Eusko Label liga

Etxekoa, eta etxean nagusi

Santurtzik lehenengo aldiz irabazi du Eusko Label liga, eta Ander Zabala herriko arraunlariak nabarmendu du erregulartasunak eman diela garaipena. Aurrera begira, harrobiko lana ere funtsezkotzat jo du egitasmoa sendoa izateko.

Santurtzi igandean, Portugaleten, estropadan irabazitako bandera eta Eusko Label ligako garaikurrekin, lehorrera bidean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Kamioi baten gainean ibili ziren Santurtziko arraunlariak herrian barrena igandean, eta herritarrek txaloak eta bibak eskaini zizkieten. Bazuten zer ospatu: lehen aldiz irabazi zuen herriko arraun elkarteak Eusko Label liga ordu batzuk lehenago. Txapeldunen eran irabazi ere, azkeneko estropada, Portugaletekoa, menderatuz, bezperan Bermeon egin bezala. Ligako bigarren eta hirugarren banderak izan ziren taldearentzat. Horiei gehitu behar zaie Bizkaiko txapelketa.

Gozatu ederra hartu zuen igandean Ander Zabalak (Santurtzi, Bizkaia, 1992), Sotera traineru mitikoko arraunlarietako batek. Etxekoa izanik, etxeko taldearekin irabazle izatea gauza handia da gero. Ligan nagusitu izanaren atzean zer dagoen nabarmendu du lehendabizi: «Erregularrak izan gara». Behar du hori edozein liga irabazteko, baina ez da esaldi egin bat. Izan ere, aurtengo Euskotren ligan sekulako gorabeherak izan dira emaitzetan, eta goiko taldeak ez dira libratu horretatik: «Eguraldi eta itsaso aldaketek asko eragin dute gorabehera horietan, baita erdiko taldeen maila onak ere. Aurreko urteetan, goiko taldeek estropada txar bat eginez gero, lau bat puntu galtzen zituzten. Aurten, aldiz, zortzi-bederatzi puntu galtzeko ez zen ezer behar».

Santurtziren datuetan, zenbaki hauek azaltzen dira emaitza txarrenen laukitxoan: behin izan da hamaikagarren, bederatzigarren eta seigarren; gainontzeko estropada guztietan, aurreneko lau postuetan ibili da. Emaitza txarragoak Kontxako Banderan egin zituen, justu liga erabaki behar zenean baino egun batzuk lehenago. «Bazen kezka eta zalantza gure inguruan», esan du Zabalak, kanpoko jardunari erreparatuz. Talde barruan, bestelakoa zen konfiantza: «Guk garbi izan dugu beti ondo genbiltzala, eta talde barruan ez da inolako zalantzarik izan». Kontxa aipatuta, onartu du hobeto ibiltzea espero zutela, baina igandean bandera preziatua irabazteko ia aukerarik gabe geratu eta gero, azkar jarri zuten burua bere lekuan.

Lanean jarraitu zuten, lider zirelako Eusko Label ligan, eta, ondorioz, beste inork baino aukera gehiago zituztelako erregulartasunaren garaipena lortzeko. Esan eta egin. Bermeon hasi ziren itxuratzen, azken unean Hondarribia aurkari zuzenari irabazita. Hain justu, estropada horrekin geratu da Zabala aurrekalaria ligako une gozo bat aukeratzeko eskatu zaionean: «Sekulako estropada izan zen. Momentuan, uretan, horretaz jabetzen ari nintzen, eta gero, etxera joandakoan, telebistan ikusi nuenean, berretsi egin nuen uretan sentitu nuen hori».

Goian jarraitzeko lanean

Irabazle bilakatu da Santurtzi azken urteetan, hainbat hamarkadatan zulo beltzean egon eta gero. KAE 2 liga irabazi zuen lehendabizi, gero KAE 1, eta Eusko Label liga orain. «Goian jarraitu nahi dugu», dio Zabalak. Badaki, baina, hori ez dela hitzez lortzen. Ekinaren ekinez, baizik. «Lan handia dago atzean, eta berdin jarraitu behar dugu».

Aurreko mendean ere izan zen goian Sotera, baina gero hondora joan zen. Halako zerbait berriz ez gertatzeko, Zabalak badu bide bat buruan: harrobiarena. «Bateragarriak dira goian talde indartsua izatea eta harrobia lantzea. Ona da gazteentzat goiko taldea ondo ibiltzea, erreferentzia ona delako, pizgarria». Aurten, estropada garrantzitsuenak jokatu dituen taldean lau harrobiko arraunlari ibili dira hamalaukoan Zabalaz gain: Yeray Cayon, Carlos Duran eta Andoni Garcia. «Hor ikusten da lan bat. Yeray, Carlos eta Gorka Rivero KAE 2 liga irabazi zuen taldean zeuden, adibidez, eta orain liga nagusian lortu dute garaipena».

Azpiko lan onaren adibide bezala jarri ditu B trainerua atera izana, eta arraunlari gazteagoekin egiten ari diren lana arraun elkartean: «Sabino Astigarraga dabil horretan, eta lan ona ari da egiten kadete eta gazteekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.