ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Zientzia dekolonizatzen

2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Duela 50 urte, euskara zientziaz aritzeko eta zientzia egiteko beste edozein hizkuntza bezain egokia zela frogatu nahi izan zuen gazte-talde batek. Eta Elhuyar sortu zuten. Orain, Afrikan, Masakhane MT: Zientzia dekolonizatu egitasmoa sortu du beste talde zabal batek, helburu berberarekin: terminologia zientifikoa osatzea hango hizkuntzetan, garapen zientifikoa bultzatzeko, beren hizkuntzetan, eskoletan zein lantokietan.

Masakhane hitzak «elkarrekin eraikitzen dugu» esan nahi du isiZulu hizkuntzan. Hizkuntza horrek ez du berezko hitzik birusak eta bakterioak bereizteko, ezta dinosauro esateko ere. Eta antzekoa gertatzen da Afrikan hitz egiten diren gainerako 2.000 hizkuntza ingurutan ere. Horren ondorioz, ingelesez ez dakiten milioika afrikarrek ezin dute zientziaz hitz egin, zientziak ikasi ezta zientzietan lanik egin ere, eta, beraz, ez dute garatzeko aukerarik.

Gabezia horrek alderdi guztietan eragiten du. Esate baterako, ingelesa da ingurumen-kudeaketaren eta kontserbazio-gaietako hizkuntza nagusia. Horrenbestez, biztanleek ez dituzte ulertzen arlo horretako mezuak eta kontzeptuak, eta baztertuta geratzen dira ingurumen-planen diseinuan eta betetzean.

Masakhane egitasmoaren bidez, Afrikan egindako ehunka ikerketa, zientzia eta teknologiako diziplina askotakoak, itzultzen ari dira hainbat hizkuntzatara. Horretarako, itzultzaile automatikoko sistemak garatu dituzte, adimen artifizialean oinarrituta. Termino guztiek, baina, ez dute ordaina; beraz, itzultzearekin batera, terminoak sortzen ari dira.

Terminoak sortzeko, etimologiara jotzen dute batzuetan; adibidez, planeta antzinako grezieratik dator, eta «alderrai dabilena» esan nahi du. Hala, umhambi hitzaren bidez itzuli dute planeta isiZulueraz, hitz horrekin deitzen baitiote alderrai dabilenari. Beste batzuetan, berriz, deskripzioak edo azalpenak erabiltzen dituzte; horren adibide da fosil hitzaren ordaina: amathambo amadala atholakala emhlabathin, hau da, «lurrean aurkitutako hezur zaharra».

Osatzen ari diren glosarioekin itzultzaile automatikoak hobetzen dituzte, eta, horrez gain, online jarri dituzte, eskoletan, unibertsitateetan eta teknologia-konpainietan erabil ditzaten, baita komunikabideetan ere.

Izan ere, horixe da egitasmoaren balio nagusietako bat: eskuragarria izatea denentzat. Horrekin batera, ezinbestekotzat jotzen dute ikuspegi afrikarra izatea, sinetsita baitaude ez dagoela beste modurik europarzentrismoari aurre egiteko. Elkarlanean, komunitatearen indarrean eta diziplinartekotasunean oinarritzen dira, eta onartzen dute denek egin ditzaketela ekarpen esanguratsuak. Adeitasuna, irekitasuna, etika eta iraunkortasuna ere egitasmoaren funtsezko balioak dira. Azken xedea, berriz, herritarrek bere egitea kultura zientifikoa. Horretan ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.