Albistea entzun

Zientzia. Uxune Martinez eta Iñaki Alegria. Ingumaren arduradun ohia eta sortzailea

«Ingumak baieztatu du badagoela komunitate bat»

Hogei urte bete ditu Ingumak, euskarazko produkzio zientifikoa ezagutzeko ezinbesteko tresnak. Datu baseaz gain, euskal komunitate zientifikoa saretzeko eta trinkotzeko bitartekoa ere izan nahi du
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2020ko abenduak 11

Ingumak (inguma.eus), euskal komunitate zientifiko-teknologikoaren datu baseak, bilguneak, hogei urte bete ditu. UEUk sortua, 2000. urteko Durangoko Azokan aurkeztu zuten. 11.835 egileren, 43.541 dokumenturen eta 16.609 artikuluren erreferentziak ditu. Idatzizkoak eta ahozkoak. Doan. Ingumatik bestelako proiektuak ere sortu dira: Artizarra, Tesiker, Unibertsitatea.net, Buruxkak...

Proiektua ondo ezagutzen dute Iñaki Alegriak (Donostia, 1957) eta Uxune Martinezek (Durango, Bizkaia, 1969). Alegria UEUko zuzendaritzako kide da eta Ingumaren sortzaile izan zen: «Euskarazko produkzio zientifikoaren datu base baten beharra zegoen, eta egin genuen». Erretiroa hartuta dago EHUko irakasle lanetik. Martinez Ingumaren arduradun izan zen 2004tik 2015era. Euskampus Fundazioko zabalkunde zientifikorako arduraduna da.

Iñaki Isasi UEUko zuzendari nagusi ohiaren esanetan, orduan ez zenekiten euskal komunitate zientifikoa existitzen zenik ere, eta uste du neurri batean UEUk sortu zuela komunitate hori.

UXUNE MARTINEZ: Bat nator. Garai hartan zalantzan jartzen zen ea ba ote zegoen euskaraz jarduten zuen zientzia eta teknologiaren inguruko komunitatea. Ingumak hori baieztatu du. Jaso egin ditu ikerketak, haien ezaugarriak, egileen izen-abizenak... Baieztatu du badagoela komunitate bat.

Ideia oso sinplea da, euskarazko produkzio zientifiko-teknikoaren datu base bat. Egiteko eta kudeatzeko zailagoa da. Zer lan du atzean?

U.M.: Gure sasoian, batez ere, erregistroak aro hurbilera ekarri genituen. 1986tik aurrerako erakundeen produkzioa aztertu eta hustu genuen. Hutsune batzuk zeuden: informazio asko osatu gabe, egileen izen-abizenen inizialak bakarrik genituen... UEUk orduan elkarlanerako hainbat hitzarmen lotu zituen unibertsitateekin, informazio hori guztia jasotzeko eta husteko. Egileekin ere harremanak izaten hasi zen, haien datuak kontrastatzeko.

Detektibe lana egin behar izan zenuten?

U.M.: Bai. Kontua ez zen datu bat ematea eta kito. Guztia kontrastatu behar zen, beste datu base bibliografikoetara jo eta ikusi benetan lana egin zela. Kasu batzuetan produktu fisikoa esku artean izaten genuen. Ordu asko pasatu ditugu Euskaltzaindiko liburutegian, EHUko biltegietan... Lan polita da, baina ordu askokoa. Aurreko dokumentalistek detektibe lan izugarria egin zuten.

Ikuspegi informatikotik zer lan du?

IÑAKI ALEGRIA: Dokumentazio zentroetan, liburutegietan dagoen datu base nahiko tipikoa da. Hasieran bi zati oso bereiziak zituen: eguneratzen zen datu basea eta Internetekoa. Batetik bestera bolkatzeko nahiko lan egin behar zen, eta ezin zen oso maiz egin. Gero, sistema aldatu genuen, eguneratu ahala ia Interneten ere ikusteko. Bere garaian erabaki genuen metadatuak bakarrik ez, ahal zela datuak, estekak, digitalizatutako materialak ere eskaintzea.

Mundu akademikoan nolabaiteko ofizialtasuna lortu du, ezta?

U.M.: 2005-2006an, EHUn, irakasleek beren lanak justifikatzeko prozesu bat abian jarri zen, lanpostuak bermatzeko. Hainbat irakaslek jo zuten Ingumara, prozesuan euskarazko produkzioa aurkezteko. EHUk Ingumakoak ziurtagiri ofizial gisa onartu zituen. Ziurtatzen du haien ekoizpena dela eta ezaugarri batzuk betetzen dituela: goi mailakoa, onartutako aldizkari eta erakundeetan egina...

I.A.: Duela lau urte adierazle sistema bat jarri zuten abian euskal unibertsitate sisteman. Euskarazko produkzioan neurtu behar diren adierazleak Inguman egiaztatzen dira: zenbat lan, zenbat tesi...

Ingumak balio sinbolikoa izaten jarraitzen du? Euskarak produkzio zientifiko-teknikorako balio duela erakusten du, edozein arlo lantzeko?

I.A.: Erakusteko baino gehiago, helburu praktiko handia dauka.

U.M.: Inguma oraindik bada euskal komunitate zientifikoa existitzen dela eta bizirik dirauela erakusten duen seinalea. Gogoan ditut Inguman lanean hasi nintzenean Joserra Etxebarriak esandako hitzak: «Ingumak erakusten digu txikiak garela, baina ez kaskarrak». Beti daukat buruan. Garrantzitsua iruditzen zait.

Euskarazko zientzia produkzioak haziz joan beharko luke, gero eta zientzialari euskaldun gehiago daudelako. Ingumako datuen arabera, hala al da?

I.A.: Idatzizko lanetan sabai bat egon da. Azken hamar urteetan kopurua nahiko egonkortuta dago. Ez doa behera, baina ezta gora ere. Teorian bai, gora egin beharko luke, gero eta ikertzaile eta irakasle euskaldun gehiago dagoelako unibertsitatean. Baina gaur egun ez diete eskatzen euskaraz ekoizteko, ingelesez baizik.

U.M.: Sistemak hala eskatzen du. Hala ere, euskarazko kopuruei eustea oso esanguratsua da: euskaraz ekoizten jarraitzen dugu, nahiz eta testuinguruak komunitatea beste gauza batera behartzen duen. Badago euskaraz ekoizteko indar edo apustu bat, eta Inguma da horren adierazgarri, bizirik irautearen seinale. Eustea oso baliagarria da.

Komunitate zientifiko-teknikoa saretzea da, sorreratik, Ingumaren helburuetako bat. Badago ikertzaileen komunitate bat? Bada talde izaera bat, badaude konplizitateak?

I.A.: UEU izan zen sarrera eta sorrera lehen urteetan. Gaur egun komunitatea oso espezializatuta dago, eta elkar ezagutzen dutenak espezialitate berekoak dira, zailagoa da jakintza arloen arteko harreman hori. Azken urteetan nabarmentzekoa da Ikergazte kongresua: ia 200 gazte, 40 bat argitalpen... Hor saiatzen gara jakintza arloen arteko sare hori, lehen UEUk egiten zuena, bultzatzen.

U.M.: Komunitatea badago. 1970eko hamarkadan zegoen komunitatearen ezaugarriak ezberdinak ziren, batez ere haiek hizkuntza zientifiko-teknologikoa sortu eta garatu zutelako. Bazegoen sentimendu bat eta hizkuntzak bildu egiten zituen beren zientzia eta teknologikoa jardunean. Gaur egun, ezagutzen dudanagatik, askok, batez ere gazteek, ez dute euskal komunitateko aparteko partaidetza sentimendurik. Bilguneek lagundu egiten diete komunitate baten parte direla konturatzen. Komunitatea badago, baina beste ezaugarri batzuk ditu.

I.A.: Arrakastaren sintoma da. Komunitatea handiagoa da, eta harremanak ez dira hain estuak.

Inguma behar bezain ezaguna da, bai halako edukiak bilatzen dituztenentzat, bai sortzen dituztenentzat?

I.A.: Ikergazten, adibidez, ikusten dut gabezia bat. Bibliografia bat bilatzeko beti ingelesera jotzen dute. Askotan gertatzen da ikerketa batean justu euskaraz dauden erreferentzia batzuk aintzat ez hartzea. Gustatuko litzaidake gazteek eta ikertzaileek, ezagutzeaz gain, erabiltzea, lehen bilaketa han egitea.

Hezkuntzan ere erabilgarria da.

U.M.: Alabak batxilergoan izan ditudanean, ikusi dut nora jo duten informazio bila: sare sozialetara, Wikipediara... Derrigorrezko bigarren hezkuntzan ez dute tresna ezagutzen. Ahalegin bat egingo beharko litzateke bertara iristeko.

I.A.: Oraindik ez dugu asko sakondu, baina Inguma Wikidatan eta Wikipedian integratu nahi dugu. Euskarazko erreferentziak eskaini nahi dizkiegu, bai Wikipediako editoreei, bai erabiltzaileei. Oso bide interesgarria da, baina erreferentzia guztien edukia metadatuetatik datuetara pasatu beharko litzateke, digitalizatuta ez dagoena digitalizatu eta estekak jarri. Wikipedian edukiak behar dituzu. Lehen baino askoz ere errazagoa da digitalizatzea; zailagoa izan daiteke, ordea, egilearen baimena lortzea, digitalizatzeko.

Argitalpenen izaera ikusita, ez luke arazo izan behar, ezta? Lanaren zabalkundean laguntzen du, komunitate eta ekosistema jakin baten barruan dago...

U.M.: Sasoi batean arazo asko izan genituen, esaterako, tesiekin: euskaraz egindako tesiak zeuden estatuko beste unibertsitate batzuetako gordailuetan, Interneten modu publikoan jarrita, baina ez ziguten baimena ematen tesiaren esteka jartzeko. Oso errotuta zegoen edukien jabetza.

Alegria, esan izan duzu Ingumak erabilgarriagoa izan behar duela eta, besteak beste, edukien kalitate adierazleak landu behar dituela. Nola?

I.A.: Gaur egun denak maila berean daude. Baina pisatu egin ditzakezu, nolabait, erreferentzia edo aipamen gehien dituzten artikuluak eta egileak, aldizkariak, erakundeak... Uste dut dokumentazio munduan autoritate sistema deitzen dutela. Horrelako zerbait egitea pentsatzen ari gara; baina horretarako eduki gehienak digitalizatuta eduki behar dituzu. Zerbait automatikoa izanda, interesgarria izango litzateke.

Martinez, zure iritziz, balio erantsia eman behar zaio Ingumari. Nola?

U.M.: Interneten asko ibiltzen gara, baina gero eta erabiltzaile alferragoak gara. Gazteek behar dute, bilaketa egiten dutenean, emaitzak lehen kolpean eta modu argian ikustea. Adin bat dugunok, ordea, nekatuta gaude pantailaren aurrean hainbeste ibiltzeaz. Indarra hartzen ari den joera bat da, liburutegietan adibidez, erabiltzailearen soslaiari, nahiei eta interesei egokitutako mezuak bidaltzea posta elektronikoz.

Horiez gain, faltan sumatzen dut sare sozialetan presentzia handiagoa izatea. Ate on bat da Ingumaren eta produkzioaren berri emateko.

I.A.: Oinarrizko lana da eguneratuta mantentzea. Hori da minimoa eta lehentasuna. 2021ean azterketa sakon bat egingo dugu, saiatuko gara berriro proiektuari beste bultzada bat ematen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©GUILLAUME FAUVEAU

«Galtzagorriak behar ditugu. Indar hori, euskaldunak, galtzagorriak gara»

Ainize Madariaga

Libe Goñi Garatek eta euskarak gorputz bakarra osatzen dute. Seaskako lehen andereñoa izan denak bizia eman du bere artatzen eta transmititzen. Olentzero, taloak, kantua eta dantzak ere zabaltzen aritu zen. Orain, reiki irakaslea da.
Bi pertsona, animaliei begira, Zumas behatokitik. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Hezeguneko sinergia

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Landareek eta hegaztiek bat egiten dute Gasteizko Salburua parkean, eta bizia ematen diote hezeguneari. Ataria interpretazio zentroak natur ibilbideak eskaintzen ditu.
Ilaski Serranok eta Saioa Martijak Martxoaren 8ari buruzko <em>Ahoz aho</em> berezia prestatu dute bihar arratsalderako. ©ETB

Martxoaren 8ari lotutako makina bat saio izango da ikusgai egunotan

Urtzi Urkizu

ETB1en 'Ahoz aho' berezia egingo dute bihar. Hamaika telebistan emakume arrazializatuen inguruan arituko dira bihar, 22:00etan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.