BAKARRIZKETA

Metabertsotik kaleratuak

Mark Zuckerberg. META / EFE.
Irune Lasa.
2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
1 Ez da gauza bera erosketak saltokietan egitea edo online. Kalera irten, dendaz denda ibili, jendez inguratuta... Jakinekoa zen hori itzuliko zela pandemiaren ostean; animalia sozialak gara. Animalia sozialak... Batzuk gehiago eta besteak gutxiago. Hain zuzen, Mark Zuckerberg ez da ezaguna bere jendetasunarengatik. Beharbada, horregatik, harentzat ustekabea da jendea atzera saltoki fisikoetara itzuli izana eta, ondorioz, merkataritza elektronikoak pandemian izandako hazkundea nabarmen moteldu izana. «Gauzak ez dira joan nik espero nuen moduan, edo denok nahi genuen moduan», azaldu du aste honetan.

2 Baina, Facebooken, berez, ez da salerosketarik egiten, ezta? Ezta Instagramen eta WhatsAppen ere, eta ez da ahaztu behar Meta haien jabea dela. Egia da merkataritza elektronikoa ez dela Metaren diru iturri nagusia, baina bai iragarkiak. Pandemia garaian, erosleengana iristeko, sare sozialetan gastu handia egin zuten tamaina guztietako negozioek; baina orain, saltoki fisikoak abian dituzte, eta, aldi berean, kontsumoa murriztu du inflazioak, eta kalte egiten die. Hots, iragarkietara eta sare sozialetara —eta Metara— diru gutxiago doa.

3 Izango dira, bada, horri aurre egiteko gai; ez da Zuckerberg munduko gizonik aberatsenetakoa? Hein handi batean, Metak zenbat balio duen, horren araberakoa da Zuckerbergen aberastasuna. Eta aste gutxitan Metaren merkatu kapitalizazioa 700.000 milioi euro murriztu denez, eta Zuckerberg Metaren %13ren jabea denez, dirutza galdu du; gutxienez, 88.000 milioi euro. Jakina, gainerako akziodunak ere ez daude pozik, besteak beste, Meta errealitate birtualean, metabertsoan, egiten ari den ahaleginak ere ez dirudielako fruitu askorik ematen duenik.

4 Arazoak meta-tzen ari zaizkie, orduan. Txantxak egin daitezke, bai; baina Metak 11.000 langile kaleratuko ditu, bere langile taldearen %13. Hori ere jakinarazi du Zuckerbergek aste honetako batzarrean, eta gaineratu inoiz egin duen deirik zailenetako bat zela.

5 Deia? Bai, erabakiaren berri Zoom bidez egindako batzar batean eman du.

6 Dedio! Hori ere Internet bidez... Zer pentsatua ematen du, ezta? Metabertsoan ez da errazagoa izango langile bat botatzea? Nola sentituko ote da langile bat metabertsoko abatar batek kalera doala jakinarazten dionean?

7 Ene... Badaezpada, hobe bertsotan edozein metabertsotan baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.