Emakume bat etxegabetu nahi dutela salatu dute Barakaldon

Emakumea indarkeria matxistaren biktima da. Erabakia salatzeko, Barakaldoko justizia jauregiaren aurrean mobilizatu dira

Barakaldoko justizia jauregiaren aurrean mobilizatu ziren atzo goizean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
unai etxenausia
2022ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Argitan emakumearen aholkularitza zentroko eta Berri-Otxoak bazterketaren aurkako plataformako kideak Barakaldoko (Bizkaia) justizia jauregiaren aurrean mobilizatu ziren atzo goizean, salatzeko Alokabide Eusko Jaurlaritzaren alokairurako sozietate publikoak Barakaldoko emakume bat kanporatzeko prozedura eskatu duela. «Lau seme-alaba ditu, horietako hiru adingabeak, indarkeria matxistaren biktima da, eta udaleko gizarte zerbitzuek egiaztatuta daukate kaltebera dela», salatu zuten mobilizazioan. Jakinarazi zutenez, etxegabetzeko agindua urtarrilaren 31rako ezarri da, 09:15erako, «nahiz eta kolektibo ahulentzako etxegabetzeen luzamendu politikak zabaldu diren».

Mobilizazioaren antolatzaileek adierazi zutenez, indarkeria matxistaren biktima izan zen emakumeari «premiazko harrera» egin zioten 2021eko maiatzean, matxismoaren biktima izandako emakumeentzako babesleku batean. Gogorarazi zuten Alokabidek hilabete horretako 21erako emandako etxegabetzea erabat geldiaraztea erabaki zuela, egoera horri aurre egiteko asmoz.

Halere, hilabete hauetan «ez udaleko gizarte zerbitzuek, ez Eusko Jaurlaritzak» ez diote eskaini beste bizitokirik indarkeria matxistaren biktima den emakume horri, «egungo legediak eta egungo jarduera protokolo guztiek eskatzen duten moduan». Eta, ohartarazi zutenez, bi administrazioek erabaki dute bertan behera utzitako husteko agindu hura berriro «martxan jartzea». Bestalde, argi esan zuten pandemia garaian etxegabetzeak ez direla eten, eta horren adibide argia zela Barakaldoko emakumeari gertatutakoa: «Egiaztatu dugu alarma egoeran, arazo honetarako araudi gehiago onartu ondoren ere, etxegabetzeak ez direla eten».

Indarrean dagoen legediaren arabera, autonomia erkidegoak, etxebizitza batean inor egoera kalteberan bizi dela egiaztatuz gero, behartuta daude hari «berehala beste bizitoki bat bermatzera». Beraz, «Barakaldoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute betetzen legeria hori etxegabetzeen arazoari aurre egiteko. Ezta Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpenak eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeak agintzen dituen irizpideak ere». Nabarmendu dutenez, Alokabidek eta Barakaldoko Udalak ez dute betetzen Eusko Jaurlaritzak, Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2013an sinatutako etxegabetzeen aurkako protokoloa; «izan ere, protokolo horretan jasotzen da erakundeek bizitegi alternatiba duin bat jarri behar dutela ukitutako familien eskura, eta betebehar hori ez da inoiz betetzen, gizarte presioaren bidez izan ezik».

Prekaritatea eta pobrezia «emakumeen artean errotzen dira, eta etxegabetzeak ez dira salbuespen bat», nabarmendu zutenez. Halaber, erakundeei eskatu zieten berdintasunaren aldeko jarduerak lehenetsi zitzatela «krisi ekonomiko eta soziosanitarioko garai honetan». Salatu zutenez, «gizarte arloan egiten duten jarduerak gizarte eskubideak murriztea baino ez du helburu: indarkeria matxistaren biktima den emakume bat kaleratzea da horren adibide».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.