hautagai nagusia. Talderik onenetakoa dauka, eta 2018an Errusian garaikurra altxatuta iritsiko da. Alabaina, txapeldun izatea kalterako izan daiteke Didier Deschampsen taldearentzat, aurreko hiru garaileei gertatu zitzaien bezala: Italiak, Espainiak eta Alemaniak ezin izan zuten multzoen fasea gainditu txapelketa irabazi eta hurrengo aldian. Aurrez, kolpe bera hartu zuten frantziarrek 2002an, 1998ko Munduko Kopa irabazi ostean. Azken Eurokopan garbi ikusi zuten ezin daitezkeela bertan goxo gelditu: final-zortzirenetan kanporatu zituen Suitzak.

 

 

IDORTEA ETEN NAHIAN

Argentinak arindu handia hartu zuen iazko Amerika Kopan irabazita, eta konfiantzaz beteta iritsiko da Qatarrera. Partida bakar bat ere galdu gabe sailkatu da, eta 36 urteren ostean munduko txapeldun bihurtzeko erronka dauka. Talde sendo eta lehiakorra bilakatu du Lionel Scalonik, eta aurrean talentu handia dauka.

 

Brasilen zerrendan bederatzi aurrelari sartu ditu Adenor Bacchi Titek. Hots, erasora joko du Canarinhak, hogei urte geroago loria dastatzeko. Defentsan ere ez da batere makala: bost gol eskas sartu dizkiote sailkatze fasean. Gose diren gazteak eta eskarmentu handiko jokalariak nahastuta, Amerika Kopan Argentinaren aurka izaniko porrota ahaztu nahi dute brasildarrek.

Ingalaterrari ere tokia egin behar zaio faborito nagusien artean. Urte luzez ezinean aritu da selekzioen txapelketa nagusietan, baina neurria hartu die azkenaldian: finalaren atarian gelditu zen 2018ko Munduko Kopan, eta azpitxapeldun izan zen iazko Eurokopan. Gareth Southgatek nortasuna eman dio zelaian nahiz zelaitik kanpo. 1966an lortutako titulua berritzen saiatuko da.

 

ERABERRITZEN ARI DIRA

Faboritoak baino koska bat beherago daude Alemania eta Espainia. Elkarren aurkari izango dira E multzoan, eta, azalberritze prozesu betean dauden arren, zeresan handia eman dezakete. Alemaniarren lema jada ez du Joachim Lowk, baizik Hans-Dieter Flickek. Irabazle sena berreskuratu dute harekin, oso joko erasokorra eginez. Luis Enriqueri ere futbol ikusgarria egitea gustatzen zaio, baina Espainiaren jokoa ez da garai onenetakoa bezain fina. Eskarmentua falta zaio, baina lehiakorra da hala ere.

 

Herbehereak, berriz, behera eginda ibili dira azken urteetan, eta suspertu egin nahi ditu Louis Van Gaalek. A multzoan lehiakide izango du Senegal. Multzoen fasea gainditu eta final-zortzirenak gainditzea da Afrikako txapeldunaren helburua. Belgikak eta Kroaziak ere urrun iritsi nahi dute, baita Portugalek ere, kostata sailkatu den arren.

 

ITALIAREN HUTSUNEA

Sailkatzerik izan ez duena Italia da, egungo Europako txapelduna. Bigarren izan zen ligaxkan, eta Ipar Mazedoniak kanporatu zuen lehen kanporaketan. Hala, bigarrenez jarraian gelditu da Munduko Kopatik kanpo. Sekula ez zaio halakorik gertatu. Errusia, berriz, kanporatu egin zuten sailkatze fasetik, Ukrainako gerrarengatiko zigor moduan.

 

Kontrara, aurrenekoz parte hartuko du Qatarrek. Txapelketa antolatu duen herrialdea da debutari bakarra. Galesek, berriz, aspaldiko partez jokatuko du: 1958an aritu zen azkenekoz.

 

AZKEN DANTZALDIA

Irabazi daitekeen ia guztia irabazi dute Leo Messik eta Cristiano Ronaldok, gauza bat izan ezik: Munduko Kopa. Aurtengoa dute txapeldun izateko azken aukera. Luka Modric eta Karim Benzema izan dira 2008az geroztik Messi eta Ronaldori urrezko baloia kendu dieten bakarrak, eta haiek ere nekez izango dute txapeldun izateko beste aukera bat. Robert Lewandowskirentzat ere azken Munduko Kopa izango da ziurrenik.

 

Beteranoei itzal egiten saiatuko dira Kylian Mbappe eta Vinicius bezalako gazteak, Neymar edo Kevin De Bruyneren baimenarekin. Erling Hallanden golik ez da izango, haren selekzioa, Norvegia, ez baita sailkatu. Beste izar asko faltako dira zio beragatik: Mohamed Salah, David Alaba, Riyad Mahrez, Nicolo Barella, Victor Osimhen... Lesioen ondorioz, ez dira ariko N'Golo Kante, Paul Pogba, Reece James, Diogo Jota eta Mikel Oiartzabal. Bost euskal herritar arituko dira: Espainiarekin, Cesar Azpilikueta, Unai Simon, Hugo Guillamon eta Nico Williams, eta Ghanarekin, Iñaki Williams.

 

NEGOZIOA OROREN GAINETIK

Futbolak ez, diruak eraman du Munduko Kopa Qatarrera. Kirol arloan, hankaz gora jarri da kluben egutegia, aurrenekoz txapelketa negu partean joka dadin. Udan ezinezkoa zatekeen, beroarengatik. Giza eskubideen ikuspegitik ere, txapelketak ez du ez hanka, ez buru. Azpiegiturak eraikitzeko lanetan milaka pertsona hil dira. Langile gehienak herrialde txiroetatik iritsitako migratzaileak izan dira, eta baldintza penagarrietan egin dute lan. Horri Qatarko erregimenean emakumeek eta LGTBI kolektiboak duten errepresioa batu behar zaio. FIFAk beste alde batera begiratu du, ordea. 2010ean esleitu zion antolakuntza emirerriari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.