Migrazioak. Etorkin adingabeen amak

Aljeriako ama klandestinoak

Azken urteetan, nabarmen gora egin du Aljeriatik Europara migratzen duten adingabeen kopuruak; besteak beste, herrialdeko krisi ekonomiko eta politikoaren ondorioz. Seme-alaba gazteak Euskal Herrian dituzten emakume batzuekin izan da BERRIA Oran hirian.

Aljeriako ama klandestinoak.
Zuriñe Rodriguez Lara.
Oran
2019ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Larunbata da, eta Meriemen etxean janariz beteta dago mahaia. Bere pisukide eta lagun batzuekin mahaian eseri baino lehen, alaba nagusiaren telefonoa joka hasi da. Europatik datorren Whatsapp bideo-dei bat da; Gasteiztik, hain zuzen. Bertan bizi da haren alaba gazteena iaztik. Nagusiak mahaia atontzeari ekin dio, eta, plater eta edalontzi batzuen laguntzaz, sakelakoa bertikalean mantentzea lortu du, oreka galdu barik eror ez dadin. Mahaiaren panoramika ia osoa lortu dute, eta hala, birtualki izan arren, familia osoa mahaiaren bueltan eseri da solastatzera eta bazkaltzera. Ohiko eszena bat da Oran hiriko etxe honetan (Aljeria), baita beste hainbatetan ere: herrialdeko txoko ugaritako familia askok egunero bizi dituzte antzeko egoerak.

«Badira zenbait hilabete harekin egunero hitz egiten saiatzen naizela», azaldu du Meriemek; «haren bizitzan eta egunerokoan presente nagoela sentitzen dut horrela». Meriemek bezala, emakume askok ikusi dituzte seme-alabak Europara migratzen. Haietako asko, Euskal Herrira. Espainiako Fiskaltza Nagusiak ohartarazi du erkidego jakin batzuetan pilatzen direla gaztetxo horiek, eta haien artean sartu du Euskal Autonomia Erkidegoa: fiskaltzaren datuen arabera, lagundu gabeko ia mila adingabe atzerritar (990) egon dira instituzionalizatuta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako babes sareetan irailera arte. Marokoarrak dira gehienak, baina azken urteetan Aljeriatik etorritako adingabeen migrazioak gora egin duela erakutsi du Save The Children erakundeak argitaratutako Los más solos txostenak; hango egoera politiko eta sozial aldakorrari egotzi dio igoera.

Aldaketak Aljerian

Izan ere, Aljeria izugarrizko aldaketan murgilduta dago otsailetik. Abenduaren 12an, Abdelaziz Buteflikaren hautagaitzarik gabeko hauteskundeak izan ziren, lehenak 1999tik, eta gizartearen sektore handi batek —gazteak batez ere— boikoterako deia zabaldu zuen. Hauteskundeak «fartsa hutsa» zirela salatu zuten, hautagai guztiak presidente ohiaren hurbilekoak eta gobernukide ohiak zirelako. Hirak izeneko mugimendua sortu dute, eta asteartero Aljeriako hiri nagusietan manifestatzen dira, benetako aldaketa eskatzeko. Azken asteetan, gainera, itxaropentsu agertu dira, alde batetik, Buteflikaren ministro gehienak iruzurragatik kondenatuak izan direlako, eta, bestetik, Gaid Salad Aljeriako Armadako Estatu Nagusiko buru eta erregimen zaharraren defendatzaile nagusia hil delako.

«Hiraken manifestazioetan ume klandestinoen ama askok parte hartzen dute. Gobernuak gaia bere gain hartzeko eskatzen dute, eta beren umeak itsasoan hiltzen ez uzteko agintzen diote», azaldu du Jalilak —ez da benetako izena—, zeina Araban dauden bi umeren ama baita. Noizean behin, Hiraken manifestazioetara joaten da Jalila. Hala ere, oso eszeptikoa da; egoera benetan aldatzea zaila dela uste du: «Gobernu berria eta zaharra gauza bera dira, eta bizkarrezur bera dute». Meriem, ordea, baikorragoa da, eta, estatuaren oinarriak aldatzea ezinezkoa dela dakien arren, uste du behar dituzten aldaketak ekarriko dituela Hiraken indarrak.

Azken urteak biziki gogorrak izan dira Aljerian. Uzta txarrek, petrolioaren salneurrien beherakada globalak eta langabezia tasa handiek migratzera behartu dituzte gazte adingabe asko. Diru laguntzetan izandako murrizketek eta babes sozialerako sistemaren gabeziek larrialdia areagotzea eragin dute. «Oso mingarria da etxetik joaten direla ikustea», esan du Meriemek. «Baina gazteentzako aukerarik ia ez dago Aljerian», gehitu du Titak.

Tita ere Orangoa da, eta bakarrik ari da hiru seme-alaba hezten. Senarrarengandik banandu zenean, kalean geratu zen, bakarrik, eta estatutik ez zuen laguntzarik jaso. Horregatik, argi du: «Gobernuari ez zaizkio inporta gure umeak». Gaur egun, Meriemekin etxebizitza partekatzen ari da, eta horrek migratzetik salbatu duela nabarmendu du: «Elkar ezagutu ez bagenu, ziur nago itsasoa gurutzatzen saiatuko nintzela. Bi aukera baino ez nituen: Mediterraneoan bizia arriskatu, edo nire seme-alabak gosez hiltzen ikusi». Bi emakumeak bananduta daude, eta argi dute beren seme-alabak bakarrik hezteak epaiketa eta estigma sozial handia ekarri diela. Iritzi berekoa da Jalila; hala, estigmari aurre egiteko, egunero bizilagunarekin batera partekatzen du bere beste seme-alaben zaintza.

Yasmine Khris Maansri kazetariaren ustez, Aljeriako Gobernuaren «kontraesan izugarriak» dira gazteek bide migratorio klandestinoen bitartez bizia arriskuan jartzeko arrazoietako bat. Honela esplikatu du: «Alde batetik, gazteak herrialdean kateatuta eduki nahi ditu, irteteko bisak sistematikoki ukatuz, eta, beste alde batetik, gazte diaspora zigortzen du, sartzeko sistema gogortuz eta burokratizatuz». Gogora ekartzekoa da Aljeria dela bertara sartzeko eta irteteko bisa eskatzen duen Magrebeko herrialde bakarra. «Bidaian bizia arriskatzen dute gure gobernuarengan konfiantzarik ez dutelako, baina zuen estatuan sinesten dute», baieztatu du Meriemek. Egunero, gainera; migrazioa gero eta ohikoagoa dela kontatu du Jalilak: «Gure auzoetan guztiok ezagutzen dugu seme-alaba migratuak dituen familiaren bat. Auzoan ume bat tarte batez falta denean, guztiok dakigu Europara joan dela, eta, ziurgabezia pasatu arte, ama animatzen dugu guztion artean».



«Ama, bizirik nago»

Ume klandestinoak esaten diete, samurtasunez, Aljeriako muga modu klandestinoan gurutzatzen duten adingabeei —Marokora jotzen dute, eta handik Espainiara, lurretik zein itsasotik, ferryz edo pateraz—. Eurek, ordea, harraga hitza erabiltzen dute, harro: «erretzen dutenak» esan nahi du, eta gazteek euren dokumentazioa desagerrarazten duten momentuari egiten dio erreferentzia, Europarako prozesu migratzailea hasten den unea baita hori. Agiri barik abiatzen dira, poliziek geldiarazten badituzte identifikazioa zailtzeko helburuarekin, jaioterrira itzularazteko agindua ahalik eta gehien atzeratzeko.

Datu ofizialik, ordea, ez dago: Aljeriako Gobernuak ez daki zenbat umek eta nerabek alde egin duten beren herrialdetik. Hori bai, kontrol eta zigor neurri gogorrak ezarri ditu bisitan bueltatzera ausartzen direnen kontra. «Espainiako paperak izanez gero bakarrik sar daitezke euren herria duten honetara. Paperik ez badute, ordea, atxilotuak izan daitezke, isun bat ordaindu behar dute, jipoituak izan daitezke edo kartzelan sartuak», jakinarazi du Titak. Horrek berekin ekar dezake gaztetxoek familiarekin edo herriarekin duten harremana eta errotzea zailtzea, Meriemen esanetan: «Nahiz eta hura besarkatu beharra daukadala sentitu, nahiago dut ez egin: ez dezala etxera etortzeko arriskua hartu berarentzat erabat segurua izan arte. Badakit denbora askoan elkar ez ikustea dakarrela horrek».

«Ume klandestinoak deitzen diegu, hain justu, hori direlako: bakarrik muga gurutzatzen duten haurrak», gogoratu du Jalilak. Ama gehienen esperientzia izan du hark ere: oro har, seme-alabak harrera edo trantsizio herri batera heltzen direnean jakiten dute amek herrialdetik modu ilegalean atera direla. Kasu gehienetan, gainera, hilabeteak igarotzen dituzte telefono dei baten zain, «ama, bizirik nago» dioen mezuaren zain. «Errudun sentitzen zara; pentsatzen duzu gaizki egin dituzula gauzak», aitortu dute bi amek, ahots batez. «Deia batzuetan ez da inoiz ailegatzen, umea itsasoan hil delako», nabarmendu du Titak, amorruz.

Lehen dei hori egin eta gero, asko dira harremana tarte batez moztea erabakitzen duten gazteak. «Ez dute bueltatzeko presionatuta sentitu nahi, batetik, eta, bestetik, ez dute erakutsi nahi jatorrian familia bat dutenik», azaldu du Meriemek. «Beldur dira», erantsi du Titak, «instituzioak horretaz jabetu, eta kanporatze eskaria tramitatuko ote duten». Meriemi asko kostatu zitzaion alabaren erabakia ulertzea; aitortu du haserre egin zituela lehenengo hilabeteak, eta alaba itzul zedin konbentzitzen saiatu zela. Denborak, ordea, iritzia aldatzen lagundu dio: «Egun, konfiantza osoa dut alabarengan, eta erabaki guztietan babesten dut. Ikasten ari da, eta gauzak zuzen egiten dabil: oso harro nago».

Etxe arrotzak

1.300 kilometro baino gehiago dago amen eta seme-alaben artean. Bi emakumeek esker ona adierazi diete euskal instituzioei, beren umeak babesten dituztelako. Jalilak onartu du lasai hartzen duela arnasa, gazteak «zainduak daudelako eta haietaz arduratzen direlako», baina ezinegona pizten dio informazio gehiago ez edukitzeak: «Bizi diren zentrotik dei bat jaso izan banu, asko eskertuko nuen. Norbaitek azaltzea nola dauden nire umeak, eta gauzek nola funtzionatzen duten bertan».

Ez batak eta ez besteak ez dute inoiz halako deirik jaso. «Hango hezitzaileak helduak dira, eta askoz hobeto azal dezakete zure alaba benetan nola dagoen», azpimarratu du Meriemek. Horixe da, beraz, euskal babes sistemari egiten dioten kritika bakarra: familiekin komunikazio zuzenekorik eta formalik ez izatea. «Azken finean, nahiz eta umeek bakarrik migratzen duten, badituzte jatorrian eurengatik kezkatzen diren amak», baieztatu du Meriemek. Jalilak irribarre artean gogoratu du gaztelania ikasten saiatu zenekoa: «Klase batzuetara joan nintzen; hitz batzuk ikasi nahi nituen semea zaintzen duten hezitzaileekin hitz egin ahal izateko, baina ezinezkoa izan zen komunikazioa».

Estereotipoak apurtu

Adingabe horien bizitza zaila da Aljerian, baina badakite Euskal Herrian ere ez dela erraza izango, eta, horregatik, emakumeak beldur dira seme-alabak nola tratatuko ote dituen bertako gizarteak. «Europan arrazakeria handia dago, batez ere komunitate musulmanaren kontra. Horregatik, beren burua zaintzea gomendatzen diet haurrei», baieztatu du Jalilak. Meriemek parada hartu du islamaren inguruan dauden ideia faltsuak gezurtatzeko: «Musulmanei buruz esaten diren kontu ugari faltsuak dira; guk adibidez, erlijio guztiak errespetatzen ditugu. Bestalde, gure seme-alabak Europara lapurtzera doazela sinestea ere deseraiki behar da. Gaizkileak izan nahiko balute, beren herrialdeetan geldituko lirateke. Inork ez du bizia arriskatzen lapurtu ahal izateko», berretsi du, haserrea agerian utzita.

Etorkin adingabeak delinkuentziarekin lotzea mutil gazteei gertatzen zaie batez ere. Neska gazteen kasuan, berriz, zaurgarritasunaren eta menpekotasunaren estereotipoa gailentzen da; azkeneko hori errealitatetik oso urrun dagoela argitu du Meriemek: «Nire alabak bere bizitzaren norabidea erabaki du, zelan jantzi, zer ikasi eta norekin egon nahi duen». Dena den, egia da migratzen duten gehienak mutilak direla; %10 doi-doi dira neskak, eta zifra jaitsiz doa urtero. Herrialdean gelditzen direnentzat, ez da gauza bera neska ala mutila migratzen ikustea. Meriemek ondotxo daki horrek nolako estigma dakarren: «Mutila badoa, pentsatzen dute etorkizun hobe baten bila doala, familia lagundu ahal izateko; neskak alde egiten duenean, berriz, uste dute amak ez duela jakin izan ondo hezten, edo putatzat hartzen dute, eta desohorea da familiarentzat».

Paperak

Behin Euskal Herrian, bakarrik heldu diren atzerritar adingabeak babes sisteman sartzen direnean, instituzioek zuzenean bizileku baimena tramitatu behar dute. Arrazakeriaren aurkako taldeek salatu dutenez, ordea, tramite hori ez da beti gauzatzen, eta, ondorioz, gazteek harrera zentroa uzten dutenean, egoera irregularrean gelditzen dira. «Bizileku baimena lortzeak guztia errazten du», esan du Jalilak; izan ere, hainbat hilabetez zain egon ondoren, semearekin elkartzea lortu du berak, eta horregatik eskatu du erakundeek baimen hori bidera dezatela.

Meriem datozen egunotan elkartuko da alabarekin lehenbizikoz. Jalilaren eskaerari zerbait gehiago gaineratu dio: «Familia bateratzea erraztu beharko litzateke. Nik alabarekin joan nahi dut hara, eta hori egiteko aukera izan beharko nuke». Bitartean, haien arteko maitasuna urruntasunean eraikiz joango dira, eta ia beti birtualki. «Aljeria aldatzen ez den bitartean, gure ume klandestinoek ihesian jarraituko dute», adierazi du Jalilak. Eta Meriemek erantsi du: «Merezi duten bezala tratatzen ez dituen Europa horretan bizirik iraungo dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.