Xabier Zaldua

Indartsuena berriz ere

Iaz bezala, Xabier Zaldua nagusitu da euskal pentatloiko finalean, eta bigarren txapela jantzi du. Joseba Otaegi eta Xabier Orbegozo 'Arria V.a' sailkatu dira haren atzetik.
JUANAN RUIZ / FOKU

Jon Ander de la Hoz -

2019ko irailak 24
Euskal pentatloiko txapelak lehengo buruan segituko du beste urtebetez: Xabier Zalduarenean (Zumarraga, Gipuzkoa, 1977). Zalduak mendean hartu zituen bost aurkariak larunbatean Azpeitiko (Gipuzkoa) zezen plazan jokatu zen finalean, eta, Joseba Otaegiri 31 segundoko abantaila aterata, berak amaitu zituen lanak bizkorren. Atzetik aurrerakoa egin zuen; lehen lau probak amaitu zirenean, Otaegi zen lehena, baina korrikako hiru kilometroak osatu aurretik aurrea hartu zion Zalduak. Xabier Orbegozo Arria V.a izan zen hirugarrena, eta atzetik sailkatu ziren Luis Mari Txapartegi, Aratz Mugertza, eta Joxean Olaskoaga Aizperro.

Maila oneko saioa egin zuen Zalduak. Iazko garailea izaki, faborito nagusien artean zegoen, Otaegirekin eta Orbegozorekin batera, eta hiruretako inork ez zuen hutsik egin. Zalduak berak aitortu zuen lan izugarria egin behar izan zuela txapelari eusteko: «Aurten zailagoa zegoen. Iazkoari meriturik kendu gabe, baina hor zegoen Arria, eta bagenekien zein indartsu zegoen Otaegi».

Asko estutu zuen Zizurkilgoak. Harri lanetan hobekien moldatu, eta lehendabiziko postua garesti salduko zuela iragarri zuen, hain maila onean arituta. Atzetik, Zaldua eta Orbegozo aukerari heltzen saiatu ziren, eta azkenera arte sinetsi zuten beren aukeretan. Zalduak bazekien korrikako saiora denbora askorik galdu gabe iritsiz gero izango zuela aurrea hartzeko aukeraren bat, eta halaxe izan zen.

Maila oneko saioa egin zuten kirolariek, eta zaleek gozatu egin zuten Azpeitian. Jende asko bildu zen lehia ikustera: 1.500 lagunetik gora. Lan luzeak bezain gogorrak zituzten egiteko, eta jendeak jakin-mina zuen, amaitzen lehena nor izango. Zaldua izan zen: «Azken entrenamenduak oso onak egin nituen, eta fisikoki ondo sentitzen nintzen. Urduri egon arren, oso ondo sentitu naiz lan horiek egiten». Halako lanak gogorrak izan arren «gustura» egiten dituela adierazi du Zalduak: «Banuen beldur pixka bat harriak nola irtengo zuen; balantza batzuk egin ditut, baina normala da gure pisuarekin».

«Edozein akats txikik» proban eragina izan zezakeen, eta, hori jakinda, tentuz aritu zen txapelduna. Ez zegoen hutsik egiterik baldin eta berriz ere irabazle izan nahi bazuen: «Agian egurrak iaz baino gogorxeagoak ziren, eta hor denbora galdu dugu denok».

Zalduak badu atleta sena, eta probak ondo prestatu zalea da. Herri kirola osasuntsu dagoen seinale da hori: «Duela urtebete zenbaitek esan zuen ez genuela bukatuko, eta hara. Guztiok amaitu dugu proba, osorik gainera».

Korrikako proban egindako lanak bururatu zion txapela, baina aurrez egindako lanik gabe ezinezkoa zukeen halakorik egiterik. Sentipenen arabera jardun zuela adierazi zuen lanak amaitu berritan: «Banekien iaz baino denbora gutxiago egingo nuela harriarekin, urte osoan ibili naizelako. Halere, ez nuen asko estutu nahi, harriak jipoi handia ematen baitu, eta kontrolatuz joan naiz une oro». Saioak aurrera egin ahala, gero eta hobeto moldatu zen lanak osatzen, probaren erditik aurrera egokitu baitziren aizkora edo korrika; horietan du, hain zuzen eskarmentu gehien.

Zaleei eskerrak

Zumarragako kirolariaren ustez, «eskertu» egin behar da zaleek izandako erantzuna: «Bai kontrakoei, bai aldekoei, denei eman behar zaizkie eskerrak, giro ona jarri baitute etorri diren guztiek».

Txapeldun izango zela jakinda, besoak altxatuta egin zuen lasterketako azken itzulia. 100 kiloko bolari 25 altxaldi egin, 400 kiloko harritzarrarekin bi plaza osatu, hiru kana-erdiko ebaki, 50 kiloko txingekin sei plaza egin, eta korrika hiru kilometro zezen plazari jiraka. Horixe da euskal pentatloia, eta, bigarrenez jarraian, txapeldun bera du. Indartsuena izan da berriz ere, eta berretsi du baduela hauspoa lan luzeetarako: 38 minutu eta 30 segundoan osatu zituen lanak.

Hauspo horrekin egin du bigarrena eskuratzeko lorpena, eta bere ahal fisikoak eta aurkarienak hauspotu du herri kirola. Hamabi lagunek parte hartu dute aurtengo ekitaldian euskal pentatloian, baina irrikaz geratu ziren beste herri kirolari ugari. Datorren urtean izan beharko du. Ikusgai dago datorren urtean egingo den ala ez, baina, egitekotan, Zaldua ez da urrun ibiliko. Garaipen osteko irribarreak iradoki zuen neke guztiak gainditzen dituela halako garaipen batek. «Ederra da hau», esan zuen amaitzean, publikoari begira zela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna