Euskal sokatiralariak

Dominak eta lanak, Getxora bidean

Euskal sokatiralariek hamalau domina lortu dituzte Goma Gaineko Munduko Txapelketan: urrezko bi, zilarrezko sei eta brontzezko beste sei. Herrialdeka, ez dute urrerik irabazi.

LUR GIL.
Lur Gil.
Letterkenny
2020ko otsailaren 25a
00:00
Entzun

Euskal sokatiralariak nabarmendu egin dira Letterkennyn (Irlanda) jokatu den Goma Gaineko Munduko Txapelketan. Herbehereekin batera, domina gehien irabazitako herrialdea izan da Euskal Herria, hamalau lortu baititu, 2018an baino bi gutxiago. Arabako Badaiotz taldea, berriz, munduko txapeldun izan da emakumezkoen 540 eta 500 kiloko mailetan.

Taldeka, zortzi domina irabazi dituzte euskal tiralariek: Badaiotzek, urrezko bi; Beti Gaztek, zilarrezko bi eta brontzezko beste bi; eta Ibarrak eta Gaztedik, brontzezko bana. Herrialdeka, ordea, euskal selekzioak ez du urrezkorik lortu; sei domina eskuratu ditu: zilarrezko lau, eta brontzezko bi. Emakumezkoak podium guztietan izan dira taldeka zein herrialdeka. Gizonezkoak, berriz, atzerago geratu dira sailkapenean.

Baina protagonista nagusiak Taiwan eta Herbehereak izan dira: aurrenekoek urrezko sei domina lortu dituzte, eta europarrek, lau. Eskozia, berriz, nagusi izan da gizonezkoen pisu handietan, 680 eta 640 kilokoetan; azkenik, etxekoak, Irlanda eta Ipar Irlanda, bikain aritu dira taldeen arteko txapelketan, baina makalago herrialdeen artekoan.

Euskal sokatiralarien lehen etxeko lana da herrialdeen arteko txapelketan hobeto aritzea. Taldeka bikain aritu dira, baina pattal aritu da selekzioa hainbat pisutan, eta podiumetik erori da gizonezkoen 560 eta 600 kilokoetan. Emakumezkoetan, berriz, taldeka urrea lortu bai, baina herrialdeka bigarren izan dira 540 eta 500 kilokoetan, Taiwanen ondoren.

Galder Gobantesek (Zeberio, Bizkaia, 1987), Nazioarteko Sokatira Federazioan euskal ordezkaria denak, balorazio gazi-gozoa egin du: «Helburua taldeen arteko txapelketan lehiakor aritzea bazen, arrakasta izan dugu, baina herrialdeen artekoa bazen, porrot egin dugu. Argi dago bietan ezin dela %100ean lehiatu, eta aurretik helburuak ongi finkatu behar ditugula. Ezin gara herrialdeen artekoan lehiatu taldeen artekoan indarrak utzita».

Gerrikoa eta deshidratazioa

Gerrikoaren erabileraren araudiak zeresana eman du txapelketan. Epaileek euskal ordezkarien tiratzeko era zorrotz begiratzeko agindua zuten, eta gerrikoak kendu dizkiete tiralari askori. Kexa ugari izan da egunotan, euskal sokatiralariekin bereziki zorrotzak izan baitira epaileak. Horra hor bigarren etxeko lana: epaileek agindu modura tiratzea, gerrikoen laguntzarik gabe.

Baina arazo larriago bat erakutsi du sokatirak ere: kirolarien deshidratazioa. Txapelketa hasi baino egun bat lehenago izaten da pisaketa ofiziala, eta ohikoa bihurtu da desnutrizioa eta deshidratazioa muturrera eramatea kilo gutxiago eman, eta hurrengo egunetan berreskuratzeko.

Hainbat herrialdetako taldeak deshidratatu egin ziren. Hala ere, gero, horietako batzuek lorpen handiak dituzte: Irlandako Clonmany B-k eta Mountain Viewek, adibidez. Baina beste batzuek ez dute lortu gorputza bere onera bueltatzea, eta txapelketa kaskarra egin dute.

Anton Rabe Nazioarteko Federazioko lehendakaria kezkatuta azaldu da gaiarekin. «Praktika arriskutsua da kirolarientzat, eta aurrerantzean halakorik gerta ez dadin urratsak egiten ari da Nazioarteko Federazioa».

Kirolari boluntarioen datuak jasotzen aritu dira Arkaitz Castañeda (Bilbo, 1982) eta Ane Arbillaga (Pasaia, 1986) Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak. 48 kirolarik egin zuten boluntarioki deshidratazio azterketa eta bi eguneko jarraipena, eta tiratzaileek hiru eta bederatzi kilo artean hartu zituzten pisatu ondoren, egun batean. Castañedaren iritziz, «oso modu arriskutsuan egiten da bai pisua galtzeko prozesua, baita pisua hartzekoa ere; batzuek ura eta gaileta industrialak hartzen dituzte».

Nazioarteko hurrengo ekitaldia Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa izanen da, datorren irailaren 16tik 20ra, Getxon (Bizkaia), Faduran. Euskal Herriak hartu du mundu mailako sokatiraren lekukoa, eta etxeko lanak egoki egiten baditu, lorpen handiak ekar ditzake txapelketak. Goma gaineko Euskal Herriko eta munduko txapelketak amaituta, lur gainean entrenatzen hasiko dira orain taldeak.

[YouTube]https://youtu.be/AKIZ7WqFilo[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.