Alavesek sari lasaigarria lortu nahi du kezkak hartutako liderraren aurka

enaut agirrebengoa
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Urduri dago Alaves: hiru jardunaldi daramatza jaitsiera postuetan, eta azken bost partidetatik ez du bakar bat ere irabazi. Garaipenak eskuetatik egin zion ihes Betis eta Cadizen kontra, eta, etsiak jota, hotzikara nabaritzen hasia da. Bere txarrean, susperraldi zantzuak erakutsi ditu azken bi neurketetan, eta argi printzak bristada bihurtzen ahaleginduko da gaur, Atletico Madrilen zelaian.

Erronka ez da nolanahikoa: ligako liderra da Diego Pablo Simeoneren taldea, eta Alavesek ezin izan du garaitu 2017an Lehen Mailara itzuli zenetik. Hargatik, Abelardo Fernandezek uste du arretari «%200ean» eutsi beharko diotela Wandan saria eskuratzeko. «Ez badugu jokatzen haien intentsitate berarekin, gainetik pasatuko zaizkigu», azaldu du arabarren teknikariak.

Ez du uste taldeak goitik behera itxuraldatu behar duenik, oso dinamika petralean egonagatik. «Puntu gehiago lortzea merezi izan dugu azkenaldian, eta seinale ona izango da Betis eta Cadizen kontra marraztutako ildoari jarraipena ematen badiogu». Hala ere, garesti ordaindu dituzte banakako akatsak, eta halakoak inor gutxik ez bezala baliatzen ditu Atleticok. Hilabeteak daramatza lider, baina badu buruhausterik: Europatik at geratu berri da, eta Ligan txakalaldia ari dezaten; gerturatu egin zaizkio Bartzelona eta Real Madril.

Abelardok berregituratu egin beharko du zelai erdia, zigortuta baitaude Pina eta Manu Garcia. Litekeena da haien lekua Battagliak eta Ponsek betetzea.

ATLETICO MADRIL-ALAVES
Atletico Madril. Oblak; Trippier, Savic, Gimenez, Hermoso, Carrasco; Marcos Llorente, Koke, Lemar; Correa eta Luis Suarez.
Alaves. Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Lejeune, Duarte; Battaglia, Pere Pons, Battaglia, Luis Rioja; Edgar eta Joselu.
Epailea. Martinez Munuera.
Lekua. Wanda Metropolitano.
Ordua. 18:30 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.