Gidariak, gero eta kontzientziatuago

BERRIA.
Mario Garcia
2019ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Reyes futbolariak eta haren lehengusu batek bizia galdu dute berriki errepideko istripu batean, eta horrek berriz ere piztu du gidatzearekin lotutako zenbait auziren polemika. Futbolaria zihoan gidari, bi seniderekin batera, eta bertantxe hil zen haietako bat, eta larri zauritu bestea.

Azkarregi joateagatik gertatu zen istripua, eta, beraz, horregatik hil ziren Reyes eta haren lehengusua; hain zuzen, hedabide batean baino gehiagotan esan dutenez, orduko 200 kilometroan baino gehiagoan zihoazela eduki zuten istripua. Bestalde, Reyes ospetsua zenez, istripua ezezagun batek eduki izan balu baino oihartzun handiagoa izan du gertatutakoak. RACVNkook ez dugu ebatzi nahi ea egokia den edo ez orain hari omenaldiak egitea, baina gogoeta bat plazaratu nahi dugu bai abiadura mugez eta bai gidariek muga horien inguruan duten kontzientziaz, gai horrek zer-nolako polemika eragin duen ikusita. Halako istripu bat gertatzen denean, eta norbait ospetsua tartean dagoenean batez ere, berriro betiko zenbait eztabaida pizten dira abiadura mugen inguruan eta disuasio neurrien eta zigorren eraginkortasunaren inguruan. Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren datuei erreparatuta, azken urteetan askoz ere auto eta gidari gehiago ibiltzen dira errepidean lehen baino, eta askoz joan-etorri gehiago ere egiten dira. Errepidean hildakoekin, aldiz, kontrakoa gertatu da: gero eta gutxiago dira. Horregatik, RACVNkook uste dugu ez dagoela larritzeko arrazoirik, baina, aldi berean, iruditzen zaigu ez dugula gehiegi lasaitu behar ere. Automobilismo Klubekook beti esan izan dugu errepidean biktima bakar bat ere ez egotea izan behar dugula helburua; utopikoa dirudi gaur egun, baina duela hogei bat urte ere utopikoa zen gaur egun dauzkagun biktima kopuruak izatea.

Instituzioek hartutako neurria, betidanik, abiadura mugak apaltzea izan da oro har, baina RACVNkook ez gatoz bat horrekin. Kezkagarria da gero eta ibilgailu gehiago zahartuta egotea, eta, gure ustez, orain baino mantentze lan handiagoak egin behar lirateke errepideetan, baina, gaur egun, duela urte batzuk baino ibilgailu modernoagoak dauzkagu eskura, egonkorragoak eta seguruagoak, eta autobia eta autobide sare handiagoa ere bai. Abiadura mugak, ordea, ez dira aldatu, bat izan ezik: errepide arruntetan, 100etik 90era jaitsi dute muga aurten bertan. Iruditzen zaigu komenigarriagoa litzatekeela errepide zati bakoitza nola dagoen aztertzea eta horren arabera ezartzea bakoitzerako abiadura muga egokia. Leku batzuetan, oso egokia izango da muga hori apaltzea, baina, beste batzuetan, muga igoz gero ez litzateke arriskuan jarriko segurtasuna. Esaterako, asfalto oneko, sestra aldaketarik gabeko eta bihurgune gutxiko autobide eta autobia zabaletan, 120tik gorakoa izan liteke muga.

Azken batean, uste dugu bakana dela futbolari horri orduko 200 kilometrotik gorako abiaduran gidatzeagatik gertatu zaiona; izan ere, gidariak, oro har, ez dira ibiltzen halako abiaduran. RACVN sinetsita gaude ezen, oro har, gidariak kontzientziatuta daudela —gero eta kontzientziatuago, gainera— errepideko arriskuen inguruan eta abiadura mugen inguruan. Adi egon beharko dugu aurrerantzean ere, baina alarmismora jo gabe. Eta, bukatzeko, ez dago gaizki gogora ekartzea gizakien hutsengatik gertatzen direla istripurik gehienak (arreta galtzeagatik, arduragabekeriaz jokatzeagatik, eta abar; eta sakelakoa erabiltzeak gero eta zerikusi handiagoa dauka horretan).

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.