Robert Lewandowski

Golaren adiskiderik onena

2019ko golegilerik finena izan da Lewandowski. 54 sartu ditu Bayern Munichekin eta Poloniako selekzioarekin. Aurrelariak sasoi hasiera harrigarria osatu du: hemeretzi gol sartu ditu ligan, eta hamar Europan. Erritmoari eustea du erronka.

LUKAS BARTH-TUTTAS / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Golak nola sartu azaltzeko eskuliburua idatzi beharko luke Robert Lewandowskik (Varsovia, Polonia, 1988). Urteak daramatza Europako aurrelaririk zitalenetakoa izaten, eta denborak aurrera egin ahala, geroz eta zehatzago bihurtu da ate aurrean. Hala erakusten dute 2019ko datuek: 54 gol sartu zituen 58 lehiatan, beste inork baino gehiago. Lau Poloniako selekzioarekin sartu zituen, eta gainontzekoak, Bayern Munichekin. 2014an iritsi zen Alemaniako taldera, eta ordutik, sasoiko 38 ale sareratu ditu batez beste. Bada, ondo bidean, aise gaindituko du kopuru hori sasoi honetan. Klubaren gorabeherek ez dute kutsatu, inoiz baino emankorrago baitabil: 30 gol sartuta iritsi da Alemanian izaten den neguko etenaldi luzera.

Ez da harrigarria Lewandowski aurkarien ateak zulatzen ikustea; bai, ordea, sasoi honetako maiztasunarekin. Estatistika guztiak ari da birrintzen: esaterako, hamasei gol sartu zituen Bundesligako lehen 11 jardunaldietan, guztietan gutxienez bat eginda. Hala, txapelketa horretan sekula izan den boladarik onena kateatu zuen. Ligan, nahiko apal dabil Bayern Munich —hirugarren postuan dago, eta teknikariz aldatu du jada—; bada, dezentez okerrago legoke aurrelariaren golengatik izan ez balitz. Hemeretzi egin ditu hamazazpi lehia eskasetan, eta are hobea da Txapeldunen Ligako batezbestekoa: hamar golbost partidatan. Inoizko ligaxkarik onena osatu du Bayernek.

Gol gehien Izar Gorriaren zelaian sartu zuen. Serbiarrek jada ezer gutxi zuten jokoan, eta Lewandowskik ez zuen gupidarik izan: lau gol sartu zituen ordu laurdenean, 53. minututik 68.era. Beste marka bat zakura. Gainera, ez da aurrelariak halako erakustaldi bat egiten duen lehen aldia. Denetan gogoangarriena, Wolfsburgen aurka egin zuen, ligan, 2015eko irailaren 22an. Egun hartan, poloniarrak eskuko hatz guztiak behar izan zituen sartutako golak zenbatzeko. Hala ere, txundigarriena zera izan zen: bost golak bederatzi minutu eskasean sartu zituela, bigarren zatian atera ostean. Alemaniako ligan hiru, lau eta bost gol sartzen jokalaririk azkarrena bihurtu zen, eta bost ale sareratzen lehen ordezkoa. Marka horiek denak aitortu zizkion Guinness World Records erakundeak.

Roberto Baggio izan zen haren lehen idoloa. Aurrerago, Alessandro Del Pierori erreparatu zion, eta hurrena, Thierry Henryri. Edonola, ez zuen mimetizaziora jo, estilo propioa jorratu baitu. Polonian distira egin ostean, 2010ean iritsi zen Bundesligara, Borussia Dortmunden jokatzeko. Lehen sasoian, bigarren aurrelari moduan ipini zuen Jurgen Kloppek, Lucas Barriosen atzetik. Hurrengoan, ordea, puntaren puntan jokatzen hasi zen. Ondo egokitu zen Kloppen jokoaren trantsizio azkarretara, ahalmen fisikoa baliatuz. Arrakasta handiko lau sasoiren ostean, 2014an Bayernek fitxatu zuen. Pep Guardiola zen orduan bavariarren teknikaria, eta aurrelariak espazio askoz ere laburragoetan aritzera ohitu behar izan zuen.

Ez zuen gozatu lehen sasoian, baina aldaketak on egin zion luzera begira. Lewandowskiren zenbakiek hobera egin dute aurkariaren atetik gertuago diharduenetik. Arean, harrapakari hutsa da. Gozagarria da haren mugimenduak, kontrolak eta jaurtiketak ikustea. Penalti puntutik nekez egiten du kale, eta faltak jaurtitzen ere iaioa da. Egun, munduko aurrelari petorik onena da.

Marka gehiagoren bila

Poloniarra apaldu egin ohi da udaberria iristearekin batera. Bada, joera hori apurtu, eta goiari eusten saiatuko da datozen hilabeteetan. Akuilurik ez zaio falta. Alde batetik, Gerd Muellerrek 1971-1972ko Bundesligan ezarritako 40 goleko marka apurtu nahi du. Halaber, bosgarrenez Alemaniako ligako golegilerik onena izaten saiatuko da. Txapeldunen Ligan, berriz, 2013-2014an Cristiano Ronaldok sarturiko hamazazpi golak ditu jomugan. Urrezko bota lortzea ere ez da edonolako pizgarria. Oraingoz,buruan da, baina gainean ditu Ciro Immobile eta Timo Werner.

Bakarkako lorpenez harago, Bayern Munichekin bere lehen Txapeldunen Liga irabaztea du amets. Gero, Eurokopan, Poloniako selekzioarekin ezustekoa ematen ahaleginduko da. Talde nazionalaren historiako golegile nagusia da 61 gol 112 lehiatan, eta 2016ko Eurokopan final-laurdenetaraino iritsi zen belaunaldiaren liderra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.