Legebiltzarrerako hauteskundeak egitea proposatu du Madurok

Nicolas Maduro presidentearen aurkako manifestariak «diktadura» salatzen duten leloekin, atzo, Caracasen. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
mikel rodriguez
2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak bertze behin uko egin dio EB Europako Batasunak paratu dion ultimatumari —etzi arteko epea eman dio presidentetzarako hauteskundeetara deitzeko—, baina bertze aukera bat aztertzeko prest agertu da. «Ona litzateke legebiltzarrerako hauteskundeak aitzinatzea», adierazi dio Errusiako Ria Novosti agentziari. «Ados nago aitzinatzearekin, Batzar Konstituziogileak dekretu baten bidez deituta, eta hori irtenbide bat izatea estatu kolpe inperialistak Venezuelan eragin duen tentsioarentzat».

Oposizioak, ordea, atzo ez zion erantzunik eman adierazpen horri, eta Maduroren aurkako manifestazioak egin zituen hainbat hiritan. Juan Guaidok igandean egin zuen mobilizatzeko deia, eta haren burua Venezuelako presidente izendatu zuenetik egin dituzten lehenbizikoak izan dira. Guaidok parte hartu zuen Caracasko ospitale baten parean bukatu zen manifestazioan, eta, bukatu ondoren, adierazpenak egin zituen.

Bertzeak bertze, erran zuen ez duela onartuko herrialdetik ateratzeko debekurik, eta «nazioarteko koalizio bat» arduratuko dela AEBek agindu duten hamazazpi milioi euroko «laguntza humanitarioa» helarazteaz.

Bozketa europarlamentuan

John Bolton AEBetako segurtasun nazionalerako idazkariak Twitter bidez mehatxu egin zien atzo Venezuelako petrolioarekin, urrearekin eta «bertzelako gaiekin» merkataritzan aritzeko asmoa dutenei, «neurriak» hartuko dituztela erranda.

EBk ere presioari eutsi nahi dio; 28 estatuetako Atzerri ministroak elkartuko dira gaur egoeraz eztabaidatzeko, eta Europako Parlamentuak Guaido presidentetzat onartzeko ebazpen proposamen bat bozkatuko du gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.