Mallorca 2 Eibar 1

Ohitura bilakatu du

Iaz gertatu bezala, Eibarrek galdu egin du ligako estreinako partida talde igo berri baten aurka. Eibartarrak eskas aritu dira defentsan

Pedro Leon, baloia jaso nahian, atzo. CATI CLADERA / EFE.
jon eskudero
2019ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Mallorca. Reina; Joan Sastre (Xisco Campos, 85. min.), Valjent, Raillo, Agbenyenu; Baba, Febas (Trajkovski, 74. min.), Salva Sevilla; Dani Rodriguez, Budimir (Alex Alegria, 66. min.)eta Lago Junior.

Eibar. Dmitrovic; Roberto Correa (De Blasis, 83. min.), Oliveira, Ramis, Tejero; Pedro Leon, Sergio Alvarez, Escalante (Edu Exposito, 31. min.), Orellana; Kike Garcia eta Enrich (Quique Gonzalez, 76. min.).

Golak. 1-0: Dani Rodriguezek (4. min.); 1-1: Oliveirak (57. min.). 2-1: Oliveirak, bere atean (75. min.).

Epailea. Melero Lopez. Txartel horiak: Mallorcako Joan Sastreri eta Salva Sevillari; eta Eibarreko Sergio Alvarezi, Edu Expositori eta Orellanari.

Bestelakoak. 15.127 ikusle Son Moixen.

Aurtengo denboraldia ere ez du nahi bezain egoki abiatu Eibarrek. Eskarmentua lagun, aurreko sasoietako akatsak zuzentzea zuen helburu Jose Luis Mendilibarren taldeak, eta entrenatzaileak abisua emana zuen oso zela garrantzitsua lehiari bide onean ekitea. Bada, kale egin zuten eibartarrek. Iaz Huesca igo berriaren kontra bezala, atzo ere galdu egin baitzuten beste igo berri baten aurka, Mallorcaren kontra, haren zelaian. Galtzeaz gain, irudi kaskarra eskaini zuten, gainera. Denboraldi-aurreko jokotik urrun aritu ziren. Partidari ekin bezain laster hartu zuen aurrea Mallorcak, eta bigarren zatian Eibarrek lanak berdindu bazituen ere, ez zuen puntuari eusterik izan.

Ezin okerrago hasi zuen partida Eibarrek. Lehen bi minutuetan bi abisu eman zituen etxeko taldeak, eta hirugarrenean ez zuen barkatu. Defentsako lerroan aurreratuta kokatu ziren Mendilibarren jokalariak, baina goian presiorik egiten ez zutenez, eroso jardun zen Mallorca. Zelai erditik arearako bidea erraz egiten zuten etxekoek, eta era horretan heldu zen 1-0ekoa, Dani Rodriguezen eskutik. Urduri eta galduta sentitu ziren eibartarrak, ohiko izaera eta nortasunetik urrun. Sormen jokoan azaldu ere ez ziren egin lehen ordu erdian, eta zertara jokatzen zuen ere ez zuen jakin izan taldeak. Oso kezkagarria izan zen neurketaren lehen zati luzea.

Hori ikusita, aulkia mugitu eta lehen aldaketa egin zuen Mendilibarrek. Escalante kendu eta Exposito zelairatu zuen 31. minutuan. Goiz izan arren, beste erremediorik gabe sentitu zen zaldibartarra. Eta asmatu egin zuen. Izan ere, pixkanaka behetik gora egin zuen Eibarrek. Mallorca bera ere sendotu egin zen, baina bestelako jokoa egiteari ekin zioten bisitariek. Irizpide gehiagorekin jokatu zuten baloia, eta batez ere Orellana eta Pedro Leonen arteko jokaldiek mesede egin zion taldeari. Bi hegaletatik min egin zuten bi jokalariok. Lehen zati amaieran bezala, bigarrenaren hasieran ere nabaria zen Eibar gehiago zela, eta 57. minutuan iritsi zen banakoa. Korner batean jasotako aldaratzea sareetara bideratu zuen baloia Oliveirak.

Zoritxarreko jokaldia

Berdinketa egin eta lehen helburua beteta, Eibarrek berak ere intentsitatea jaitsi egin zuen apur bat. Kontuak asko berdindu ziren lehiaren azken ordu erdian, baina bazegoen alde nabarmen bat: Eibarrek aurkariaren areara iristeko baloia asko mugitu beharra zuen, eta Mallorcak aski zituen bi pase zuzen arriskua sortzeko. Era horretan egin zuten etxekoek garaipenaren gola. Zuzen jokatu, eta hegaletik egindako erdiraketa batean bere atera bidali zuen baloia Oliveirak. Zoritxarreko jokaldia izan zen. Azken txanpan saiatu zen binakoa egiten Mendilibarren taldea, baina ez zuen lortu.

Gauzak horrela, beste behin gorako joera hartu beharrean dago Eibar, baina ez du erraza izango, laugarren jardunaldira arte ez baitu Ipuruan jokatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.