Real Madril 80 Baskonia 73

Azken laurdenean erori da

Baskoniak itxura ona eman du Espainaiko Superkopako finalean Real Madrilen aurka, baina ez da nahikoa izan. Askotan aurretik egon da, baina ez du jakin errenta kudeatzen

Baskoniako Ilimane Diop, barneraketa bat egiten ahalegitzen, Gustavo Ayon Real Madrilekoa aurrean duela. O. CORRAL / EFE.
ainara arratibel gascon
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Real Madril. Causeur (1), Llull (15), Tayol, Randolph (8), Tavares (7),—hasierako bostekoa— Rudy (4), Campazzo (13), Reyes, Carroll (5), Deck (2), Prepelic (13) eta Ayon (12).

Baskonia. Granger (5), Janning (2), Shields(14), Xengelia (12), Poirier (11) —hasierako bostekoa— Vildoza (5), Voigtmann (2), Huertas, Diop (11), Garino (5) eta Hillard (6).

Markagailua: 20-21; 42-44—atsedenaldian— 61-62; 80-73. Epaileak Hierrezuelo, Pizarro eta Perez Perez. Ez dute inor kanporatu.Bestelakoak. 5.314 ikusle Fontes do Saren .

Sasoiko lehen txapelketa dela kontuan hartuta, Baskoniak ez du itxura txarra eman Espainiako Superkopan. Finalerdietan Bartzelona mendean hartu eta gero, atzo finalean estu hartu zuten Real Madril. Pedro Martinezen taldea askotan aurretik egon zen markagailuan, eta jokoaren ekimena izan zuen. Baina, azken laurdenean, behera egin zuen, eta Pablo Lasoren taldeak ez zuen barkatu. Hala, Real Madrilek eskuratu zuen kopa.

Normala ere bada atzo Baskoniari gertatu zitzaiona. Jokalariak sasoia hartzen ari dira oraindik. Aurreko denboraldian ikusi zen bezala, joko antolatzaile postuan du gabeziarik handiena Baskoniak. Ez Granger, ez Huertas, ezta Vildoza ere ez ziren gai izan jokoaren erritmoari eutsi eta Pedro Martinezen taldeak zuen errenta kudeatzeko. Gabezia hori ederki baliatu zuten Llullek, Causeurrek eta Campazzok. Gainera, Tavaresek min handia egin zien beste behin uztaipean.

Atzoko partidatik ikastea besterik ez zaio geratzen Baskoniari, behin baino gehiagotan jokatu beharko baitute elkarren aurka sasoian: ACB Ligan, Euroligan eta, zozketaren eta emaitzen arabera, Espainiako Kopan.

Baskoniak ez zuen ondo hasi neurketa. Llull eta Tavares lotu ezinda aritu ziren arabarrak, eta Real Madrilek partidako lehen errenta esanguratsua lortu zuen14-8 (6. min). Poirier izan zen Baskoniaren mehatxu bakarra lehen minutu horietan. Jokalari hotza da frantziarra, baina txapelketa honetan erakutsi du sasoiko ekin diola denboraldiari. Lehen laurden horretan zortzi puntu sartu zituen. Pedro Martinezek aulkia mugitu zuen, eta Diop eta Huertas atera zituen. Orduan hasi zen partidan sartzen Baskonia, eta, pixkanaka, errenta txikitzen.

Hala, bigarren laurdenean Diopek berak sartutako hiruko batekin estreinakoz jarri zen aurretik Baskonia: 22-25. Defentsan gehiago estutzeak ere izan zuen eragina, Tabares gabe Poiriereta Xengelia nagusi zirela uztaipean.

Hala, Baskoniak 2-11ko partziala egin zuen, eta zortzi punturen errenta ere lortu zuen: 28-36 (16. min). Baina berehala erantzun zuen Real Madrilek, 12-0eko partzialarekin. Partidako unerik parekatuenak izan ziren. Atsedenaldiko emaitza izan zen horren seinale: 42-44.

Bigarren zatian, Baskonia ondo atera zen , eta berriro ere errenta polit bat lortu zuen: 50-56(27. min). Baina Pablo Lasok Prepelic kantxaratu zuen orduan. Esloveniarra jokatu gabe zegoen artean, baina zazpi minutuan 13 puntu lortu zituen, eta 69-64 jarri zuen aurretik berriz Real Madril (33. min).

Azken laurden horretan hobeto kontrolatu zuen partida. Orkatila bihurritu arren, Campazzok hartu zuen lehiaren aginte makila; Baskoniaren joko antolatzaileak ez ziren gai izan hura geratzeko. Eta, hark sartutako hiruko bati esker, Lasoren taldeak ia erabakita utzi zuen partida: 74-68 (35. min). Hark lapurtutako bi baloiri esker ailegatu ziren, gainera, Real Madrilen azken bi saskiratzeak.

Laurden horretan Baskoniaren erasoko ekarpena hutsala izan zen. 11 puntu baino ez zituen sartu Pedro Martinezen taldeak, eta hori Real Madrilen edo halako talde baten kontra garesti ordaintzen da. Laurden horretan egon zen partidaren gakoa. Hor nabaritu egin zen Real Madrilek talde zabalagoa duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.