Koronabirusa

Ahoa biluzteko aukera gehiago

Gaurtik, Hego Euskal Herrian ere bertan behera geratuko da kanpoaldean maskara derrigorrez jartzeko agindua. Bada ñabardurarik, ordea: distantzia fisikorik ezean, premiazkoa da.

Hainbat herritar Gasteizko kale batean, maskara jantzirik. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Hamahiru hilabete joan dira Hego Euskal Herrian ahoak maskaraz estaltzeari ekin zitzaionetik. Hasieran, maskararen erabilera agintzen zuen neurria indarrean sartu izanak duda eta desadostasun zurrunbiloa sortu zuen herritarrengan, askok zalantzan jartzen baitzuten gailuaren eraginkortasuna, besteak beste. Espainiako Gobernuak maiatzaren 21ean ezarri zuen araua, azkenik: maskararen erabilera derrigorrezkoa izanen zen aire zabalean eta erabilera publikoa duten espazio itxietan. Ordutik hona, izan dira aldaketak, baina gaur sartu da indarrean moldaketa sakonena: kanpoaldean ez da maskara jantzi beharko, baldin eta segurtasun neurriak bete badaitezke. Iparraldean, hilaren 17an sartu zen neurria indarrean, eta bide antzekoa hartu du Hegoaldeak orain. Urtebeteren ondotik, aurpegierak agerian dira berriz ere; iragazkirik gabe arnastu daiteke kaleko airea.

Leuntzea agerikoa da, baina, hala eta guztiz ere, arauak badu salbuespenik, Espainiako Osasun Ministerioak zehaztu duenez. Besteak beste, kanpoaldean izan arren, pertsonen artean metro eta erdiko distantzia uztea bermatu ezin den egoeretan herritarrek maskara erabiltzen segitu beharko dute gaurtik aurrera ere. Joan den asteazkenean eman zuten zehaztasun horien berri, eta, hain zuzen, Espainiako Ministroen Kontseiluak ostegunean onartu zuen neurria.

Maskararen derrigorrezko erabilera agindu zutenean gertatu gisan, hari buruzko neurria arintzeak ere mesfidantza ekarri die askori. Ordea, beste askok begi onez ikusi dute aldaketa; are gehiago, zenbaitek adierazi dute lehenago ere egin zitekeela horretarako urratsa. «Berandu dator, baina hemen da azkenean», azaldu du, ziurtasunez, Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileak. Dioenez, Euskal Herrian aspaldi zen hori egiteko berme epidemiologikorik. Kanpoaldeko erabilerari buruz mintzo da, betiere. «Dagoeneko, ehunka ikerketak argi erakutsi dute COVID-19aren agerraldiak non eta nola gertatzen diren, eta agerian geratu da espazio itxiak direla bereziki arriskutsuak, eta ez kanpoaldea edo kalea». Bestalde, Galarragaren esanetan, uda partean are eta bistakoagoa da neurria arintzeko garai egokia dela: «Udan izpi ultramore gehiago daude, horrek kalte egiten dio birusari, eta, beraz, mesede da maskararik gabe kalean lasai ibiltzeko. Kutsatzea zailagoa da».

Hegoaldeko osasun agintariek zein handik kanpokoek hainbatetan lotu dute maskararen erabilera leuntzeko bidea tokian tokiko txertaketa mailarekin. Hain justu, Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariak esana zuen herritarren %70 txertatua izatean egiten ahalko zela neurria arintzera. Ordea, Hego Euskal Herriko datuei so, langa urrun da oraindik: biztanleen %54k hartu dute dosiren bat.

Horiek hala, bistan da pausoa ez dela eman hasieran aurreikusi bezala. Halere, Felix Zubia Donostia ospitaleko ZIUko medikuaren iritziz, hartutako erabakia egokia da transmisioaren joerak ikusirik. Hori bai, ohartarazi du administrazioek ez dituztela mezuak «garbi» eman eta, beraz, «normala» dela herritarrek albistea mesfidati hartu izana: «Irizpide objektiboak baino gehiago, datak hartzen dira irizpide bezala, eta hori ezin da horrela izan».

Askeago, baina zorrotz

Denboraren joanak ez du birusa uxatu, eta, oraingoz, maskara ere ez da desagertuko luzaroan. Hala nola jantzi egin beharko da espazio itxietan, garraio publikoetan, aire zabalean jende pilaketak daudenean edo publikoa eserita dagoen ikuskizunetan metro eta erdiko distantzia bermatu ezin denean. Hortaz, ugari dira salbuespenak, eta, adituen ustez, ezinbestekoa da gogoan izatea. «Faltarik gabe izan behar dugu kontuan. Asko txertatu gabe daude, eta transmisioa erraz azkartu daiteke», adierazi du Galarragak. Halaber, Zubiari zaila zaio imajinatzea noiz utziko zaion erabiltzeari: «Gurekin izango dugu; hala behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.