Arrauna

Aurrekalari izateko jaioa

Traineruaren brankan bakarrik jesarrita doan arraunlariak ardura handia izaten du ziabogetan, arraun txikia sartu eta patroiari ontzia biratzen laguntzeko; baita beste hamaika zereginetarako ere. Aurrekalaria izateko ez du edozeinek balio, fisikoagatik eta berezko izaeragatik. Eskarmentuak ematen dio konfiantza.

Urko Redondo Hondarribiko aurrekalaria, arraun txikia sartua duela, iazko Kontxako Banderako lehen jardunaldian, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Trebea, azkarra, arina, teknikoki ona, patroiarekin begi kolpe batez ulertzeko gaitasuna eta bere buruarekiko konfiantza eta segurtasuna duena... Dohain horiek guztiak eta gehiago izan behar ditu traineruaren brankaren puntan doan arraunlariak, hots, aurrekalariak, patroiari ziabogetan ontzia azkar biratzen laguntzeko eta estropadan naturak eragindako hamaika baldintzetara egokitzeko. Postu horretan zaildutako aurrekalariak dira, besteak beste, Ander Zabala Santurtziko arraunlaria (Santurtzi, Bizkaia, 1992), Urko Redondo Hondarribia taldeko arraunlaria (Orio, Gipuzkoa, 1986), Irati Larrañaga Donostiarrako arraunlaria (Tolosa, Gipuzkoa, 1992) eta Oihane Iraola Orioko arraunlaria (Tolosa, Gipuzkoa, 1992).

Arraun munduan, zenbaitzuk lemazain izateko jaiotzen diren bezalaxe, aurrekalari gisa doazenek ere berezko izaera, nortasuna eta identitatea izan ohi dute. «Lotsagabea izatea, hanka sartzeko beldurrik ez izatea, unean uneko erabakiak hartzea, gainontzeko arraunlariei ziaboga ondo egingo dugun konfiantza transmititzea... Azken batean, geu gara balizara heltzen garen lehenak»: Larrañagaren aitortza da.

Aurrekalariaren kokalekua da beste arraunlariengandik bereizten duen lehen ezaugarria. Tostan bakarrik doaz; gainontzekoak, berriz, binaka. «Gorago goaz; izan ere, txopa eta branka uretatik apur bat urrunago daude ontziaren erdiko aldea baino», azaldu du Zabalak. Redondok bere alde ona aurkitu dio tenteago egoteari: «Gainontzeko arraunlarien palak ikusten ditugunez, erasoa eta bukaera zuzentzeko aholkuak ematen dizkiegu».

Bigarren ezaugarria, berriz, ababorretik zein istriborretik arraun egin beharra da, itsasoaren eta haizearen baldintzen arabera. Iraolari tokatu zaio estropada batean bitatik egitea. «Alde batetik edo bestetik egiteko keinua guztiz aurkakoa denez, aldaketa egin eta hasierako paladak ematea gehiago kostatzen da». Baina guztiek ez dute bi aldetatik egiteko erraztasunik. Zabalarena salbuespeneko kasua da: ababorretik bakarrik egiten du arraun. «Arrisku hori gure gain hartzen dugu».

Aurrekalariek ziabogetan izaten dute ageriko lana, baina ezkutuan ere badute zeregina; brankaz, batez ere. Redondok honela azaldu du: «Batetik, gainontzekoek baino lehenago sartzen dugu pala uretan, eta azkarrago egiten dugu erasoa, lagungarria baita traineruak olatuetan bote handia egitea eragozteko; bestetik, gure tosta besteena baino luzeagoa denez, istribor edota ababor alderago jesartzen gara, ontzia nibelatuta eramateko». Funtsean, ontziak horizontalean nabigatu behar du, eta ez gora eta behera, horrek balaztaren funtzioa betetzen baitu.

Ontziaren branka estuagoa denez, aurrekalariek arrauna luzeagoa dute. Zertarako? Olatuetan urari gehiago heltzeko. Alta, baditu bere zailtasunak: «Erasoa egin eta gero, arrauna albora etortzen zaizu, eta ez bularrera, ontziaren gerrian doazen arraunlariei ez bezala», zehaztu du Zabalak. Aurrekalariak doazen lekua «deserosoa» da, santurtziarraren esanetan: «Itsaso mugitua dagoenean, kolpe asko hartzen ditugu». Gainera, estropada amaitzean, lunbar aldea minduta izan ohi dute batek baino gehiagok. «Beraz, olatuei aurrea hartu, azkar ibili, eta trebeak izan behar dugu», gehitu du. Arlo fisikoan, berriz, ez da postu hain sufrikarioa, lauren arabera: «Hankean edota gerrian doazen arraunlariek gehiago sufritzen dute, esfortzu handiagoa egiten baitute».

Nahiz eta «herio bizian eta bihotz taupaden erritmo biziarekin» arraunean joan, aurrekalarientzako zirt edo zart egiteko unerik garrantzitsuena ziabogakoa da. Iraolaren esanetan, «gaur egun dagoen berdintasunarekin, ziaboga ona egitea giltzarria da. Denborarik galtzen ez baduzu, hobe». Buruari buelta gehiegi ematea kalterako dela dio Zabalak: «Orain dela urte batzuk, ziaboga eman aurretik galdera asko egiten nizkion neure buruari: Ondo egingo al dut? Astia emango al dit?...». Gakoa, hau: «Aurrekalariak bere buruarekiko konfiantza izan behar du, eta zalantzak uxatu behar ditu; gehiegi pentsatzeak gaizki ateratzeko arriskua areagotu dezake». Horra Larrañagaren azpimarra.

Batzuek segundoak kareletik botatzeko beldurra duten heinean, beste batzuek segundoak «irabazteko» aukera gisa ikusten dute ziaboga. Horietako bat da Redondo: «Taldeak ziabogak ondo egiteko eta ontzia azkar ateratzeko gaitasuna duenez, luzean galdutakoa berreskuratzeko edota alde handiagoa ateratzeko aukera izaten dugu».

Akatsetatik ikasi

Guztiek nabarmendu dute aurrekalariek konplizitate «handia» izan behar dutela patroiarekin. «Ziabogara hurbildu ahala, patroiak hamarreko serie bat jotzeko eskatzen digu, traineruari abiadura emateko», esan du Zabalak. Gero, beren patroiek ematen diete abisua aurrekalariei, arraun luzea utzi eta arraun txikia sartzeko postura egokian jartzen hasteko. Haien esanetan, esperientziaren eta itsasoaren egoeraren arabera ontzia olatu gainean badoa, lehenago hasten dira prestatzen. «Baina palada asko galtzeak ontziaren abiadura galtzea dakar. Eskarmentuari esker, distantzia gehiago neurtzen duzu», zehaztu du Redondok. Aurrekalariek mugimendu txikiak eta azkarrak egin behar dituzte ontzian, «balantza gutxi sortzeko eta gainontzekoei kontzentrazioa ez galarazteko».

Zabalak azaldu du hurrengo urratsa: «Arraun txikia bere lekutik hartu, eta eskuineko hanka istriborreko toletaren aurka jartzen dut, baina badira batzuk bi hankak karelaren gainean jartzen dituztenak. Gero, Gorkak [Aranberri, patroia] esaten dit arrauna noiz sartu». Redondok aitortu duenez, Ioseba Amunarriz lemazainak ontzia balizara zein norabidetan lerrokatzen duen, haren agindua jaso baino lehenago edo beranduago sartzen du estoketa: «Aurrekalariok ikus dezakeguna patroiek ezin baitute ikusi: baliza, olatuak, itsaslasterra, haizea...».

Hondarribiko arraunlariak nabarmendu duenez, ontzia biratzean «alde handia» dago molde berriko traineruaren eta zaharraren artean. Honela azaldu du: «Aurreko ontzietan, arraun txikia sartzean esfortzu handiagoa egin behar zen trainerua trabesteko; ontzi berrietan, berriz, arrauna sartu orduko traineruak zibak bezala jiratzen du, eta berehala atera behar dugu arraun txikia». Zabalak, Larrañagak eta Iraolak toleta moduko helduleku bat izaten dute arraun txikian, «arrauna errazago jiratu eta ateratzeko; urak bere aldera indar handia egiten baitu, imanaren antzera».

Gizakia ez da perfektua, eta aurrekalariek ere akatsak egiten dituzte, gehiegi arriskatzeagatik edota naturaren eraginagatik. Azkena, Redondori gertatu zitzaion, Coruñako estropadan, eta lehen luzean; arraun txikia lehertu zitzaion. «Olatuak trainerua jo zuen unean sartu nuen arrauna, eta krak». Hurrengo segundo eta minutuetan burua «hotz» mantentzea funtsezkoa izan zen oriotarrarentzat. Baina arraun txikirik gabe beste bi ziaboga nola egin behar? «Arraun luzea toletetik kendu, eta nola edo hala, arraun txikia sartzeko lekuan sartu nuen Iosebari ontzia biratzen laguntzeko». Arraunaren historian, gainera, ezbehar are handiagoak suertatu izan dira; besteak beste, aurrekalariak ziabogetan uretara erortzea. Laurek, ordea, beren «mesederako», ez dute horretan gehiegi pentsatu nahi. «Argi dugu akatsetatik ikasi behar dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.