Joseba Ezkurdia

Jada ez da kasualitatea

Bigarren urtez jarraian, lau eta erdiko txapela jantzi du nafarrak. Oso pozik dago, harro, baina lanean jarraitu beharra daukala aitortu du.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
jon eskudero
Arbizu
2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Munduan ez dira asko izango biharamuneko buruko minak jota pozez gainezka igarotzen dutenak astelehena, baina Joseba Ezkurdiak halaxe igaro zuen atzoko eguna, eta ez zen gutxiagorako. Besteak beste, lau eta erdiko bigarren txapela jantzi baitzuen bezperan, Iruñean, Nafarroa Arena pilotalekuan, Jokin Altunari 22-16 irabazita. Apustuak nabarmen kontra izan arren, pronostikoak hautsi eta garaipen handia eskuratu zuen Arbizukoak. Ospakizunak ez ziren txikiagoak izan. «Afari ederra egin genuen herriko pilotalekuan. 120 bat lagun bildu ginen, eta dantzak eta kantuak toki handia izan zuten. Luze joan zen gaua, baina okasioak merezi zuen. Herriaren maitasun handia sentitzen dut, eta oso harro nago lortu dudanaz». Heldutasunera iritsita, urte eta erdian hiru txapel eskuratu ditu Aspekoak.

Finalak eragiten duen presioa ahaztuta, lasai igaro zituen partidaren aurreko egunak txapeldunak. Lasaiegi, haren ingurukoen esanetan. «Lo oso ondo egiten nuen, eta inoiz baino lasaiago nengoen finalari begira». Ziurrenik, guztiek Altuna III.a oso faborito jotzen zutelako. «Presio guztia harengan jarria zuten, eta horrek niri mesede egin zidan, eta hari kalte. Prentsak lasai utzi ninduen finalaren atarian, eta entrenamenduetan bikain prestatu nuen finala». Ilusio berezia zeukan txapela janzteko. «Erakutsi nahi nion neure buruari iazkoa ez zela kasualitatea izan. Ingurukoekin eta neure buruarekin sentitzen nuen zor hori. Lehen txapela beti izaten da berezia, baina hau ere oso maitatuaizango dut». Dagoeneko tokia egin dio txapel berriari. «Amaren etxean jarri dut, beste bien alboan. Inork ez ditu amak baino hobeto zainduko».

Ezkurdiak bazekien ongi iritsi zela finalera, baina inoiz baino gehiago gozatu zuen. Asko lagundu zioten final aurreko minutuek. «Beroketa lanean ari nintzela, ongi ikusten nuen neure burua, baina lanak erdi eginda banitu bezala sentitzen nintzen. Akaso tentsio apur bat falta nuen». Horregatik, entrenatzaile fisikoak eten egin zion beroketa lana, sorpresa bat emateko. «Bideo bat erakutsi zidan sakelakoan, eta bideo horretan nire inguruko guztiak azaltzen ziren: familia, lagunak eta abar. Guztiek mezu bana bidaltzen zidaten, eta nik ez nekien ezer. Horrek izugarrizko bultzada eman zidan partidarako. Emozioz negar egin nuen, eta oso lagungarri egin zitzaidan txapela irabazteko».

Hotz pentsatuta, finalak bizpahiru gako izan zituela gogoratu du. «10-7 galtzen ari nintzela, apuratu samar sentitu nintzen, eta zortzigarren tanto hori nik egin izanak arnasa eman zidan. 16-12 aurretik ere joan nintzen, eta tanto bakarrera gerturatu zitzaidan gero, 16-15. Sakez min handia egiten zidan, baina hortzak estutzeak asko balio izan zidan». Hemezortzigarren tantotik aurrera sentitu zen ondoen. «Banekien azken txanpan beste indar bat atera behar nuela, eta hor erabat sinetsita jokatu nituen azken tantoak. Egun biribila izan zen». Fisikoaren garrantzia aipatu zuen Arbizukoak. «Oso fresko sentitu nintzen une oro, gorputzari bikain ematen bainion buelta. Entrenamenduetako sufrikarioak emaitza ekarri zidan. Altuna III.ak behera egin zuen fisikoki bigarren zatian».

Amets, buruz burukoa

Denbora gutxian jauzi izugarria eman du Ezkurdiak, eta noizbait buruz buruko txapela janztea gustatuko litzaioke. «Horixe daukat jomugan. Ez da obsesio bat, baina bai ametsa. Lehiaketa guztietan txapela duten pilotarien zerrendan sartzea gustatuko litzaidake. Lanean jarraituko dut». Buruz burukoaren aurretik, binakakoan parte hartuko du nafarrak. Gaur aurkeztuko dute txapelketa, Bilbon.

Iaz binakakoan garaile izan zen Ezkurdia, Jose Javier Zabaleta atzelaria lagun zuela. Hura izan zen profesionaletan irabazi zuen lehen titulu handia, lau eta erdiko lehen finala irabazi baino zazpi hilabete lehenago. Banakako txapela zain du oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.