Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Lorazepam (1/2) mg

2016ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Ostiral arratsaldez anbulatorioko egongelan. Gorputza inplosionatzeko zorian, nire aurpegiko azala 450º Farenheiteraino iritsi da. Eskuan Fernan-Gomezen El viaje a ninguna parte liburua daramat: komiko kuadrilla baten desio eta frustrazioen bidaia da. Nire entzungailuetatik Radio Maria aspaldi diharduela jabetu naiz, eta ez nau aztoratu. Medikua atera eta bere ezpainetan «Angel!» irakurtzea iruditu zait. Hori edo «alde!». Kolokan sartu naiz, ea kolokatzen nauten.

«Jarri zaitez, Angel» —dio adeitasunez doktoreak—. «Kontaidazu, nolatan iritsi zera hona?». «Tontoa naizelako, nagusiki». «Diagnostikoa utzi niri, arren». Ozta-ozta hartzen dut aire ahokada, estertore gisa, eta hitz bat bota aurretik negar bizian nago, txikitatik nire glanduletatik malko bat sekula isuri ez banu bezala. Lotsatuta, barkamena eskatzen diot; ahulezia azaltzeko lotsak beste edozein gogoeta gainditzen du.

«Ba, begira, ETBrako saio berri bat zuzentzea onartu nuen, aldez aurretik jakinda astebeteko epea oso eskasa zela dena prestatzeko, ausarkeriazko erronkak maite ditut eta. Baina gero halako saio bat egiteko lantalde minimoaren %25 ginela ohartu nintzen. Sinesgaitza. Eta astakirtena naizenez, aurrera ekin nion, egunero erregutuz, lantalde murriztuena bazen ere. Erantzuna beti berdina, murrizketak direla eta, orain ETBn horrela egiten dela lan. Ez nion ekoiztetxeari ezer sinetsi, batez ere ezagutzen ditudalako martxan dauden tankerako saioak, lantalde eta baliabide askoz handiagoekin».

«Agian ez zaude ohituta holako erantzukizunetara, batez ere lantalde txikiekin». «Akatsak egingo nituen, baina sinetsidazu, nire epitafioan Lantalde murriztuen putoamoa jarriko dute». Berriz, lotsatu egin naiz. Medikuaren poker aurpegiak ez du preziorik. «Hiru astetan ez nuen ez goserik ez logurarik». Medikuak «klaro, klaro», buruarekin gaitzesten, «argi dago zure gaitza». «Nik argi daukat estresak ez nauela menderatu, ezintasunak baizik. Bi astera, kale erdian, jendaurrean, lantalde minimoa behin eta berriz aldarrikatzen, erabat eraitsi nintzen». Medikua, harrituta, egoera honen arduradunen informazioa atera nahian dabil, sindikatu bati ohartarazteko-edo, baina ez dut asmorik ezta indarrik ere ezer salatzeko. Pilulak hartu eta banoa lebitatzen.

Nire lehen baja laborala eskuetan, nire lehen antsiolitikoa eztarritik behera. Lehenbizikoz Coldplay nire aurikularretan, benzodiazepina musikalarekin gozatzen ari naiz. Lehenbizikoz, zoriontsua naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.