Imanol Magro Eizmendi.
Euskal Herriko Itzulia. ANALISIA

Korapiloa beharrezkoa da

2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Euskadi-Muriasek eskua luzatu dio Euskadi Fundazioari, eta atea ireki dio gizonezkoen eliteko euskal txirrindularitzari. Atea irekitzeak ez du esan nahi sartuko direnik, baina sare sozialetatik bueltaxka bat ematea edota Itzuliko irteera eta helmugetan gaia ateratzea nahikoa da jakiteko zaleek bat egite hori desiratzen dutela. Euskal txirrindularitzak eliteko bi talde behar ditu. Emakumezkoena Bizkaia-Durangoren inguruan eraiki daiteke, eta gizonezkoena bat egite horretan sustraitu beharko litzateke. Zehar kalteak izango dituela jakinda, zaila izango baita txirrindulari, langile eta laguntzaile guztiei tokia egitea.

Euskadi-Murias eta Euskadi Fundazioaren arteko harremana ez da ona izan. Lur azpiko sokatira-dema batean bizi izan dira azken urteetan. Orain, baina, iraganeko ozpina irentsi, ezinikusiak lurperatu, eta korapilo bat egin behar dute tenkatua izan duten soka horrekin. Muriasek Itzuliaren bozgorailua erabili du negoziazio prozesua aireratzeko, Mikel Landa fundazioko presidentea erlojupeko erabakigarri bati ekin aurretik arrabola egiten ari zen bitartean. Agian ez zen unerik egokiena ardura publikoki fundazioaren gain uzteko, baina, gerora begira, anekdota huts gisa gelditu beharko luke horrek, Muriasen moduko babesle onak ez baitira betiko, eta Euskal Herriak Kontinental Profesional mailan lehiatuko den harrobi egitasmo sendo bat merezi baitu.

Fundazioak du orain azken hitza, eta hark ezarriko du balizko bat egitearen erritmoa, baina, dirudienez, negoziazioak aurreratuta daude, eta izenaz haratago iritsiak dira. Euskadi Muriasen eta fundazioaren sokatira demak bi urte iraun du. Ez dira izan urte galduak, baina ezta behar bezala baliaturikoak ere. Bat egiteak erakunde publikoak berpiztu beharko lituzke, eta haien gorputz diplomatikoak martxan jarri demako sokaren gainean ekilibrismorik egin behar izan gabe. Lehia horrek ere ez die lagundu babesle zalantzatiei, zeinak igogailuen antzera gora eta behera ibili baitira edo itzuli handietan tokirik izan ez duten atzerriko txirrindularitza proiektuetan kopuru handiak inbertitu baitituzte. Haiei ere badagokie apustu egitea, horrelako marka pribatuek egin baitute handi euskal txirrindularitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.