Haro 1-2 Osasuna

Berandu, baina garaiz

Osasunak asko kostata irabazi dio Harori. Suspertu egin da azken txanpan, eta emaitza irauli. Chimy Avila erabakigarria izan da berriz

Osasunako jokalariak, Chimy Avilaren gola ospatzen, atzo, Haron. Gol horrek eman zion garaipena. ABEL ALONSO / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Mikel Buenok (73. min.). 1-1: Nacho Vidalek (75. min.). 1-2: Chimy Avilak (90. min.). Epailea. Del CerroGrande. Txartel horiak Haroko Oscar Lozari eta Armando Corbanali; eta Osasunako Juan Villarri. Bestelakoak. 3.800 ikusle inguru El Mazonen.

Osasunak egin beharrekoa egin zuen atzo, Espainiako Kopako bigarren kanporaketa gaindituta. Nahitaez irabazi behar zion Espainiako Bigarren B Mailako Harori, eta ez zuen hutsik egin. Hori bai, izerdiaren bidetik sailkatu zen final-hamaseirenetarako. Espainiarrak oso aurkari deserosoa izan ziren, eta ataka estuan jarri zuten Iruñeko taldea. Azkenera arte borrokatzera behartu zuten, 72. minutuan aurrea hartu ostean. Neurketa eskasa egin zuten gorritxoek, baina, bederen, garaiz itzali zuten sua, azken ordu laurdenean emaitza iraulita. Suhiltzailea, nola ez, Chimy Avila izan zen: hark sartu zuen garaipenaren gola, arauzko denbora amaitzear zela.

Ezustekoei bide ez ematea eta kanporaketa ahalik eta errazen gainditzea zen nafarren asmoa. Horregatik, osoki lehen taldeko jokalariz osaturiko hamaikakoa zelairatu zuen Jagoba Arrasatek. Asko ordezkoak ziren, baina taldeak bazuen nahikoa berme bi maila beheragoko talde bati arazo handiegirik gabe irabazteko. Ordea, futbolean ez du beti indartsuenak irabazten, eta Harok desafio egin zion logikari. Jokamolde sendo eta oldarkorra erabili zuen horretarako. Gorritxoen gainean egon zen une oro, eta, horri esker, teorian aurkariarekiko zuen desabantaila gutxitu zuen.

Osasunak agintari ekin zion neurketari, baloia bere eginda, baina sekulako arazoak izan zituen espainiarren arean arriskua sortzeko. Argitasuna falta izan zitzaion azken metroetan, eta, hala, ezin izan zuen desegin aurkariak ehundutako amauraun trinkoa. Hamargarren minutuan, baloia sarera bidali zuen Juan Villarrek, baina gola baliogabetu zuen epaileak, aurrelaria jokoz kanpo zegoelakoan. Hortik aurrera, Unai Garciak korner batean buruz egindako errematea izan zen lehen zati osoan gorritxoek eduki zuten gol aukera ia bakarra.

Hori gutxi balitz bezala, akats inozoak egin zituzten baloia atzetik ateratzean, eta, hala, Juan Perezen ate ingurura iristeko aukera eman Harori. Esaterako, 21. minutuan: Joseba Garciak gora errematatu zuen plantxaz. Beste arrisku jokaldi batzuk ere izan zituzten etxekoek, baina azken pasean asmatzea falta izan zitzaien.

Haroren poz iragankorra

Nafarrak kezkatzen hasiak ziren, eta estutu egin zuten atsedenaren ondoren. Lehen gola sartzear izan ziren 55. minutuan, baina langarekin egin zuen topo Meridak faltaz egindako jaurtiketak. Minutuen joanean, partida lehen zatiaren tankera hartuz joan zen, eta Haro balentrian sinesten hasi. Are gehiago 73. minutuan 1-0ekoa sartu eta gero. Diengek baloia ostu zion Estupiñani, eta Mikel Bueno aise gailendu zen arean. Arrasatek Adrian eta Chimy Avila zelairatu zituen, eta bi minutu geroago iritsi zen banakoa. Atezaina tokiz kanpo zela baliatu zuen Vidalek. Eta, lehia luzapenera joango zela zirudienean, gorritxoen bigarrena egin zuen argentinarrak, indarra eta klasea uztartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.