Brontzezko bi domina lortu ditu euskal selekzioak Espainiako Txapelketetan

Laukoteak irabazi zuen bat, erreleboetako proban, eta Quincocesek bakarkako proban hirugarren egin zuen. Sprintaren proba ez zen egin

Nahia Quincoces, Boi Taulleko probetan. BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Iazko hutsunearen ondoren, aurten inoiz baino lehenago ekin die Espainiako Mendi Federazioak txapelketei. Boi Taulleko (Herrialde Katalanak) eski estazioan jokatu dira, lau egunez, aurtengoak. Lau diziplinak ziren jokoan jartzekoak: erreleboetakoa, sprintak, banakakoa eta bertikala. Ostegunean jokatu zen erreleboetakoa, eta euskal selekzioa osatu zuen laukoteak —Nahia Quincocesek, Iñigo Martinez de Albornozek, Gartzen Elejabarrietak eta Aimar Muruak— brontzezko domina eskuratu zuten, Andaluziako eta Madrilgo selekzioen atzetik.

Ostirala sprinten eguna zen, baina eskiatzaileek ez zuten eguraldia lagun izan. Goizean izandako haize ufadek bertan behera utzi zuten antolakuntzaren ahalegina. Eguraldiarenbaldintzak ez ziren eskiatzaileentzako egokienak, eta, azken unera arte proba martxan jartzen saiatu ziren arren, ez jokatzea erabaki zuten azkenean, aho batez. Martxoaren 20an, Candanchuko (Aragoi, Espainia) eski estazioan jokatzeko aukerarik izango ote den aztertzen ari da Espainiako Mendi Federazioa.

Asteburuan, berriz, bakarkako probak izan zituzten jokoan eskiatzaileek. Larunbatean, 1.800 metroko desnibeleko ibilbide bat osatu zuten, eta Nahia Quincocesek lortu zuen euskaldunen artean posturik onena. Hirugarren sailkatu zen, Ana Alonso irabazlearen eta Marta Garciaren atzetik. Gizonezkoen artean onena Iñigo Martinez de Albornoz izan zen, laugarren postuan.

Txapelketei amaiera emateko, igandean igoera bertikala izan zen jokoan. 700 metroko desnibela gainditu behar izan zuten, igoera luze batean. Igone Campos laugarren sailkatu zen emakumeen artean. Quincocesek bosgarren amaitu zuen. Gizonezkoetan, Martinez de Albornoz izan zen euskal selekziokoen artean onena: hamahirugarren egin zuen.

Mendiko eskiko euskal selekzioaren hurrengo lehia Panticosan (Aragoi, Espainia) izango da otsailaren 27an eta 28an. Espainiako Kopako banakako eta bertikaleko probak jokatuko dira.

Entrenatzeko aukera gutxi

COVID-19aren ondorioz, selekzioko kideak Boi Taullen bertan elkartu ziren lehenbizikoz, eta Igor Alzelai hautatzaileak azaldu zituen zer-nolako zailtasunak izan dituzten txapelketak prestatzeko. «Elurretan entrenatzeko izan ditugun aukerak kontuan hartuta, iruditzen zait lan ona egin dugula. Pena izan zen sprintak ez jokatzea, baina gure eskuetan zegoena egiten saiatu gara. Gazteak badatoz atzetik, baina eskiatzeko aukera izatea ezinbestekoa izango da. Etorkizunerako lanean jarraitzea besterik ez zaigu geratzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.