Jokin Altuna. Aspeko pilotaria

«Oso ondo etorri zait gelditzea: behar nuen»

Jokin Altuna bihar itzuliko da lehiara, azkenekoz jokatu zuenetik hilabete eta erdira. «Zuhur» jokatu nahi izan du: «Oso argi nuen: ez nuen presarik, ondo osatu nahi nuen, eta, gero, gozatu; ez zuen merezi bueltaka ibiltzea».

Jokin Altuna, ezker eskuari begira, joan den ostiralean Idiazabalgo (Gipuzkoa) Igarondo pilotalekuan egindako entrenamenduan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Maiatzaren 14an jokatu zuen azkenekoz Jokin Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1996). Unai Lasoren kontra galdu zuen buruz buruko finalerdia. Bi egun geroago, Aspek jakinarazi zuen aurrelariak uko egin ziola hirugarren eta laugarren postua zehazteko partida jokatzeari, mina baitzuen ezker eskuan. Hiru egun geroago, berriz, Aspek iragarri zuen ebakuntza egingo ziotela, ezker eskuko hatz erakuslean zuen nodulu bat kentzeko. 26an egin zioten ebakuntza. Ekainaren 17an zen itzultzekoa lehenbizi, eta 24an gero. Bihar itzuliko da azkenean, Mungian (Bizkaia), sanferminetako Asperen lau eta erdiko kanporaketan. Peio Etxeberria izango du aurkari.

Hilabete eta erdi pasatu ondoren, bihar jokatuko duzu berriro. Zer moduz zaude?

Hobeto. Gogor aritu gara entrenatzen arlo fisikoa; frontoian, ordea, suabe ibili gara, eskua gogortuz. Joan den ostiralean egin nuen lehen entrenamendu gogorra, eta ez nintzen gustura aritu. Eskuak egiten aritu naiz azken egunetan, eta gaur [atzo] berriro gogor entrenatu naiz. Hobeto sentitu naiz, eta jokatzea erabaki dut. Ilusioz nago; berriz hastea bezala da. Jokatu ahala joango naiz erritmoa hartuz, eta eskua ere gogortuko zait. Neure burua gai ikusten dut ondo jokatzeko, eta uste dut hobera egingo dudala. Uda aprobetxatuko dut indarberritzeko eta sasoi betean jartzeko.

Minik baduzu?

Hatza ondo dut. Aspaldi nekien ebakuntza egin behar zidatela, baina banekien ebakuntza eginez gero, hilabete inguru egongo nintzela jokatu gabe, eta egutegiak ez zuen horretarako aukerarik ematen. Baina buruz burukotik kanpo geratu eta gero, erabaki nuen orduan zela momentu egokia. Hala ere, eskuak kezkatu nau hatzak baino gehiago. Banekien hatza hilabetean sendatuko zitzaidala, baina eskua askoz okerrago nuen; oso gaizki bukatu nuen buruz burukoa. Eta eskuko mina ez da osatzen geldirik egonda; pilota jotzen ez baduzu, bigundu egiten da eskua. Oso argi nuen: ez nuen presarik, ondo osatu nahi nuen, eta, gero, gozatu; ez zuen merezi bueltaka ibiltzea.

Nola zaude sasoiz?

Nire sasoirik onenetik oso urrun nago. Denbora luzean egon naiz frontoian gogor entrenatu ezinik. Ez da nahikoa minik ez izateak; erritmoa eta jokoa izan beharra dago, eta, horretarako, ondo entrenatu beharra dago, eta partida onak jokatu. Ez dut horretarako aukera izan. Asteazkenean garrantzitsuena izango da ondo sentitzea eta minik ez hartzea.

Peio Etxeberria bete-betean aritu da. Sufritzea tokatuko zaizu.

Bai. Partida asko jokatu ditu, eta sasoiko dago. Peio beti da aurkari arriskutsua. Ni saiatuko naiz nire onena ematen, eta ea hori eginda irabaz dezakedan.

Gogorra izan da etenaldia?

Oporretatik bueltan izan zen okerrena; oso gustura egon nintzen oporretan, baina handik bueltatu nintzen, eta oraindik ezin nintzen pilotan ibili. Denbora luzez eguneroko oso zehatza izan dut; oso ondo nekien zer egin behar nuen egunero. Baina lesioak erabat aldatu zidan egunerokoa. Hala ere, oso ondo etorri zait gelditzea, eta, nire ustez, beharrezkoa da kirolari guztiek deskonektatzeko eta indarberritzeko tarte bat izatea. Oso gustura egon naiz. Beharra nuen. Bi urte neramatzan txapelketak jarraian kateatuta, batzuk nahi baino gutxiago prestatuta, baita minez ere. Baina pilotariek lehia betean egon nahi dugu beti. Sinatuko nuke berriz ere bi urtean bost final jokatzea. Une onak eta txarxeagoak bizi izan ditut azken bi urteetan. Asko ikasi dut pilotari gisa zein pertsona gisa. Oso garrantzitsuak izan dira niretzat.

Inoiz egon zinen horrenbeste denbora jokatu gabe?

Ez. Baina, zorionez, ez da izan lesio larri bat. Ebakuntza egin izan ez balidate ere, agian denbora luzez egon beharko nuen jokatu gabe, eskua dela eta. Horrelakoak pasatzen dira, baina, egia esan, inoiz ez dut sufritu aurten bezainbeste eskuetatik. Inoiz ez ditut azken urtean bezainbeste partida utzi jokatu gabe. Txapelketetakoak izan dira guztiak, eta hori ondo ez zauden seinale da, txapelketetan pilotariak aurrera egin nahi baitu, nahiz eta bete-betean ez egon; borrokan segitu nahi du. Baina nik ezin izan ditut jokatu. Denetik ikasten da. Saiatuko naiz ahal dudan ondoen zaintzen, beste partidarik ez uzteko jokatu gabe.

Zerk eragin du azkenaldian eskuek horrenbeste buruhauste ematea?

Ez dakit, ez dago ikerketa asko eskuko minen inguruan. Eskuak ahalik eta ondoen zaindu ditzakezu, baita babesik aproposenak erabili ere, eta, hala ere, min har dezakegu; pilota bat sartzen bazaizu, oso zaila da aurrera egitea. Gauza bat da eskua ukituta jokatzea, eta bestea pilota suabe jo eta mina sentitzea. Pilotari guztiok pasatzen ditugu garai zailak eskuen kontura, eta ni orain ari naiz garai hori pasatzen.

Aspalditik dator arazoa, baina buruz burukoan jo zuen goia.

Ez da kasualitatea. Buruz burukoa diziplina gogorra da, exijentea, eta eskuek asko sufritzen dute. Gainera, aurten, ez zegoen etenik txapelketan, eta astero jokatu beharra zegoen. Sufritu egin nuen, baina harro nago egin nuen txapelketaz: zailtasunak izan arren, dena eman nuen, eta ahal nuen guztia saiatu nintzen. Baina beste batzuk hobeak izan ziren. Kito. Haiek zoriondu besterik ez dago.

Kolpea izan zen finala ez jokatzea?

Ez. Barruan nuen guztia eman nuen finalerdian. Nik ez nuen nire partida onena jokatu, baina ezta Unaik ere [Laso]. Ez zen partida ona izan. Baina berak gehiago merezi izan zuen irabaztea; opari gutxiago egin zituen, eta hura zoriondu besterik ez dago. Baina ez zen kolpea izan finalerako ez sailkatzea. Oso ondo dakit zer zaila den finalak jokatzea; irabaztea zaila da, baina egotea ere bai. Hori dela eta, balio handia ematen diot egin dudanari. Pena eman zidan ez sailkatzeak, baina besteek ere asko jokatzen dute. Oinak lurrean dauzkat, eta badakit halako partidak jokatu beharko ditudala; horiek irabazten saiatuko naiz.

Bete-betean zinen finalerdia jokatzeko?

Ez bazara eguneroko lana egiten ari, kezka eta zalantza gehiagorekin joaten zara frontoira, eta igarri egiten da jokoan eta konfiantzan. Baina ez dut aitzakia moduan erabili nahi. Nik irabazi izan dudanean beste batzuek izango zituzten ere arazoak; kirolaren parte dira halakoak, eta hori ere bada kirolari ona izatea: bete-betean ez zaudenean ere ahalik eta gehien saiatzea, eta hortzak erakustea. Finalerdian ez zitzaidan ondo atera. Ez nintzen iritsi 22. tantora. Baina 17-13 joan nintzen aurretik; ez da erraza Unairi eustea, eta nik irabazteko aukera izan nuen. Horrek dezente balio du. Pena izan zen, baina ez nuen galdu 22-5.

Nola ikusi zenuen finala? Zer sentitu zenuen hura ikusten?

Etxean ikusi nuen, gurasoekin. Batetik, pena sentitu nuen; baina, bestetik, oso lasai bizi izan nuen, aspaldi ez bezala, aurrekoetan nik jokatzen bainuen. Egun polita izan zen: goizean, mendi buelta bat eman nuen, eta, arratsaldean, gogoz nengoen finala ikusteko. Unaik ikaragarri jokatu zuen, eta gauza handia da hori, buruz buruko lehen finala zela kontuan hartuta; asko esan nahi du haren alde. Pena eman zidan Josebak [Ezkurdia]. Asko saiatu zen finalera iristeko, gogo handia zuen partida ona jokatu eta txapela etxera eramateko, eta gaizki hasteak kalte egin zion. Pena izan zen ezin izan zuela berea eman. Baina Unaik ikaragarri jokatu zuen, eta merezita irabazi zuen. Horrela jokatzen badu, aukera gehiago izango ditu.

Laso dago olatuaren aparretan. Horrek motibatzen zaitu?

Badakit honek nola funtzionatzen duen. Unai oso indartsu ari da profesionaletara itzuli zenetik, baina ez gaude Unai eta biok bakarrik; askoz pilotari gehiago daude, eta oso zaila da goian eustea. Nik jokatu ditut finalak Jakaren aurka hura goi-goian zegoenean, baita Josebaren aurka finalerdietan ere. Azkenaldian, Unairen aurka jokatu dut sarritan. Niri axola zaidana da ni punta-puntan egotea, eta hor egonda, badakit batzuetan baten aurka jokatuko dudala, eta beste batzuetan beste baten kontra. Nik nire esku dagoen guztia egingo dut gorenean egoteko, baina maila handia dago, eta zaila izango da berriz ere bertan egotea.

Azken bi urteetan ez bezala, betea dator uda. Gogotsu zaude?

Bai. Itxura oso polita du udak. Enpresak ere esan digu dezente jokatuko dugula. Ilusio handia dugu. Saiatuko gara ahal dugun emaitzarik onenak lortzen, baina garrantzitsuena da ahalik eta ondoen jokatzea eta minik ez hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.