Julia Barberena. Neskatoa eta okina

«Nire ideia ogia egiten hiltzea da»

Ezaguna da Orozkoko Presatxu baserrian egiten den ogia; Barberena da bertako okina, hain zuzen. Aurrez neskato lanean ibilia da Parisen eta Antilla Txikietan.

MARISOL RAMIREZ / FOKUA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Orozko
2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Baserri giroan hazi zen Julia Barberena (Zugarramurdi, Nafarroa, 1941). Baina bere «bizia idazteko asmoz», abereak eta ortuak utzi eta neskato lanera joatea erabaki zuen gaztea zela. Urte batzuen buruan eta munduko hainbat txokotan familia entzutetsuen zerbitzari ibili ostean —Parisen eta Antilla Txikietan, besteak beste—, haurtzaroko bizimodura itzuli zen. Egun, ia 60 urte geroago eta sorterritik dozenaka kilometrora, zoriontsu da Orozkoko (Bizkaia) Presatxu baserrian, Pablo senarrarekin. Orozkoko ogi eta euskal pastel ezagunaren egileak dira.

Zugarramurdiko Telletxea etxean zer giro zen haurra zinela?

Zortzi haurride ginen, ni baino lehenago baziren bost mutiko; ni seigarrena, eta gero beste bi neska. Ni bortz mutikoak baino makurragoa nintzen. Ez nintzen behin ere ume erraz bat izan; gauza bat egin behar zelarik beti aldrebes egiten nuen. Imajinazio handia nuen, eta gezurrak erraten nituen anitz, baina atzematen ninduten. Beste denak onak ziren, eta nik neure burua arrimatu behar nuen.

Herrian bizi zineten?

Bai, Telletxea etxean sortuak gara. Baina niri baserria gustatzen zitzaidan, benetan pozik joaten nintzen amatxiren eta aitatxiren etxera, herritik 500 metrora bizi ziren, eta maite nuen harat joatea. Gurasoek bertan lan egiten zuten.

Eskolara joaten zinen?

Ze erremedio! Ez zitzaidan bat ere gustatzen. Lehenbizian hasi nintzen pixka bat ongi, baina behin egin behar izan zuten gauza bat behar ez dena, eta orduan fini. Ja ez nuen fitsik jakin nahi, ez zitzaidan bat ere interesatzen. Eta, gero, segitu dut berdin.

Zure adinekoekin egotea ez zenuen gustuko?

Beti zozoa nintzela erraten zidaten, ez nekiela ezer egiten eta orduan bazterreko aldera joaten nintzen. Bihurria nintzen, baina banuen izeba bat, neskazaharra, eta horrekin aski ongi arrimatzen nintzen. Zeren nik atzematen nuen egiten zidala jende handiari bezala solas, ez ume bati bezala; ez ninduen engainatzen.

Baserrian lan egitea ere maite zenuen?

Artoa erein behar zelarik, edo ogia edo bertze gauzak egin, baserrira joan beharra zegoen; behien aitzinean behar zen norbait eta umeak ibiltzen ahal ginen horretan aski ongi. Han umeek egiten zuten handiak bezala eta neure burua sentitzen nuen anitz hobekiago. Egun horietan ez ginen eskolara joaten.

Baina ez zinen baserrian gelditu.

Haurra nintzelarik Zugarramurdin baziren Guardia Zibilen seme-alabak gure artean, nire lagunak ziren, eta horiek bazuten plexiglaseko antzeko gabardina bat, gardena, berehala hausten zena. 8 urte inguru izango nituen; aitari erran nion halako bat nahi nuela, eta aitak erran zidan nahi baldin banuen izan holako gauzak neskato joan beharko nuela, eta bestela etxean bazela beti lana, baina arropa arruntekin biziko nintzela. «Bestela zure bizia zuk idatzi beharko duzu», erran zidan. Horrek ja lasaitasuna eman zidan; ez nintzen gehiago kexatu. Oroitzen dut behin joan ginela etxe batera, eta hor baziren umeak, eta neure burua eskaini nuen haurrak zaintzeko, baina ez zuten nahi. Aita kontent zen banuelako gogoa nire bizia nik idazteko.

Orduan neskato joatea erabaki zenuen

Neskato lanetan Lekeition (Bizkaia) hasi nintzen, 19 urterekin. Bi emazteki bizi ziren etxe batean urtebete egon nintzen. Gero epaltzatarrenera joan nintzen Donibane Lohizunera (Lapurdi), eta urte eta erdi egon nintzen han. Anaiak zerbitzura joan behar zuelako etxera itzuli nintzen arte, baina berehala sasoia egitera joan nintzen.

Sasoia?

Sasoiak erran nahi du hiru hilabetez turista Getariara joatea. Han, Adiskidenea izeneko etxean egon nintzen, eta anitz ikasi nuen.

Adibidez?

Jendeari faltsukeria ohartzen hasi nintzen. Etxeko emaztekiak izugarrizko fama txarra zuen; ez zen txarra, baina haren ondoan bazen beste emazteki bat arras edukatua, baino ustela sagarrak bainoago. Eta hor hasi nintzen jendeaz ez fidatzen.

Eta sasoia amaituta?

Ingelesa ikasi nahi nuen, eta kusi batek erran zidan Ibarnegarai frantses gobernuko diputatuak neskato bat behar zuela. Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) palazio antzeko bat zuten, eta etxe horretan bazen inskripzio bat: «Lehen hala, orain hola, gero nola?». Hor baginen zazpi-sei, ni etxeko alaba zaharrenaren haurrendako hartu ninduten, eta hura ezkondua zen Antilla Txikietan.

Antilla Txikietara joan zinen zu ere?

Barkuz joan ginen; lehenbizi Guadalupen (Latinoamerika) lehorreratu ginen, eta hortik abioiez joan ginen Saint Kittsera. Uharte txiki bat zen, eta asko gustatzen zitzaidan. Beti bero baitzen, eta nik maite dut beroa. Toki ona zen, baina hor baziren zuriekin eta beltzekin istorioak. Arrazakeria arazoak zeuden. Baina niri hango jende zuriek ongi egiten zidaten. Han egon nintzen urte eta erdi. Ostean, Frantziako gobernadoreak bere ilobak zaintzea nahi zuen Antilla Txikietan, baina ez nintzen ondo moldatu bertako etxekoandrearekin. Zugarramurdira buelta egin nuen, eta gero joan nintzen berriz Parisera, eta han egon nintzen ongi.

Ez da konbentzituta esandako «ongi» hori.

Erantzukizunarekin, baina ongi. Neskato lanean ari zarela, argi duzu zein den zure lekua.

Zein da?

Bazterrean. Distantziak behar dira beti; hori da nire opinioa. Parisen banituen bi haur txiki. Eta bigarren urtean oporretan etorri behar nuelarik, etxekoandreari erran nion nirekin eramango nituela Zugarramurdira. Luxuzko familia zen, industria gizonak ziren. Baietz erran zidan, eta bi haurrak Zugarramurdira ekarri nituen sei hilabetez. Baina, klaro,epaltzatarrekin Orozkora etorri nintzelarik ezagutu nuen Pablo.

Nola?

Epaltzatarren neskato nintzela, udan Orozkora etorri ginen; familiak etxea zuen, eta hemen egon nintzen 45 egun, eta hor ezagutu nuen Pablo nire senarra. Zugarramurdira etorri eta gero ezkontzeko, bi egun lehenago utzi nituen Pariseko haurrak.

Pablorekin ezkondu, eta Orozkora etorri zinen bizitzera.

Hilabete baten buruan ohartu nintzen zer zen ezkontzea, nire libertatea galdu nuela konturatzean. Ez da erraza izan, anitz gauzaikasi dut. Nik neskazahar gelditzeko ideia nuen, eta 23 urterekin ezkondu nintzen. Ez da hain gazterik ezkondu behar. Ez da erraza izan, baina, hala ere, merezi izan du.

Bi alaba izan dituzue. Neskato zinean izandako haurrak bezala hezi dituzu zureak?

Nire amak anitz aldiz erran zidan bertzeen haurrak nireak baino anitz hobekiago hazi ditudala. Neskato baldin bazara, zure erantzukizuna da; zureak dira umeak, baina beti bada norbait gibelean,azkeneko hitza hartzen duena. Zure haurrekin zu zara azkeneko hori, eta ez da erraza.

Munduan zehar zure bizitza idazteari utzi, eta baserrira itzuli zinen

Baserrira etorri nintzenean ikasi nuen behiak jezten. Baserria maite dut, eta etxe zaharrak maite ditut. Kaleak ez nau fitsik erraten; jendeak izutzen nau; ez nau segurtasunik ematen. Hemen neure buruarekin seguru naiz, eta beharbada plazan ez hainbeste.

Ogia egitearena nondik dator?

Umeak koskortu zirenean, nik lana egin nahi nuen, eta eskuekin bakarrik dakit lanean: ez dut estudiorik, ez dut fitsik. Labe bat bazen orduan hemen, eta ogia egiten hasi nintzen. Egun, 78 urte ditut, eta nire ideia ogia egiten hiltzea da.

Zer ordutan jotzen du iratzargailuak etxe honetan?

Hiru egunez gaupasa egiten dugu gazteek bezala, baina beste manera batean. Ogia ostegun, ostiral eta larunbatetan egiten dugu, eta egun horietan 00:30ean esnatzen gara.

Lehenbizikoz Gernikara hemezortzi ogirekin joan zineten. 1978. urtea zen. Geroko arrakasta espero zenuten?

Inolaz ere ez. Orduan azokak hasi berri ziren.

Zein ogi mota egiten duzue?

Lehenbizian hasi ginen zuriak bakarrik egiten. Gero hasi ginen integrala, espelta eta zekalea egiten. Baita euskal pastela ere.

Bezeroak aldatu dira urteen poderioz?

Ez. Izugarri jende gozoa da gure bezeroa. Bezeroak jaten ikasten duenean, oso leiala da.

Baloratzen da oraindik etxeko ogia?

Lehenbizian kosta zen ohitzea. Ijitoak dira bezero aski onak, ohitura zaharrak mantentzen dituztelako.

Zein egur erabiltzen duzue?

Pagoa, haritza eta pinua. Ogien azala desberdin egiten da egurraren arabera.

Nork erakutsi zizun ogia egiten?

Hori beti ikusia nuen aitatxi eta amatxiren etxean. Hemen bazen auzoko bat okina izana, eta etorri zen bizpahiru aldiz gurera. Eta gero bazen eraikitzaile bat ere German Etxeberria, eta berak erran zidan egiteko nik nahi nuen bezala, inori kasu egin gabe.

Zer da Julia Barberena? Neskatoa, baserritarra ala okina?

Ni. Ez gehiago eta ez gutxiago. Ez dut fitsik gordetzeko, dudana kontatu dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.