Osasuntsu elikatzea denon eskura dago?

Nerea Telleria
2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Agian, osasungarri jatea garestia edo merkea den eztabaidan sartu aurretik, geure buruari galdetu beharko genioke zer den ondo jatea.

Gure erosketa-saskia aurkitzeko zailak diren elikagaiez betetzea, orain arte ezagutzen ez genituenak edo urrunetik ekarritakoak erostea edo erosketak gourmet dendetan egitea osasuntsutzat hartzen badugu, orduan bai, garestia da. Zorionez, zientziak ez du gauza bera aldarrikatzen. Eusko Jaurlaritzak dieta osasungarria honela definitu du: pertsonak bizi daitezen beharrezkoak diren nutriente guztiak dituzten elikagai eskuragarriak eta modu askotara konbinatzen dituena, orekatuta, bakoitzaren behar espezifikoetara egokituta eta bizimodu eta ohiturekin sintonian dauden prestaketa eta kontsumo ohiturak biltzen dituena.

Definizio horretan, esklusibotasun, prezio... hitzak aurkitu dituzue? Osasungarri jatea garestia dela zalantzan jartzera animatzen zaituztet, nahiz eta argudio bezala definizio bakarra erabiltzea eskasa eta sinesgaitza izan. Baina azkenengo gomendioak dieta osasungarri eta jasangarria jarraitzearen ildoan doazela esaten badizuet? Berdin-berdin geratzen zarete, ezta? Irakurleak nahastu baino lehen, dieta jasangarria zer den argituko dugu.

Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen esanetan (FAO, 2010), dieta horiek ingurugiroan inpaktu txikia eta elikadura eta nutrizio segurtasuna bultzatzen dute. Horrez gain, bai egungo bai etorkizuneko belaunaldiek bizi osasuntsu bat eduki dezaten laguntzen dute. Gainera, biodibertsitatea eta ekosistemak babestu eta errespetatzen dituzte, kulturalki onesgarriak, eskuragarriak, ekonomikoki justuak eta eskuragaiak eta nutrizionalki egokiak, ez kaltegarriak eta osasuntsuak dira eta natura eta gizakiaren baliabideak optimizatzen dituzte. Dieta Mediterranea Fundazioaren azkenengo piramidea aurreko definizioarekin bat dator. Horrek, biodibertsitatea, urtarokotasuna, produktu tradizionalak eta bertakoak, eta ingurumena errespetatzen dutenelikagaiak piramidearen oinarrian jarri ditu.

Segur aski, baten batek pentsatuko du jasangarritasunari buruz hasi naizela idazten eta ahaztu zaidala nire betebeharra osasungarri jatea garestia ez dela defendatzea zela. Baina alderdi horiek pentsatzen genuen baino lotura handiagoa dute.

Gure elikaduraren oinarria izan behar diren frutak eta barazkiak hain garestiak dira, non gure elikadura osasungarria izatea oztopatzen duten? Berriro ere puntu berera itzultzen gara, gure poltsikoak sufritu ez dezan eta ingurumenean inpaktua gutxiesteko bertako eta sasoiko produktuak hautatu beharko genituzke, eta ez bakarrik haien kasuan, lekaleak, arrainak eta haragiak ere hemengoak aukeratu beharko genituzke. Momentu honetan, adibidez, sagarrak pilaka ditugula, Zeelanda Berritik ekarritako kiwi bat merkeagoa izango da?

Baina, nahiz eta produktu horiek erosi, otorduen plangintzarik ezak gure janaria garestitzeari lagunduko dio, elikagai sastarrak izango ditugulako. Hots, baditugu guk ere gure erosketa-saskiaren prezioa beheratzeko aukerak nahi izanez gero.

Nire jarrera defendatzeko argudio berriak emateko aukera alferrik galdu dudala pentsatuko du norbaitek, baina beharbada eztabaida hurrengoa izan beharko litzateke:

Osasuntsu jatea garestia da edo gaizki jatea merkeegia?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.