Albistea entzun

Begoña Krego. Dantzaria

«Pasioari esker heldu naiz nagoen lekuraino»

Aspalditik ari da dantzan Krego, 12 urterekin hasi baitzen dantzatzen. Egun, Euskal Herriko dantzaririk beteranoenetako bat da, eta oraindik ere ez du erretiroa hartzeko asmorik. Dantzaren mundua oraindik «ezezaguna» dela azpimarratu du.
RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Enzunza Mallona -

2021eko maiatzak 9

Bizitza dantzan eman du Begoña Kregok (Santurtzi, Bizkaia, 1960). Dantzaria, koreografoa eta irakaslea da. Dantza klasikoan lizentziatu zen, Valentziako (Herrialde Katalanak) Arte Dramatikoko eta Dantzako kontserbatorioan, eta, ordutik, gelditu gabe dabil. Egun, Charadas ikuskizuna herriz herri aurkezten ari da Maria Martin dantzariarekin batera, baina, horrez gainera, hezitzaile gisa ere lan egiten du: dantzako eta pilateseko irakaslea eta antzerki prestatzailea da: «Gorputza lantzen jarraitzen dut etengabe». Egoera makur hauetan antzokiak betetzen ari direla ikustea «oso pozgarria» da, haren hitzetan: «Herritar asko jabetu dira arteak duen garrantziaz».

Zer moduz doa Charadas ikuskizunaren bira?

Oso ondo. Dantza, antzerkia eta komedia uztartzen dituen ikuskizun bat da, oso ausarta. Bertan, dantza garaikideak eta umoreak bat egitea posible dela erakutsi nahi dugu. Izan ere, sarritan, artistikoa den guztia serioa dela pentsatzeko joera dago, eta hori ez da horrela. Krego-Martin dantza konpainiaren bitartez sortu dugu ikuskizuna, eta estilo bakarrera mugatzen ez garenez, denetarik probatzeko askatasuna dugu. Hau da, gure interesen eta beharrizanen araberako hautua egiten dugu.

Profesionalki, nola eragin dizue pandemiak artistoi?

Alde batetik, esan beharra dago joan den urtean bertan behera geratu ziren emanaldietako batzuk aurtengo egitarauetan jarri dituztela. Hala ere, ikuskizun asko bertan behera geratu dira, eta horrek sekulako eragina izan du. Alde ona aipatzearren, ni oso pozik nago, azkenaldian jende asko ari delako joaten antzokietara. Herritar asko jabetu dira arteak duen garrantziaz eta, horrekin batera, dantzaren balioaz.

Pilatesko irakaslea ere bazara. Zer eskaintzen du pilatesak?

Gorputza antolatzeko eta sintonizatzeko teknika paregabea da pilates. Mugimendu guztiak kontzienteki egiten dira, eta edonor da gai teknika hori praktikan jartzeko. Gainera, bitartean dantzako klaseak ere ematen ditudanez, gorputza lantzen jarraitzen dut etengabe.

12 urterekin hasi zinen dantzan. Nolatan?

Egia esan, nire kasuan, ez zen hautu erraza izan. Euskal Herrian, euskal dantzak edo ballet klasikoa ikasteko aukera baino ez zegoen, eta, gainera, dantza klasikoaren mundua nahiko elitista zen. Hortaz, gu langile klaseko familia bat ginela kontuan hartuta, ez zen erabaki erraza izan. Hasiera horretan, ahizpa nagusia hasi zitzaidan dantza klaseak ordaintzen, eta hari esker hasi zen dena.

Handik Valentziara joan behar izan zenuen dantza klasikoa ikastera. Euskal Herrian ez zegoen dantzako ikasketak egiteko aukerarik?

Hori da. Hemen ez zegoen inolako kontserbatoriorik titulazio horrekin, eta, ikasten jarraitu nahi izan nuenez, Valentziara joateko erabakia hartu nuen.

Gaur egun ere, beharrezkoa da atzerrira joatea dantzari gisa bidea egin ahal izateko?

Nik ezetz esango nuke. Ballet klasikoa ikasteko oso kontserbatorio onak daude Euskal Herrian. Horrez gainera, goi mailako graduak ere badaude, eta alde horretatik, behintzat, Europako mailara hurbiltzen ari garela esan daiteke.

Noiz edo zer momentutan erabaki zenuen dantzari profesionala izan nahi zenuela?

Ez zen egun batetik bestera hartu nuen erabaki bat izan. Dantzan hasi nintzenetik ez nau ezerk ez inork gelditu. Hau da, betidanik izan dut dantzarekiko ilusioa eta zaletasuna, eta, azken batean, horrek lotu nau mundu honetara.

Eta, etxean, nola erreakzionatu zuten?

Aurretik esan bezala, mundu hori nahiko elitista zenez, nirearen moduko familia batentzat nahikoa buruhauste zen horri aurre egitea. Hala ere, ez zidaten inolako trabarik jarri, eta uneoro babestu izan naute. Hori bai, ni neu arduratu nintzen nire formakuntza ordaintzeaz.

Oraindik ere dantzaren mundua elitista dela iruditzen zaizu?

Egia esan, dantza, orokorrean, nahiko mundu partikularra da. Garai batean, dantzako klaseak, formakuntza, ikastaroak... dena zen pribatua, eta oraindik ere hala da kasu gehienetan. Nik neuk ez dut pentsatu ere egin nahi zenbat diru utzi dudan eta uzten ari naizen nire formakuntzan, baina buruari buelta batzuk ematekoa da, egia esan.

Dantza klasikoan ez ezik, beste hainbat modalitatetan ere trebatu zara. Estilo horietako bakoitzarekin esperientzia desberdinak bizi dituzu?

Zalantzarik gabe. Dantza estilo bakoitza bakarra da, eta, ondorioz, dantzari batentzat aukera paregabea da hainbat modalitate probatzeko aukera edukitzea. Zenbat eta estilo gehiagotan trebatu, orduan eta aberasgarriagoa da dantzari gisa duzun esperientzia.

Baduzu buruan txeraz gogoratzen duzun pertsonaiaren bat edo piezaren bat?

Asko daude. Kasurako, Arnaldo Pattersonek sekulako eragina izan zuen nigan. Garai hartan, Kubako Dantza Konpainia Nazionaleko zuzendaria zen, eta hari esker hasi nintzen dantza garaikidea ikasten. Zoritxarrez, ez genuen ikuskizunik egiteko aukerarik izan, baina sekulako esperientzia izan zen. Horrez gainera, nire ibilbidean sekulako garrantzia izan zuen beste momentu bat Con buen pie konpainiaren sorrera izan zen.

1990ean sortu zenuten Con buen pie, Cristina Quijerak, Ines Uriartek eta hirurok. Garai hartako zer oroitzapen dituzu?

Oso politak; oso ondo moldatzen ginen elkarren artean, eta oso ondo pasatzen genuen. Egia da lan handia egin genuela, baina, gazteak ginenez, sekulako ilusioa eta gogoa genuen gauza berriak probatzeko, eta horrek asko motibatzen gintuen.

Interpretazioaren munduan ere bide luzea duzu. Bilbao-Bilbao musikala izan zen zure lehenengo harremana antzerkiaren munduarekin, eta sekulako arrakasta lortu zenuten.

Bai, bai. Ez genuen espero inondik inora ere horrenbesteko arrakasta izango genuenik. Gure asmoa Bilboko jaietarako ikuskizun bat egitea zen, eta, azkenean, emanaldia hilabetez luzatu genuen. Ahoz ahoko komunikazioari esker, zabalpen handia izan zuen, eta publikoaren harrera oso ona izan zen.

Dantza eta interpretazioa eskutik helduta doazela esango zenuke?

Bai, noski. Hitzik gabe adierazteko aukera ematen du dantzak: besoekin, hankekin, aurpegiarekin... Eta ikusleak hori sentitu eta jaso behar du. Dantzaren bitartez emozioak transmititzen jakiteak antzezle hobea egiten du dantzaria.

Zuen lana diziplinarekin, sakrifizioarekin... lotu izan da. Barrutik ere horrela bizi izan duzu?

Sakrifizio hitza ez zait askorik gustatzen. Diziplina bai, baina beste edozein kirol edo jardueretan bezala, ez? Ikusleak, dantzaria oholtza gainean ikusterakoan, ez du baloratzen atzetik egindako lan guztia; lan gogorra da. Izan ere, ikuskizunik aurreikusita egon ez arren, funtsezkoa da gorputza une oro sasoiko mantentzea.

Mentalki ere, gogorra da?

Gogorra baino gehiago, borondate handia eskatzen duen diziplina bat da. Egunero ez duzu entrenatzeko, luzatzeko edo dantzatzeko gogo berbera, baina badakizu derrigorrez egin beharko duzula. Izan ere, etengabe prest eta sasoiko egotea ezinbestekoa da dantzari batentzat.

Ama izateko erabakia hartu zenuen. Hautu horrek eraginik izan du zure ibilbide profesionalean?

Nire kasuan, ez. Baina egia da ikerketa bat egingo balitz ondorioztatuko litzatekeela dantzari profesional gehienek uko egin diotela ama izateari. Arrazoiak askotarikoak izan daitezke, baina oso datu deigarria da, eta horren inguruan hausnartu beharko litzatekeela iruditzen zait. Oso zaila da amatasuna eta dantzari ibilbidea modu paraleloan bizi ahal izatea, eta kasu batzuetan, gainera, ez dute inolako erraztasunik jartzen.

Nola ikusten duzu, gaur egun, dantzaren mundua?

Oraindik ere ezezaguna da alderdi askotan, eta sozialki ere ez dago oso hedatuta. Apurka-apurka maila desberdinetan garatzen ari dela esan daiteke, baina lan handia egin beharra dago. Esate baterako, harrigarria iruditzen zait oraindik ere kulturaren eta hezkuntzaren arteko loturarik ez egotea. Ikasleek ordu asko igarotzen dituzte mahai baten aurrean eserita, mugitu gabe, eta, kirolik egin ezean, gorputz horiek ez dira garatzen. Dantzak onuragarriak diren aukera ugari eskaintzen ditu, eta haren balioa kontuan hartzea funtsezkoa dela uste dut.

Oro har, dantzak nolako aitortza du artearen eta kulturaren esparruan?

Nire ibilbide profesionala kontuan hartuta, esan dezaket oraindik ere amateurrak izango bagina bezala lan egiten dugula arlo askotan. Ez dago aukerarik lan artistikoa eta profesionala modu jarraituan egin ahal izateko. Gainera, egitarau askotan dantza bigarren mailan geratzen da, eta, ondorioz, aukerak are murritzagoak dira.

Euskal Herriko dantzaririk beteranoenetako bat zara. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Sekulako harrotasuna. Diziplina handia eskatzen du, gogor lan egin beharra dago, baina, egia esan, pasioari esker heldu naiz nagoen lekuraino. Ibilbide luzea egin dut, eta, oraindik ere, ez dut amaiera ikusten. Egia esanda, ez dakit noiz arte jarraituko dudan, noiz erretiratuko naizen, baina iruditzen zait aukera gehiago eta zabalagoak izan beharko liratekeela hainbat kasutan. Ez nire aldetik, baizik eta inguratu nauen horren aldetik eta kulturaren aldetik.

Aurrera begira, zer asmo duzu?

Momentuz, Maria Martinekin batera, Krego Martin konpainiarekin jarraitzeko asmoa dut. Horrez gainera, nahiko freelancea ere banaiz, eta beste konpainia batzuekin kolaboratzen jarraitzeko gogoa ere badut. Laster, esate baterako, Eva Guerrerorekin batera, ikuskizun bat aurkeztuko dut, eta orain horretan nabil buru-belarri sartuta. Ondorioz, denbora batez behintzat, lanean jarraitzeko asmoa dut, baina, aldi berean, etorkizun goxo eta oparoa izatea espero dut.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Inauterien aurrekari gisa, kaldereroak atera ziren atzo Donostiako hainbat auzotan. Grosen, zartaginari joka aritu ziren makina bat lagun. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Zorion kalderero denoi

Urtzi Urkizu

Santa Ageda bezperarekin bat egin dute Donostiako kaldereroek. Grosen urte asko daramatzaten kaldereroak eta hasiberriak aritu dira zartaginari jo eta jo, musikaren erritmoan.
 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Garbitzailea ezinbestekoa da ospitale batek ondo funtzionatu dezan»

Unai Etxenausia

Urte luzeak eman zituen Lorenzok Gasteizko Santiago ospitaleko gela guztiak garbitzen. «Lan gogorra» izan arren, goxo oroitzen ditu korridore horietan bere lankideekin batera pasatutako orduak eta haiengandik jasotako tratua.
Alina eta Sasha, <em>A House Made of Splinters</em> dokumentaleko haurretako bi. ©FILMIN

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...