Pandemiaren beste biktimak

Datuen atzean dauden lekukotzak dira: azken hilabeteetan langabezian gelditu diren bi pertsona gazte. Sektore ezberdinekoak izan arren, bat datoz: euren postuak manten zitezkeela diote.

Pandemian zehar Bilboko Zazpikaleetan zarratu diren tabernetako bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Iaztik ona 30.000 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, eta beste hainbeste dira aldi baterako espedienteen babesean daudenak. Pandemiaren beste biktimak dira azken hilabeteetan lanpostuak galdu dituzten pertsonak. Zerrenda luze horretan ageri dira Ander eta Joseba, zifra hotzen atzean dauden bi lekukotza. Sektore oso ezberdinetako profesionalak dira, eta biak bat datoz: esaten dute lanpostuak manten zitezkeela, baldin eta beren arduradunek, enpresak zein erakunde publikoek, ahalegin txiki bat egin izan balute.

40 urteren bueltan dabiltza biak, eta izen faltsua erabiltzeko eskatu dute. «Nork jakin noizbait berriz ere deituko nauten», azaldu Anderrek. Zaila izango dela badaki, dena den. Gida turistikoa da, eta apirilean zen lanera itzultzekoa Bizkaiko museo batean. Martxoaren 15ean, baina, itxialdia hasi eta bertan behera gelditu zen egitasmoa. Konfinamendua amaitzean erakustokia berriz irekiko zutela esan zion bere enpresak, baina museoaren jabe den erakunde publikoak iritzia aldatu zuen. «Turismoaren jaitsieragatik izan zela uste dut. Badirudi turismorik ez badago kulturarekin, museoekin edota bisitekin harremanaduten lanak ez direla sustatzen. Iazko udazkenean bisitari pila bat izan genituen. Hori bai; hiru laurdenak, euskal herritarrak. Orain irekita balego, ziur nago antzeko kopuruetan geundekeela».

Joseba, aldiz, industria sektoreko saltzailea zen urrira arte, eta Euskal Herrian barrena ibiltzen zen. Pandemia osoan hamabost egunez baino ez zen gelditu, hainbat bezero hornitu behar zituztelako. Hala ere, udazkenean, egun batetik bestera esan zioten kalean zegoela. «Ez nuen espero. Egia da salmentak zerbait jaitsiak zirela, baina sektorearen maila berean. Lanean ari ginen, eta ez dut uste horrelako neurriak hartzeko moduko egoera zenik. Nik uste dut kaleratu banaute merkeena nintzelako izan dela. Azkenetakoa izan nintzen sartzen, eta bost hilabetean amortizatu dute kostu hori».

Anderrek uda latza igaro du. Lan bila aritu da, baina gida enpresa gehienak hondoa jota daude: «Dagoeneko batek esan dit itxi behar duela. Kulturak inbertsio publikoa behar du, baina ez turismoari begira, kultur hedapenari begira baizik, eta baldintza onak eskainiz». Baldintzak aipatu ditu, prekarizazioa oso zabaldua baitago, leku batean baino gehiagotan gida izan den arren. «Gure kontratuak ordukakoak izaten dira maiz, eta horrela zaila da langabeziarako kotizazioa pilatzea». Anderrek, izan ere, egoera zaila bizi du. «Ekainean langabezia saria bukatu zitzaidan, eta hartaz geroztik diru sarrerarik gabe nabil, aurrezkiei tiraka. Zorte txarra izan dut; itxialdia beranduago hasi izan balitz, aldi baterako espedientean nengoke orain».

Josebak ere ez du egoera pertsonal erosoa, aste batzuk barru aita izango baita, eta susmoa du horrek ere eragina izan duela enpresaren erabakian. «Eskubide batzuk dagozkit, aitatasun egunak, besteak beste... Horrek ere pisua izango zuen. Egoeraz baliatu direla iruditzen zait». Lan eskaintzak begiratzen hasia da, eta, esperientzia duenez, sektorera itzultzeko itxaropena du: «Nire profilak etorkizuna baduela iruditzen zait, eta baliagarria naizela mundu profesionalerako, baina ez da berehala izango».

Ander, aldiz, beste sektore batzuetara begira hasia da, irakaskuntzara, esaterako, bere formazio akademikoak ematen baitio aukera. «Gida jardunean dena geldirik dago, eta irekita dauden museoek mozten duten lehen gastua langileena da», azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.