Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Beroak dakartzan aldaketak

Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun

'Le milieu de l'horizon'



Zuzendaria: Delphine Lehericey. Herrialdea: Suitza-Belgika. Iraupena: 90 minutu.

Gus gaztea guraso, arreba eta lehengusuarekin bizi da baserrian. Uda da, eta batere gogorik ez duen arren, aitari baserriko lanetan lagundu behar dio. Zelaiak lehortu eta oiloak hiltzen ari den bero bolada bat jasaten ari dira. Itogarria den egoera honetan iritsiko da Cecile, dibortziatu eta etxetik alde egin berri duen amaren laguna, eta harekin hasiko da aldatzen Gusek ezagutzen duen mundua.

Amarekin harreman oso estua duen haurra da Gus, eta gertatzen ari diren aldaketekin bere kabuz moldatzen ikasi beharko du gazteak. Haztera behartzen gaituzten egoerak aztertzen ditu Delphine Lehericey suitzarrak bere azken film luzean, haurra edo heldua izanik ere, eboluzionatzera behartzen gaituztenak. Tradizioan oinarritzen den bizimodu batek jasan behar dituen aldaketekin moldatzera behartuta dago aita, eta gauza bera gertatuko da familiako funtzionamenduarekin ere.

Etxeko txikiaren begiradatik kontatu nahi izan digu istorioa Lehericeyk, eta oso erabaki egokia da. Izan ere, bere adinarekin bat dator ulertzen ez ditugun aldaketei aurre egin beharra. Hazteko garaia du Gusek, amaren goxotasunean babestuta bizi izan da, eta inozentzia hori galtzeko ordua iritsi zaio. Horrela, inoiz bizi ez ditugun egoerak oso gertukoak bilakatzea lortu du zinemagile suitzarrak, eta haurrak duen jakin-minarekin deskubritzen goaz, gutxinaka, ingurua aldatzen ari den bero bolada horrek ekarri diguna.

Aktoreen lan bikainak borobiltzen du Lehericeyren zuzendaritza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.