Mendigorriko haurrek D ereduan matrikulatzeko aukera izango dute

Irailean ezarriko du Nafarroako Gobernuak. D eredua irekitzeko irizpideak argitzeko eskatu dute

Mendigorrian D eredua eskatzeko agerraldi bat, irailean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia - Irati Urdalleta Lete
2021eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetako borrokaren ondoren, Mendigorriko (Nafarroa) gurasoek lortu dute helburua: datorren ikasturtean haurrak D ereduan matrikulatzeko aukera izango dute Mendigorriko Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikoan. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak azaldu duenez, atzo jaso zuten albistea bertako guraso taldeak eta Behatokiak berak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin izandako bileran. Mendigorriko haurrek urteak daramatzate Garesko (Nafarroa) eskolara joaten, euskaraz ikasi ahal izateko. Egun, Behatokiaren datuen arabera, herriko 12 urte arteko haurren %35-45 kanpora joaten dira euskaraz ikastera.

Erabakia ontzat jo du Behatokiak: «Urrats garrantzitsua da, aurrematrikulazio garaian haurren eskubidea egikaritzeko aukera izango delako». Oraindik, ordea, «zalantza eta korapilo asko» daudela iruditzen zaie, Nafarroako Gobernuak ez duelako irizpiderik jarri D ereduko lerroak eremu euskaldunetik kanpo irekitzeko: «Eragin zuzena du egoera berean dauden Nafarroako gainontzeko haur, guraso eta ikastetxeei begira; egoera lehenbailehen konpontzeko eskatu dugu».

Izan ere, Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak adierazi du ez dakitela Mendigorriko erabakiak zer eragin izan dezakeen Nafarroako beste herrietan: «Legeak ezarritako eremu misto eta ez-euskalduneko hainbat herritara estrapolatu daiteke Mendigorriko kasua. Bada, herri horietako gurasoek ez dakite ongi zer prozedura eta baldintza bete behar dituzten euren herrietako eskoletan D eredua ireki ahal izateko». Hori dela eta, gobernuari eskatu diote argitzeko zein diren irizpideak eta baldintzak.

Mendigorriren kasuan —eremu mistoan dago—, Gaubekak dio kezkagarria dela Hezkuntza Maparen aldaketa lehenestea. Izan ere, haren iritziz, aldaketak ezin dira izan herritarren eskaeraren araberakoak: «Herriren bateko eskolan D eredua zabaltzeko eskaera dagoen bakoitzean, gurasoek urtebete edo gehiago itxaron beharko dute? Eta bitartean, zer? Ulergaitza da. Agintarien betebeharra da herritar guztion eskubideak bermatzea, eta horretarako tresnak baliatu behar dituzte, ez kontrara».

Haur eskolan, ingelesa

Iruñeko Udalak atzo onartu zuen haur eskolen inguruan asteon eztabaidagai izan den neurria: Printzearen Harresi zentroan egiten den euskarazko eta gaztelerazko eskaintzan ingelesezko jarduerak txertatzea datorren ikasturtetik aurrera. Navarra Sumak ez ezik, PNSNk ere babestu zuen neurria, eta horren truke haur eskolen doakotasuna onartu zuen udal gobernuak. Kritika ugari eragin ditu, ordea, euskarazko ereduan ingelesa sartzeak. Geroa Bai koalizioak adierazi du euskararen kalterako izango dela: «Ikerketa ugarik erakutsi dutenez, adin horietan kalte egin dezake hirugarren hizkuntza bat sartzeak, euskararen ikasketa prozesua trabatu baitezake». Gogora ekarri du euskara Nafarroako hizkuntza ere badela, eta babestu beharreko ondarea dela.

Joseba Asiron EH Bilduko zinegotzia ere gogor mintzatu da. Haren ustez, «zentzugabekeria hutsa» da udalaren neurria, eta PSNri egotzi dio «eskuinak euskararen aurka daraman borroka» babestea. Sozialisten jarrera aldaketa kritikatu du, «Navarra Sumaren bozeramaile lana» egiten ari direlakoan.

Oposizioko alderdiez gain, sindikatuek ere kritikatu dute udalaren neurria. ELAk esan du Enrique Maia alkateak Yolanda Barcinaren politikak errepikatu nahi dituela, «haur eskoletan gezurrezko elebitasun bat txertatuz». Sindikatuak esan duenez, «inongo herrialdetan ez da atzerriko hizkuntza bat erabiltzen haur eskoletan». Steilasek ere adierazi du «ikuspegi pedagogikotik kaltegarria» dela aldaketa, eta ez dela eskoletako langileen eztabaidatu. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren aurka ere egin du: «Alfonbra gorria jarri dio Maiaren euskarafobiari». Sortzen elkartea ere «haserre» agertu da. Udalari egotzi dio euskara «zokoratu nahi» izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.