SERIEA. Udal eta foru hauteskundeak (eta V). Gipuzkoa.

Karisma ala marka

Inkestek iragarri dute lehia estua izango dela EAJ eta EH Bilduren artean. Eider Mendozak hartu nahi du Markel Olano orain arteko ahaldun nagusiaren lekukoa, baina Maddalen Iriarte izango du aurrez aurre, koalizio abertzalearen apustu sendoa.

xabier martin
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun

Inon haustekotan, Gipuzkoan hautsiko litzateke EAJren nagusitasuna. Azken Soziometroak ere —atzo kaleratu zuten— berretsi du lehia estua egongo dela lurralde horretako batzar nagusietarako bozetan, EAJren eta EH Bilduren artean: EAJri botoen %36 inguru ematen dizkio inkesta horrek, eta EH Bilduri, %34. Nafarroa beste ekosistema politiko bat dela aintzat hartuz, beraz, Gipuzkoa da interesgune nagusietako bat ikusteko koalizio abertzalea gai ote den jeltzaleek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duten hegemonia hausteko.

Ikusi gehiago:Makil dantza Donostian, aspaldiko ezagunen artean

Edonola ere, Eider Mendoza EAJko ahaldungai nagusia Markel Olanoren lekukoa eskuratzeko tenorean legoke, azken inkestek Maddalen Iriarte EH Bilduren hautagaiaren aurrean kokatzen baitute. Baina oso gertu leudeke biak, galdeketa gehienen arabera. Nolanahi ere, bozetako lehen indarra izatea dago jokoan Gipuzkoako Foru Aldundia baino gehiago, politologo askoren aburuz. Hauteskunde osteko itunen arloan ez dute ezusterik espero gehienek, eta lurraldeko hirugarren indarra izango litzatekeenak, PSE-EEk alegia, EAJri emango lioke foru gobernua berriro.

Iritzi horretakoa da Felix Arrieta (Donostia, 1982) Deustuko Unibertsitateko zientzia politikoen doktorea: «PSE-EE ez dago paktu dinamika horretatik ateratzeko. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak datoz, eta Eusko Jaurlaritzan ere EAJrekin gobernatzen ari da. Ez, PSE-EE ez dago EH Bildurekin foru gobernua ituntzeko moduan, Jaurlaritzaren akordioa bera arriskuan jarriko bailuke horrek, besteak beste».

Horregatik, Arrietak uste du lurraldearen hegemoniari buruzko lehian jarri beharko litzatekeela arreta, eta bi hautagai nagusien indarguneetan eta ahulguneetan. «EAJren indargunea azken zortzi urte hauek dira: aldundiaren kudeaketan duen eskarmentua, alegia». Azken lau urteotan Olano buru izan duen erakundearen Etorkizuna eraikiz programa aipatu du politologoak jeltzaleen indargune gisa. «Markel Olanoren izena bera ere bada indargune bat EAJrentzat gaur egun. Hasieran ez zen horrela, baina bere ibilbidearen amaieran esan daiteke Olanok karisma eskuratu duela».

Baina paradoxa da Olanoren itzal hori bera ahulgune izan daitekeela haren lekukoa hartu nahi duen hautagai jeltzalearentzat. «Mendozak badu ibilbide bat erakundeen barruan, baina ez da oso ezaguna, eta ahultasun hori EAJren markaren bidez arindu nahiko du alderdiak».

Hezkuntza eta osasuna

Hauteskundeen emaitzan eragina izan dezaketen gaiak ere aztertu ditu Arrietak, eta, beste lurraldeetan bezala, Gipuzkoan ere berezko garrantzia izango du osasunaren eta hezkuntzaren inguruan sortu den kezka sozialak. «Jaurlaritzaren eskumenak direnez, EAJren ahulguneen poltsan sar daiteke kezka hori. Baliteke Donostiako ESIan egondako eztandak eragina izatea, eta azken asteetan hezkuntzaren alorrean ikusitako ezinegonak ere bai».

EH Bilduren indarguneei dagokienez, Deustuko Unibertsitateko irakasleak bereziki aipatu du «azken hauteskundeetan ikusi den goranzko joera». Beste indargune bat hautagaia dela uste du. «Iriarteren izena oso ezaguna da. Hautagaiaren presentziak eta koalizioaren joerak logika bati erantzuten diote».

EH Bilduk, ordea, baditu ahulguneak ere, eta koalizioak azken urteotan bere diskurtsoa «erakundetzeko» egindako bideari egotzi dio horietako bat Arrietak. «Saio horretan doitutako posizioek deserosotasunak sortu dituzte, seguruenera, EH Bilduren hautesle poltsa batzuetan». Arrieta haize errotez ari da, esaterako, «eta beste aldagai batzuez».

EH Bildu Gipuzkoako Batzar Nagusietan oposizioan egon izanaren «arrastoak» ere ez lioke mesederik egingo koalizioari, Deustuko irakaslearen arabera. «Zortzi urtez oposizioan egoteak marka utz diezaioke edonori. Edonola ere, bada beste aldagai bat bi lehiakide nagusiei eragingo diena: «Batzar Nagusietarako botoa ematea oso lotua dago udalerako ematearekin». Jakina da udal hauteskundeen dinamika oso tokian tokikoa dela, eta botoak erabakiko dituzten tokiko gaiek ere isla izango dute batzar nagusietan, joera baitago bi botoak zentzu berean emateko; hau da, alderdi berari.

Garaipenaz harago, Gipuzkoan PSE-EEk izango du giltza gobernu osaketari dagokionez, hirugarren indarra izango baita, ezuste izugarririk ez badago, behintzat. Eta PSE-EEren rola «ez da erraza izango», beste behin ere, Arrietaren ustez, EAJren makulu gisa azaltzeko arrisku handia baitauka. «EAJrekin dituen itunek baldintzatuko dute zer erabaki hartuko duten. Ezkerreko aliantza egiteko aukera izango ote lukeen eztabaida azaleratzen da hauteskundeak iristean, baina akordioak betikoak izaten dira».

Abstentzioaren garrantzia

PSE-EE bere burua «ardatz» gisa gizarteratzen saiatzen da, baina emaitza modu errazean aurreikus daiteke, adituen arabera: ituna EAJrekin. «Orain ere, PSE-EE ez da aterako gurpil horretatik. Oso zaila dauka beste ezer egitea, Espainiako Estatuari begira ere jokatzen baitu». Ezin da ahaztu hilabete batzuk barru izango direla Espainiako Gobernua erabakiko duten bozak, eta Jose Ignacio Asensio ahaldungai nagusiaren erabaki tartea «oso txikia» izango da.

Politologo ugarik jotzen dute abstentzioa funtsezko aldagaitzat hauteskundeen emaitzei begira, eta Arrietak ere abstentzioaren garrantzia azpimarratu du Gipuzkoako emaitzari buruz aritzean: «EH Bildu gora doa, eta EAJk oinarri sendoa dauka, aldi berean; ausartuko naiz esatera Gipuzkoan EAJk irabaziko dituela hauteskundeak, eta abstentzioa erabakigarria izango dela emaitzan».

EAJren eta EH Bilduren arteko lehia estuaren jokalekua da Gipuzkoa aspaldian, eta Arrietak uste du abstentzio handia izateak mesede egingo liokeela koalizioari. «Pentsatzekoa da EAJri eragingo liokeela gehien abstentzio handia izateak, litekeena baita haren aldekoak izatea mobilizatuko ez diren gehienak». Hori dela eta, Arrietak uste du mobilizazioa bultzatzea dela jeltzaleen zeregina, eta EH Bildurena, berriz, «zarata handiegirik ez ateratzea, polarizazio giroa ez sustatzeko». Gero, ikusiko litzateke koalizioak eztabaida gogorretan ez sartzea nahikoa lukeen ala ez EAJ gainditzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.